Orotarik | 2026ko Ekainaren 18a
Kukumarro
Xarles Videgain
Ordotsa, kotxoa eta arra, emea eta urrixa (2/2)
(Joan den astekoaren segida)
Urriza erraiten ez dutenek emea diote. Hala nola Hegoalde osoan kasik, edozein animale eme da ez balin bada ar. Nahiz idazle batek dioenaren arabera, txingurrien artean, zinaurrien artean batzuk arrak dira, besteak emeak eta besteak ez arrak eta ez emeak. Emea izan daiteke ximino emea, arto emea, xahal emea, azkon emea. Lapurdin “eme” xorietan erraiten zen gehienik. Egon naiz gogoetatzen zerendako ez den “eme” hainbeste erabili Iparraldean. Nago ohartu gabe edo ohartuki ez ote dugun lokarri bat egin eme, emeki eta emazte hitzen artean. Emeki joatean ez dugu erran nahi emazte bat bezala ibiltzea, baina astiro, errepuski. Oihenartek atsotitza badu zeinetan emea aipatzen duen, eta “goxo” erran nahi luke: “Aro emearen beha dagoena uda-neguetan, eskas date bere gauzetan”.Aroaz dio “eme” dela eta ez jendeaz ez kabalaz. Eta oraindikan “eme” erraiten delarik, batzuetan, ahul, indar handirik gabekoa ez ote da adierazten. Zaharrek zioten: “Enetzat eme izan dadin jujamendua (ez gogorra)”. Nehork ere ez du erraiten: “Enetzat ar izan dadin jujamendua”.Eta halako mespretxua adierazten du ondoko mintzatzeko manerak lapurtera garbian: “Hitzak dire emeak eta obrak arrak”. Zernahi gisaz beraz eme ez da anitz zabaldua izan ekialdean orain arte kabalen izendatzeko.
Goazen ikustera beraz zer den arra. Arra ere ez da hitz bakarra Iparraldean, eta hitz nagusia da Hegoaldean. Nagusi izateak indar ematen dio dudarik gabe kotxo, ordots hitzen jateko. Eta audela, badu beste zentzu anitz kabalez kanpo, hala nola zurerian edo metalgintzan. Ar eta eme ezagutzen da teknologian, bi zur puska, bata bestearekin sartu behar delarik ar eta eme aipatzen da, “tenon et mortaise” erdaraz. Eta ateratzen den tresna arra da hala nola gontze bat atea edo borta atxikitzen duena. Bestalde norbait axolagabe delarik edo deus guti erabakitzen ez duelarik erraiten da: “ez ar ta ez eme, ez alde bateko ta ez besteko”. Animaletan lapurteraz ere erabili da duela aspaldi eta Urtek (lapurtarra) dio: “Zamari har sendoak emea ikhusi eta irrintzin egiten du bethi”. Leizarragak haur batez ere erraiten du: “Erdi zen seme ar batez”.
Arra erran gabe, Iparraldean etxeko kabale handietan kotxoa aipatzen da, kotxo, kotzo edo krotxo ere, zakur handia potzo deitzen delarik. Garaziko Salaberri hiztegi-egileak dio: “Gizona kreatu zienak egin zitiela khotxua eta urrixa”. Eskualduna agerkarian agertu zen ondoko berria: “Galdürik izan direla gure herrian bi asto. Bata, bi urthetakoa, ürrüxa, küsküillü bat lephoan; bestia, hirur urthetakoa, kotxo”. Eta ere: “Ez eman lapin kotxoa urrixaren tegian baina ba lapin urrixa kotxoaren tegien”. Basurde kotzoak ere hala deitzen dira. Aldiz erran bezala, xorietan, animale tipietan, landareetan, kotxorik ez.
Azken arra falta da: ordotsa, orotsa. Kotzo bezala erabiltzen da etxeko kabale handietan. Baina ordotsak badauka beste erranahi bat, lehenago erran dut urriza bestaldean ez dela edozein urriza baizik eta behiaren ume emea, hots migantxa. Ordotsa ere han hemenka ez da zoinahi ar baizik eta urde arra, zikitatua ez dena, berrata, aketz edo apote ere deitzen dena. Urde ordotsa Santa Garazin bederen entzun dut.
Erranen didazu ibilaldi luze egiten dudala ar, eme, ordots, kotxo urriza hitzekin. Erdarek hitz bat edo beste sartu dute. Hala nola “matxo” hitza bakarrik mando arra deitzeko: ez da mando mula, ez da jenetre. Uste izateko da Nafarroan edo Espainiako ferietan erosten zirela matxo horiek eta tratulariak gazteleraz mintzo zirela ferietan “macho” erranez. “Umatxo” ere entzun dut, nik uste “un macho”-tik eta ez “ume”-tik. Euskaldunak gaztelerazko “un” hori sartu du hitzaren barnekoa balitz bezala.
Bizkaieraz beste hitz badabil: “enbra”.Latinez femina, frantsesez femme, gazteleraz hembra. Enbra kabaletan ez da erabiltzen, bakarrik emazte batez, aski arrunki nik uste. Bitxi dena, Lapurdin enbra deitzen omen zen orkatzemea, hots basihizi bat.
Azkenik beste bi elementu aipatu behar ditut: “jaun” eta “andere”. Ihizi batzuen izenak andere ekartzen du ala nola basandere, intsektu handi baten izena, adarrik gabekoa. Erran gabe doa adarrekilakoa basajaun deitzen dela. Bada ere ihizi prunta anddedder deitzen dena, hots andere-ederra, izan dadin ar ala eme. Ba omen da landare bat andere-mahats beltza deitzen dena eta uste dut “groseille noire” dela non ez den “cassis”. Andere-belarra begonia omen da. Larzabalen entzun nuen otatzeetan jiten zela idi-otea eta gogorrago zela andere-otea baino ihaurkin gisa erabiltzeko.
Bada ere Zuberoako gain haietan dabilen behien bideko andere xuria: hegaztin ederra sasoinean jiten dena. Behien bideko andere xurietan arrak badira.
Erleetan ere andere deitzen da erleen erregina. Eta mintzatu behar zaio: “Andere bil bil bil” edo “Andere hor jar” politezia handiz.
Izturitzeko Jean Baptiste Garra zenari zor diot “jaun” hitza. Egun batez erran zidan nola berriz atzeman zuen galdu zitzaion zakur ederra eta erran zuen: “Kasu zakur jauna duzu”. Ez zuen ez ar ez kotxo ez ordots erran, jaun aipatu zuen.
Barka izen bat edo beste eskapatu balin bazait.






