Herriz Herri - Irisarri (NB) | 2026ko Ekainaren 18a
Heriotze - Eskubaloia - Pilota
Heriotze
Iturarteko Battita Arotçarena zendu da 76 urtetan. Bihotzeko operazionea egin dakote Bordelen, iduriz ontsa pasatu da, bainan ondotik etzanalditik ez da iratzartu. Bere bizian egin ditu gauza asko, lehenik kamioi gidari, ondotik etxeko laborantxari lotu zen, Odette bere emaztearekin. Eztigar enpresako sagarno eta produktuak saltzen zituzten merkatuetan. Bi haur altxatu dituzte, seme eta alaba, azken hunek hartua du etxeko segida. Eskubaloiko sostengatzaile eta laguntzaile izan da azken memento arte. Battita zenaren ehorzketak iragan dira joan den ortzirale arratsaldean. Dolumin bizienak Odette emazteari, seme alaberi eta familia guziari.
Eskubaloia
Hiru talde baziren departamenduko finaletan, Asson-en arizan dira joan den igandean. Hiruetarik, biga txapeldun atera dira.
Gizonetan, “Honneur” mailan, hamabortz urtez petikoek galdu dute Barzun taldearen kontra, 27-31.
Nesketan, “Honneur” mailan, Kanbo/Irisarriko hemezortzi urtez petiko bigarren taldeak irabazi dio Bordes-eri, 38-37. Partida biziki tinkia izan da.
“Promotion” mailan, hemezortzi urtez petiko laugarren taldeak irabazi dio Mont de Marsan-eri, 33-28. Orain, sasoina errotik bukatua da, bakantza on deneri!
Pilota
Berri onekin
Lehenik, esku-huska, Irisartarrak Pilota elkarteko hiru parek joan den aste hondarrean jokatu dute. Lehen mailako Etchevers eta Arbeletchek final-laurdenetan galdu dute Donamartiriko plazan 22-30, Noizbait-eko Inchauspe-Duhalderen kontra. Hemen, beti berak aitzinean, eta lapurtarrak beren gosturat eraman dute partida. Halere, Eneko eta Julienek frantses federakuntzako xapelgoan segitzen dute.
Aldiz, bigarren mailako Bidart-Etchegarayk irabazi dute 30-18 final-zortzirenetan, Ortzaizeko kantxan, Azkaindarrak Bat-eko Allot-Laducheren aurka. Partida erditsu arte, aski partida orekatua izan da, gero Paolo eta Julienek ongi jokatuz ereman dute partida. Orain, final-laurdenetan Atzarri-koen parean arizan beharko dira. Hirugarren mailan, Mollon-Muscarditz-ek ere irabazi dute 30-16 Airetik-eko Dubois-Lascarayren parean. Final-laurdenetan, Abarratiaren aitzinean ari beharko dira.
Palantxan, hemen ere gaztetan final-laurdenetan, “Challenge National” lehiaketaren kondu, Elaia Bidart eta Lore Acheritogarayk 15/13, 15/08 irabazi dute Airetik-ekoen aurka. Finalerdietan, Eskiularrak-ekoen parean arizan beharko dira.





