Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Ekainaren 18a
Bero handien jasaiteko elkartasuna - Eskola garraioak - Herriko pestak - Soinubilaren 20. urtea
Bero handien jasaiteko elkartasuna
Bero handiak hasiak ditugu eta segituko dutela diote. Usaian bezala Herriko Sozial Zentroak bakarrik bizi diren jendeak ezagutu nahi ditu behar orduan laguntzeko gisan: 65 urte baino gehiago dituztenak, lanean ezin ar daitezkeen 60 urtez goitikakoak, elbarrituak.
Izena emaiteko herriko webgunera edo Sozial Zentrokora joan behar da. Telefonoz ere egin daiteke: 05-59-70-29-07. Norberarentzat ez bada, auzo edo ezagun batentzat egin daiteke.
Eskola garraioak
Urte hau arras bururatu aitzin jadanik heldu denaren prestatzeari pentsatu behar da. Agorrilaren 2a aitzin eman behar da izena eskolara joaiteko autobusa hartzeko gisan. Bi molde eskainiak dira: eskola autobus bereziekin edo Txik Txakekin 20 urte baino guttiago dituztenen abonamendu klasikoa hartuz.
Behar den guzia jakiteko: txiktxak.fr-transportscolaire.
Herriko pestak: 19tik 22ra
Egitarau aberats eta denendako egina dena antolatu dute aurten ere gazteek:
Ostiralean: goizean haurrentzat ikusgarria Mendealan, bazkaria herriko ostatuetan, (18:00) Haitzmendiren kontzertua, Ezkurren lasterketa, Hazparne kantuz (Peña Idiak), Jondoni Joaneko suak, Kalume txaranga eta Ttattolan Bacano Banda eta Papa Cumbia.
Larunbatean: merkatua, eskubaloia, aperitifa pintxoekin, Et'abar kantuz, (15:00) behi lasterrak, dantza Elgar Oinka, Goixtiarrak eta Soinubilarekin, kontzertua Xuriatea aitzinean, “Suaparta Txikia” ikusgarria eta xapitopeko kontzertuak: Xibalet txaranga, Xiberoots, Xabi Solano eta Holako Deluxe.
Igandean: (11:30) danborrada karriketan eta kontzertua Elgar Oinkako dantzariekin, (14:00) haurrendako jokoak eliza saihetsean, pilota, “Lau Sasuak” ikusgarria plazan, mutxikoak eta xapitopeko kontzertuak: Punttu Kakotx, Modus Operandi, Murgi eta DJ Astak.
Astelehenean: Zelai auzoan birla lehiaketa, joko puzgarriak, pilota partidak, dantza eta makilariak plazan. Eguerdi eta arratsean aingira jatea.
Ttattolan larunbat goizean arroltze eta xingar eta igandean presoen alde eta errepresioaren kontrako bazkaria.
Soinubilaren 20. urtea
Hara 20. urtebetetzea ospatzeko ordua etorri zaiola Soinubila elkarteari eta hori ekainaren 24an egitekoa du Mendeala gelan. Hortarako ikusgarri berezia prestatua du lurralde osotik etorri 230 ikaslerekin.
2006an sortu Biligarroak, Soinugintza eta CAEM elkarteek bat egin zuten. Geroztik musika irakaskuntza sekulan baino indartsuagoa da eta kalitatezko irakaskuntza eskaintzen du euskaraz eta frantsesez. Hamalau tresnaren artean hauta daiteke. Urtean zehar kontzertu, kultur ekitaldi eta beste proiektu batzuetan ere parte hartzen du.
Urtemuga hortan hogoi urtez egin lana agertuko da, oraiko eta lehengo ikasle, irakasle, musikari eta laguntzaileak elgarretaratuz.





