Ba ote dakixu? | 2026ko Ekainaren 18a

Fronte Popularra (¾)

Gilen Bacho

Leon Blum 1936ko ekainaren 4an kontseiluko presidente bihurtu zen eta bere gobernua osatu zuen, ministro sozialista eta erradikalekin. Komunistek gobernua sostengatzen zuten baina gobernuan parte hartu gabe. Denbora batean zeinean emazteek ez zuten ere bozka eskubiderik (senatuaren blokatzearengatik), Léon Blumek hiru emazte izendatu zituen bere gobernuan: Cécile Brunschvicg, Suzanne Lacore eta Irène Joliot-Curie (kimikako nobel sariduna).

“Greba bat bukatzen jakin behar da”

Gobernu berriaren lehentasuna zen “greba alegeretan” sortu zen esperantzari ihardestea. Ekainaren 7an, Blumek nagusien (CGPF) eta langileen (CGT) ordezkariak bildu zituen Matignongo hotelean. Matignongo akordioak gau berean sinatuak izan ziren, aitzinamendu sozial handiak finkatuz: hitzarmen kolektiboak, soldaten goratzea (%15ekoa), sindikal libertatearen bermatzea, langileen ordezkarien sortzea. Sustut, Léon Blumek ekainaren 5ean jada jakinarazi zuen bezala, bi neurri nagusienak ziren 40 oreneko astea (48ren orde) eta bi asteko opor ordainduak. Neurri horiek finkatu zituen legea ekainaren 11n bozkatua izan zen, kasik aho batez (diputatu bakar batek kontra bozkatu zuen!). Opor ordainduen sortzea neurri iraultzaile bat zen. Lehen aldikoz, langileek bakantzak hartzen ahalko zituzten eta pagatuak gainera, ez zen holakorik amesten ere ordu arte! Langileek, grebalariek, aitzinamendu sozial handiak lortu zituzten (nagusiek eta eskuinak onartu zituztenak, itxuraz bederen!) eta horregatik Thorez komunista liderrak esaldi famatu hau ukan zuen ekainaren 11n: “Greba bat bukatzen jakin behar da nahi dena erdietsia delarik” (usu esaldiaren bigarren zatia ahantzia da...). Eta egia “nahi (zena) erdietsia” izan zela.


“Uda alegera”, zerua goibeldu aitzin

“Greba alegeren” ondotik, “uda alegera” izan zen. Langile zenbait, lehen aldikoz, oporretara joan ziren (Léo Lagrange ministroak “popular oporraldietako txartelak” zabaldu zituen langileak laguntzeko). Anitz etxean egon ziren, baina haien eguna nahi zuten bezala antolatuz (baratzean edo xintxuketan ari izanez...) eta hori iraultza bat zen, ordu arte nagusiek baitzituzten langileen egunak (igandeaz kanpo) antolatzen. Denbora libroa sortu zen! Beste mailetan kanbiamen handiak izan ziren ere: nahitaezko eskolatzearen luzapena, 14 urteraino, Ogiaren erakunde nazionalaren sortzea (laborariak sostengatzeko), Estatuak Frantziako Bankuaren, trenbideen (SNCF-aren sortzearekin 1937an) eta gerla-industrien bereganatzea, aeronautika partikulazki (hego-mendebaldean bilduz, Alemaniatik urrun, mehatxua argiki ikusia baitzen). Urte bat lehenago bezala, 1936ko uztailaren 14an, 500.000 lagun bildu ziren Parisen, besta nazionala baina ere Fronte Popularraren garaipena ospatzeko. Hiru egunez, gobernuak Frantzia osoan ikusgarri anitz finantzatu zituen. “Vu” aldizkariak lehen orrialde famatu bat argitaratu zuen, Robert Capparen argazki batekin, zeinean haur bat ageri zen, frantses banderarekin, bere aitaren sorbalden gainean, titulu horrekin: “Hiru eguneko besta, Populua, Armada, Frantzia”. Besta zen, Fronte Popularraren gailurra. Baina, lau egun berantago, Pirinioen beste aldean, izugarrizko gertakari batek zerua goibeldu zuen.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3839. zbk

Gure Hitza | 2026/06/18

Oasiak

Peio Jorajuria

Duela hiru aste, Edgar Morin pentsalari handia betirako joan zaigu. 104 urte zituen. Pentsalaria izateaz gain, soziologo eta filosofoa zen, humanista, pentsamolde eta jende orori idekia. “Konplexutasunaren pentsalari” gisa ezagutua zen, gaur hainbeste hedatuak diren karikaturak eta bi sosetako jujamenduak hastio zituela. “Zubien eraikitzaile” izan behar genuela zioen askotan, “haurridetasun oasien” sortzaile. Gaur egun bere trenpuko pentsalari guti da jendartean. Badira, bai, beren burua pentsalaritzat daukatenak, baina gehienak ideologo hutsak baizik ez dira, alderdikariak, “totalitarismo teknologikoaren” morroiak, “tekno-faxismoa” ere deitzen zuena. “Numerikoak mundua kolonizatzen” ari du, bere on eta txarrekin, haatik “teknologiak ez luke gure nagusia izan behar baina gure zerbitzaria” zuen errepikatzen.

Pentsalari handia, gizon umila. Bizi mugimenduak bultzatutako...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016