Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Ekainaren 18a
90 urte Daniela Albizu sortu zela - Adixkideak elkartearen besta - Herriko apeza kargutik kenduta - Gasna banaketa - Gabriel Telletxea gogoan - Gorka Perez Ihidoi, garaipenaz garaipen - Errugbiaren besta
90 urte Daniela Albizu sortu zela
Daniela Albizu Berasategi, Urruñan sortu zen 1936ko maiatzaren 23an. Lanbidez irakaslea izan zen eta horretaz gain euskaltzale sutsua eta hautetsi abertzalea Herriko Etxean. Artikulugintzan, kulturgintzan eta itzulpengintzan lan ugari plazaratu eta Gure Irratian saio anitz egin zituen. Olerkiak, narrazioak, ipuinak, antzerkiak… idatzi zituen, eta bospasei liburu argitaratu. Euskararen eta euskal kulturaren erreferentzia izan zen Urruñan eta Lapurdi osoan. Herriko Etxearen aitzineko plazak bere izena du. 2015eko otsailaren 26an zendu zen, 78 urte zituela.
Adixkideak elkartearen besta
Urtero, Adixkideak elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek kurtso bukaerako jaialdia eskaintzen dute. Aurten ere, gauza bera eginen dute. Ekainaren 20an, larunbatez, eta Zokoa auzoko kiroldegian, honako ekitaldiak izanen dira: (14:00) ikasleen kurtso bukaerako kontzertua, (18:00) karate erakustaldia, (18:40) tai ji erakustaldia, (19:00) elsa erakustaldia eta (19:45) eva erakustaldia. Horien ondotik, (19:45) aperitifa, taloak eta mutxikoak. 21:00etatik goiti dantza koreografia. Ekainaren 21ean, igandez, eta Zokoako kiroldegian, (12:30) piknik familiarra; bakoitzak bere bazkaria eraman behar du. Musika izanen da bazkalondoa alaitzeko.
Herriko apeza kargutik kenduta
Ekainaren 3an, asteazkenez, Urruñan, herriko jaun erretora galdezkatua izan zen eta, horren ondotik, Baionako apezpikuak kargutik kentzea deliberatu zuen, eta haren ordenaren Beziers-eko fraide-etxera igorri, hor epaiketaren aiduru egon dadin. Aipatu hirian apez lanetan aritu zen garaian, adingabe bati egindako sexu erasoa leporatzen diote eta apezak erasoa egin izana ukatzen du. Ekainaren 6an, larunbateko mezan, eta ekainaren 7an, igandekoan, apezpikuak bidali mezua irakurri zuten, urruñar giristinoei gertatutakoa azalduz.
Gasna banaketa
Orain arte, larunbatero plazan egiten zen goizeko azokan, Ostanko herriko Haitzpea etxaldeko Txomin Idiarten gasnak salgai izaten ziren. Orain, manaketa telefonoz egin behar da, 06-77-27-52-21 telefonora deituz, eta gasna jaso ahal izanen da Dongaitz trinketean eta Plazan ostatuan.
Gabriel Telletxea gogoan
Maiatzeko azken astean, Gabi Clerc anderea, sortzez Telletxea, Paxkal semea eta Mikel eta Elena Clerc semetto-alabattoak, Urruñatik Alemaniako kontzentrazio-esparru ohira abiatu ziren, aitatxi Gabriel Telletxea hil eta desagerrarazi zuten tokira. 1944ko urtarrileanGestapokoek atxilotu eta, espioitza eta terrorismo egotzirik, Bordeleko Hâ-ko gotorlekuan sartu zuten preso. Beranduago, Alemaniara igorri zuten. 1945eko apirilaren 4an, Buchenwalden, Dorako kontzentrazio eremuan zeukatela, eritu eta bertako erizaintzan zendu zen, 26 urte zituela. Gauzak horrela, Gabriel Telletxea deportazioan hil zen eta nehoiz ez zuen ezagutu bera atzeman izan eta hiru hilabetera sortu zen Gabi alaba. Orain, bidaia honekin, familiak aitatxiren oroimena berreskuratu nahi izan dute.
Gorka Perez Ihidoi, garaipenaz garaipen
Herrian badugu Yoseikan Budo arte martziala irakasten duen Amets Elkartea, euskaraz eta frantsesez aukeran. Jadanik, urtero ematen dituzten kurtsoak biziki ezagunak ditugu herrian. Erakaslea Gorka Perez Ihidoi gaztea dugu (Pagola, 1996), gure gazte eta haurren artean kirol hau hedatzen duena. 2015ean Euskal Selekzioa antolatu zuten nazioartean aurkezteko, baina 2017an, Frantziako Federazioak debekatu zien Euskal Selekzioaren izenean aurkeztea. Aurten, apirilean, Yoseikan Budoko Frantziako txapelketa irabazi du, bigarren aldiz, iaz ere irabazi baitzuen. Horretaz gain, aurten ere, Frantziako FFKDA delako arlo-arteko txapelketa irabazi du. Aupa Gorka!
Errugbiaren besta
Ekainaren 27an, larunbatez, Urruñarrak Errugbi elkarteak bere besta eguna ospatuko du herriko estadioan. Maila guzietako errugbi partidak eta euskal kirolak (10:00). Aperitifa musikaz animatua eta herri bazkaria (12:00). Menua: bakailao moleta, entrekota eta fritak, gasna eta deserta; edariak: arnoa eta kafea. Prezioa: 25 euro, haurrendako menua 12 euro. Izen ematea hilaren 15a aitzin egin behar zen. Harremana: 06-07-76-52-44.





