Gogoa hazi | 2026ko Ekainaren 18a

“Magnifica humanitas”: pertsonaren beiratzea adimen artifizialaren garaian

Mikel Erramouspe

Joan den ekainaren 3an, Largenté ikastetxean iragan zen mintzaldi-elkarrizketa agertu berria zen “Magnifica humanitas” Léon XIV Aita sainduaren letraren aurkezteko eta komentatzeko. Marie Christine Monnoyer ekonomista eta Jacques Benoit Rausher fraide teologoak ederki esplikatu zaukutena. Balio du aipatzea.

1891. urteko Rerum novarum letraren segida?

Herria astekarian joan den maiatzean idatzi ginuen iraultza industrialaren ondorioz milioika jende lantegietan lan egiterat behartuak izan zirela kasik esklabo bilakatuz.

Leon XIII.ak goraki salatu zuen holako egitatea.

Gaur egun beste iraultza bat dugu: teknikak, informatikak eta adimen artifiziala deitzen denak gure harremanak eta oro har gure izaitea lanjerean emaiten duena. Jendetasuna xahutuz, hots gu bakotxa esklabo bilakatuz enpresa puxanta batzuen nahitez.

Ihardukitze baikorra

Agertu bezain laster, “Magnifica humanitas” letra horrek izan du aipamen. Elizan eta giristinoen arteanbistan da bainan ere usaian baino haratago intelektual eta kazetari munduan. Anitz harritu dira. Nolaz elizako buruzagia da mundu mailakoetan bakarra holako egitatea salatzeko? Nolaz gure politikoek, itsutuki teknikan eta modernitatean sinesten ote dute ondorioak ikusi gabe edo bederen ez ikusiarena eginez?

Euskal Herrian ere bakar batzu mintzatu dira sare sozialetan. Hauxe irakurtu dut: “Ni ez naiz fededuna eta gutiago elizatiarra bainan behingoan aitortu behar dut letra horrek plazer edo bederen esperantza emaiten didala. Azkenean norbaitek goraki erraiten ditu gauzak, eta denbora berean gu bakotxaren baitako duintasuna pizten dauku…”

Magnifica humanitas” liburua agertu bezain laster agortu da. Milaka saltzen da egun guziz berriz eta berriz inprimatzen ari dira.

Euskaraz ere aurki ditaike “Magnifica humanitas, gizaki bikaina, Giza pertsonaren zaintzari buruz adimen artifizialaren garaian”Idatz edizioek argitaraturik, Donostiako Idatz liburu dendan aurki ditaikena. Iparraldean ere hedatu behar ginukeena.

Letra hori irakurtu eta hausnartu

Holako testu bat untsa ulertzeko behar da denbora. Irakur errexa izanik ere, hain da aberatsa, emankorra eta hedadura handikoa, balio du lur on bat bezala lantzea fruituak eman ditzan gure baitan eta partikulazki gure Euskal Herrian.

Hortako hauteman ditu eskuin eta ezker antolatuko direla bilkura batzu testu horren barnatzeko. Ideia bat eman du batek: zergatik ez 5 bilkura egin, liburu hortako 5 kapituluak banan-banan landuz. Lehenik bakotxak irakurtzen du etxean ondotik elgarri partekatzeko eta ikusteko nola obratzen ahal duen bere xokoan.

Jasta

Eskuratu artean horra zer aurki ditaiken letra hortan.

1) Aita Sainduak esplikatzen du nola elizaren doktrina soziala aberasten den urtez urte. Deus ez dela behin betiko izoztua eta ikerlariekin batera behar dela elkar hizketa emankorra segitu fedeak argiturik.

2) Doktrina sozial hori zer den esplikatzen du: denen onura (bien commun), ontasunak denentzat eginak direla, bakotxaren duintasuna, justizia soziala, bakotxaren parte hartzea (subsidiarité), elkartasuna (solidarité).

3) Pertsona bakotxaren duintasuna eta lehentasuna ahula eta mugatua izanik ere begiratu behar dela. Teknikak ez duela deus salbatzen.

4) Libertatea eta egia begiratu behar direla adimen artifizialaren aitzinean manipulazione guzietarik.

5) Boterea xerbixu bat bezala hartu behar dela ez besteen lehertzeko, amodioaren zibilizazioa nola eraikiz.

Jasta hunek irakurtzeko gutizia eman dauzuelako esperantzan…

(Largentéko mintzaldia entzungai Lapurdi irratian)

Email Facebook Twitter LinkedIn

3839. zbk

Gure Hitza | 2026/06/18

Oasiak

Peio Jorajuria

Duela hiru aste, Edgar Morin pentsalari handia betirako joan zaigu. 104 urte zituen. Pentsalaria izateaz gain, soziologo eta filosofoa zen, humanista, pentsamolde eta jende orori idekia. “Konplexutasunaren pentsalari” gisa ezagutua zen, gaur hainbeste hedatuak diren karikaturak eta bi sosetako jujamenduak hastio zituela. “Zubien eraikitzaile” izan behar genuela zioen askotan, “haurridetasun oasien” sortzaile. Gaur egun bere trenpuko pentsalari guti da jendartean. Badira, bai, beren burua pentsalaritzat daukatenak, baina gehienak ideologo hutsak baizik ez dira, alderdikariak, “totalitarismo teknologikoaren” morroiak, “tekno-faxismoa” ere deitzen zuena. “Numerikoak mundua kolonizatzen” ari du, bere on eta txarrekin, haatik “teknologiak ez luke gure nagusia izan behar baina gure zerbitzaria” zuen errepikatzen.

Pentsalari handia, gizon umila. Bizi mugimenduak bultzatutako...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016