Gure Hitza | 2026ko Uztailaren 16a
Bihotzak bero
Peio Jorajuria
Uda betean gaude, berote handiak zizelkatua eta jende askorentzat futbolarien Munduko Kopak edota txirrindularien Frantziako Itzuliak errimatua. Bartzelonatik abiatu den Frantziako Itzuliak laster batean zeharkatu ditu Pirinioak, mendi lepo horietan metatua zen betiko zale handiaren erditik pasatuz, ikurrinak ausarkian dantzan zebilela, nahiz hiru euskal txirrindulari baizik ez diren tropelean. Itzulia bere bide doa, azken urteetako oilar bera buruan, Tadej Pogacar esloveniarra.
Munduko Kopa, aldiz, datorren igandean bururatuko da. Frantziak, orain arteko joko distiratsuena erakutsi duenak, hirugarren izarra beretuko ote du? Lerro hauek idaztean finalerdiak, Frantzia-Espainia eta Ingalaterra-Argentina, ez ziren oraino jokatuak. Egia erran, batzuek amestua genuen afrikar talde batek beretuko zuela lehen aldikoz kopa. Ez da aurtengo izango. Enetzat, haatik, Cabo Verde herrialde ttipia izan da Munduko Kopako izarretarik bat, freskotasunaren ekarle. Paraguaiko taldea aldiz desgustagarriena, dena azpijoko eta probokazio. Guarani populuak ez zuen horrelako irudirik merezi. Irudi are txarragoa, Amarilla paraguaitar senatari andereak Mbappé frantses futbolaria laidoztatu duelarik, baizik eta koko esnez hazia izan zela eta txinpantzeek hezia. Harrigarri da nola kirolak, eta bereziki futbolak, arrazakeria handizki garraiatzen duen. Bestalde, txartel gorria merezi dute ere kirol etikaren urratzaile ahalkegarri agertu diren Trumpek eta Infantinok.
Baina begiak urrungo oihartzuneri gehiegi luzatu gabe, guk ere hemen berean baditugu hitzordu atseginak, gureak ditugunak, sanoak eta gozagarriak. Eta bereziki uda oroz plazer handiz gozatzen dugun Zuberoako pastorala, hurbil hurbila duguna, lehen emanaldia igandean berean. Oraingoan “Lurdes Iriondo” pastorala, Sohütan jokatuko dena, Leire eta Ihintza Casamajou-Elkegaray ahizpek idatzia. Kantari miresgarria genuen Lurdes Iriondo, “Euskal Herriko Joan Baez” ere izendatua izan zena. Uste dut lehen aldia dela pastoral batek kantari bat omentzen duela. Gazte gaztea nintzen, 17 urte naski, lehen aldikoz entzun nuelarik Lurdes Iriondo, Hazparnen, Zazpiribai ikusgarrian. Haren ahots beroak eta kantatzeko moldeak, gitarra eskuetan, harritu eta xoratu ninduten. “Ez gaude konforme”, “Hala ere”, “Gaua”, “Tiriki tauki tauki” eta beste, geroztik buru xokoan ditugun kantuak. Bai, badugu hemen berean nasaiki gozatzekoa, pastoralaz bestalde Errobiko festibala Itsasun eta “Kontrapas” kabalkada Donazaharren. Bero zakarra da kanpoan, bero gozoa bihotzetan.




