Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Ekainaren 18a
Heriotze - Sokorri ikastaldia - Musikaren besta - Antzerkia - Arrantza
Heriotze
Pierre Granade joan den astean pausatu da 88 urtetan. Eiharaldeko auzoan bizi zen erretreta etxera joan aitzin. Doluminak familia eta laguneri.
Sokorri ikastaldia
Ezindurik edo kolpaturik den norbaitekin gertatzen delarik, zoin dira egin behar diren lehen sokorri jestuak? Horren jakiteko formakuntza ikastaldia bi egunez antolatzen dute Baigorriko Agnes Garces eta Patxi Ardantz suhiltzaileek. Banka Olaberrian iraganen da ekainaren 18an ortzegunez (18:00-22:00) eta ekainaren 20an ibiakoitz goizez (8:00-12:30). Bi hizkuntzetan eginen da, euskaraz eta frantsesez, izenak eman lehenbailehen zenbaki huntara deituz: 05-54-60-01-50. Ikastaldia 30 euro gostatzen da eta segituko dutenek diploma eskuratuko dute.
Musikaren besta
Baigorriko animazio batzordeak antolaturik, ekainaren 19an iraganen da, ortziralez. Musika karriketan (17:00), herriko soinulariekin, Iparralai musika eskolaren ikasleak (18:00), Arrola dantza eskolaren emanaldia (19:00), Iparralai musika eskolaren 2. emanaldia (20:00), Ondas de Mar taldea (21:30), kunbia musika (Carlos Santana estilokoa da). Jateko eta edateko tokian berean.
Antzerkia
Haurrendako izanen da, ekainaren 20an, ibiakoitzean (11:00), Bil Etxean. “Jimmy Pottolo eta zapataria” antzerkia gozatzen ahalko dute. Baigorriko ikastola eta Basaizea elkartea antolatzaile.
Arrantza
APRN elkarteak bi eguneko ikastaldia antolatzen du Garazi-Baigorriko erreketan, uztailaren 7 eta 8an arrantzan trebatu nahi duten 9 urtetarik goitikoentzat. Materiala furnitua da eta 60 euro galdetzen dira bi egunaldientzat. Xehetasunentzat deitu 06-08-24-45-21 zenbakira. Helbide elektronikoa: info@aprn.fr.
.j170635.jpg)




