Mundu zabalean | 2026ko Ekainaren 18a
Abiadura Handiko Trenen proiektuak
M.O.
Grand Projet du Sud-Ouest (GPSO) deitu proiektuak bi abiadura handiko trenbide (AHT) eraikitzea aurreikusten du, alde batetik Bordele/Tolosaren artean eta bestetik Bordele/Akizeren artean. Argumentu nagusia da bidaia denborak murriztea eta Europako abiadura handiko tren sarearen indartzea.
Azpiegituren Orientazio Kontseilua
Azpiegituren Orientazio Kontseiluaren (COI) misioa da, eredu ekonomikoan eta finantzaketetan, ikerketak egitea. Ondotik frantses gobernamenduari mugikortasun eta garraioan inbestimendu politikoetan egin lanketaren berri emaiten du. Estatuaren eta eragileen artean inbertsio publikoen orientazioak eta lehentasunak zein diren aurkezten ditu.
Apirilean, Azpiegitura Orientazio Kontseiluak Grand Projet du Sud-Ouest/Ligne nouvelle du Sud-Ouest (GPSO/LNSO) deitu proiektuari buruz egin dituen ebaluazioak plazaratu ditu. Ondorioak argiak dira, Abiadura Handiko Trenaren bultzatzaileek dituzten ilusioak airatzen dira.
Lehenik agertzen da bi proiektuak ez direla finkatuak diren epean burutuko, onenean Bordele/Tolosa linea 2035ean eta Bordele/Akize 2042an. Errana da Akize/Hendaia zatia, epe mugagabean atzeratua izanen dela. Irakurtzen ahal da: “Bordele/Akize linea berriak erabilgarritasunik ez du, Bordele/Hendaia trenbide klasikoa berreskuratu eta modernizatzeko ahaleginak jarraitzeari lehentasuna eman behar zaio”.
FNE frantses estatuko natura eta ingurumena babesten duten elkarteen federazioarentzat AHT bezalako trenbideen eraikitzeak trantsizio ekologikoarentzat eta mugikortasunarentzat ez ditu lehentasunezko betebeharrak betetzen. Federazioa ez da trenbideen garapenaren kontra, baina holako proiektu garestiek espazio naturalak suntsituko ditu eta eguneroko mugikortasun beharretara egokitu gabe geldituko dela gaitzesten du.
Denboraren irabazte ttipia
Bi AHTko trenbideen eraginkortasunari buruzko datuak ezagutzen dira. Bordele/Akize abiadura handiko lineak 49 minutuko bidaia ahalbidetuko luke, gaur egun 54 minutukoa delarik. Horrek frogatzen du ez dela irabazi handirik. Bordele/Tolosa linea berriari dagokionez, bere onura sozioekonomikoak eta ingurumen eraginak berrikusi behar direla errana da. COIk zalantzak ditu, ez baitu beharrezkoa den azpiegitura bezala ikusten.
Bigarrenik COIk dio proiektuaren finantzaketa aurreikusia zen bezala ez dela errealista. Estatua engaiatu zen dirulaguntza ekartzea, uste du zaila izanen zaiola. Bestalde Bordele/Akize linearen obrak gelditzen badira Europak eman behar zuen dirulaguntza ez da emana izanen.
30 miliar euroko aurrekontua
Aurrekontua ere anitzez apalagoa estimatua zen, iragarritako 14 miliar euroren ordez, azken estimazioen arabera, laguntza publikoa 20,4 miliar eurokoa da eta 27,6 miliar euro publiko-pribatukoa.
Dirulaguntzen murrizteak eta buxetaren leherketak proiektu hauek finantza gaitza bihurtzen dira, tokiko agintariek ezin baitute inbertsio zama bakarrik hartu, tokiko kolektibitateak dagoeneko zailtasun ekonomiko egoeran izanez.
Ingurumenarentzat kaltegarria
2015ean egin ikerketa publikoan tokiko jende gehienak proiektuaren kontra agertu ziren (%80). Proiektu horien kontra mobilizazioek segitzen dute, irakurtzen ahal da: “Alferrikakoa, jadanik behar diren trenbideak badira, bidaia denborak eta edukiera hobetzeko modernizatu daitezke. Trenak eguneroko garraiorako leku zentrala izan behar du. Holako proiektuak ingurumenarentzat kaltegarriak dira, 4.800 hektarea natural eta laborantza eremu suntsituak izanen baitira.”
Hautetsi batzuk ere kontra agertzen dira: “Ez gira finantza egoera onean holako azpiegituren finantzatzeko. Gaur egun beharrezkoak diren eguneroko lineen mantentzea eta berritzea da lehentasuna, hesteko arriskuan baitira. Beraz, zergatik milaka milioi euro gastatu trenbide berri batean? Estatuko eta lurraldeko agintarieri eskatzen diegu tokiko hautetsien eta populazioaren iritzia kontutan hartua izan dadin, COIren ebaluazio txostenak berretsi duena”. GPSO/LNSO proiektua berehala geldiaraztea galdegina da.
Aldekoak
Estatuak Bordele/Tolosa eta Bordele/Akize bi abiadura handiko trenbide berriak itzulezinak direla baieztatu du. Eta Akize/Hendaia? Renaud Lagrave, Akitania Berria eskualdeko presidenteordeak eta garraio eta mugikortasunaren arduradunak dio Bordele eta Tolosaren arteko abiadura handiko linea eginen dela. Gisa berean, Bordele/Akize abiadura handiko linea ere bai. Sébastien Lecornu lehen ministroak maiatzaren 7an protokoloa sinatu du, “proiektu hau orain itzulbiderik gabekoa” dela segurtatuz. 2032/2034an lineak martxan jartzea aurreikusia bada, Azpiegitura Orientazio Kontseiluarentzat (COI) beranta hartuko du, Tolosarako adarra 2035ean eta Akizera buruzkoa 2042an. Akize/Hendaia zatiari dagokionez, Renaud Lagravek eskualdeko kontseilariak baieztatu du “Estatuak zuzenean gauzatutako interes orokorreko programa da”.
Abiadura handiko trenbideen proiektuek bazterrak mintzen dituzte, kontrako manifestazioak antolatuak dira, tokiko mobilizazioak badira, Ipar Euskal Herrian ere horrela gerta daiteke.




