Orotarik | 2026ko Uztailaren 16a

Kukumarro

Xarles Videgain

Herri

Agur Euskal Herria! Kopeta ukan behar dut “herri” hitza zer den aipatzeko Herria deitzen den agerkari honetan. Bizkitartean, egungo egunean, herria aipatzen delarik, erranahia kanbiatu zaiola iduritzen zait.

Goazen ikustera zer den Euskal Herria edo batzuek erraiten duten bezala, zer diren Euskal Herriak.

Dudarik gabe, lehenik herri hori eremua da, mugape bat, lurralde bat. Berez geografiari dagokio. Zentzu honekin herria ez da jende-multzo bat. Eremu berezi horretan jendeak bizitzea eta jende horiek populu bat eta herri bat osatzea besterik da edo bederen ondotikakoa da. Baina lehenik lur puska bat behar da izan. “Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun!” dio kantuak eta orduan euskaldun jendea ageri da.

Herria soilki eremua dela ikusten dugu hitz frankotan. Bortuan konparazione, zuberotarrek olha inguruko eremuen artean “axurterria” berez izendatzen dute, eremu hartan gehienik axuriak egoiten baitira. Eta “sugeterri” deitzen dute suge anitz omen duen lekua. Larraine inguruan aski polliki Itzal herria deitzen dute gure iguzki gibela, uspela, laiotza... hots iguzki aldean, iguzki begian ez den malda. Leku izenetan ez dira ments Beterri eta Goiherri eskualdeak. Eta zer dira hil herriak? Ez dira hil jendeak, hilerriak dira hilak biltzen dituen lekua.

Herri diogu ere gauza bat ez balin bada norberakoa, hots komuna eta denena delarik, hala nola herriko lurrak: ez dira pribatuak. Ontsalaz Herriko Etxea denena da, ez da lagun zonbaitena. Herrikoa deitzen da ere lekukoa den zerbait, herriko ardia da hemengo edo bertako arraza: hortan ere geografia ageri da. Ez da gaizki errana oraino entzun daitekeen hura: “herri” gara, bi jendek elkarri hori diotelarik erran nahi du herri berekoak direla, Izurakoak edo Aiherrakoak. Herri gara erraiten da edo adin gara, adin berekoak balin bagara. Leku berekoak eta adin berekoak, nongoak eta noizkoak.

Etxeak badira herri batekoak direnak herriz eta elizaz beste herri batekoak. Nik uste Arlakondo gaineko etxeak herriz Donaixtikoak dira eta elizaz Muskildikoak, edo binperrez. Ondarlan eta beste nonbait berdin. Elizaren antolaketa eta administrazioarena ez dira beti guziz ados.

Bainan herriak jendea baduke bere eremuan. Emeki emeki herri hitzak beste erranahia bildu duela gertatu da. Ezen egun entzuten baita “herri” hitza “jende” izendatzeko. Lehen ere izan da lerratze ttipi bat, Etxeparek 1545ean jadanik dio: “Lauda zak Garaziko herria”, iduri luke ez dituela bakarrik mendiak eta errekak laudatzen baina han bizi diren jendeak ere.

Eta Oihenartek atsotitz batean herrian jendea ere badela erakusten du dioelarik: “Herrik bere lege, etxek bere aztura”. Herriak ez du legerik egiten eremu hutsa balin bada. Gure denboran ere herriaren zentzua “jendea” dela ikusten dugu paretetan hala nola “Herriak bizi behar du” irakurtzen delarik. Dudarik gabe ez da leku bat bizi behar dena bainan jende bat delako lekuan biziko dena.

Erran gabe doa badela beste hitz bat herri honen ordez erabiltzen dena edo zena eta hitz hori “populu” da. Agian, ez naiz segur, gaztelera eta Hegoaldeko joera izan dira kanbiamendu honen aldeko eragileak. Frantsesez Marie Darrieussec-ek atera zuelarik liburu bat “Pays” deitzen zena, guti edo aski Euskal Herriaz ari zen bainan erdaraz “pays” da delako herria eta ez “peuple”.

Aldiz gazteleraz “pueblo” hitzak bi erranahi baditu bederen. Lehenik gure herria; eremua da eta “el pueblo” ere lekua da. Bainan jendea izaiten da, “el pueblo jamas serà vencido”, etabarreko erranahian gehienik konda dena ez da eremua. Ez zuzenki beti ere. Nago herri izenaren erranahiarekin ez ote den euskaraz gauza bera gertatu. Emeki emeki herria ez da gehiago lekua bakarrik, haren gainean bizi diren jendeak ere herri dira.


Email Facebook Twitter LinkedIn

Orotarik | 2026/07/16

Haziak mintzo

Haziak%20mintzo

Zientziak lantzen

Aurten, ikasleek kanpoko eragile desberdinekin zientziak landu dituzte. Astrobasque elkartearekin, ama-eskolakoek eguna eta gauen zikloa ulertu dute aldiz handienek zeruaren mapa landu dute. Antoine Odisea Zientzietakoak, ama eskolakoei dinosauroak hobeki ezagutzeko aukera eman die. CP-CE1ek burbuila erraldoiak egin dituzte eta aza gorriaren kolorea aldatu dute, eta CM-ak mikrobioak ikusteko mikroskopioak erabiltzen hasi dira. Terre buissonière elkarteak, ama eskolako ikasleei erleen mundua erakutsi die. CP eta CE1ek barazki eta fruitu ezberdinak ikusi dituzte urtaroen arabera, azkenik CE2 eta CM-k produktuen kalitatea eta jatorria aztertu dute. Gure zikloa bukatzeko, denak elkarrekin Donostiara Eureka zientzia museoa bisitatzera joan gira.

Ezpeletako Jondoni Eztebe eskola


...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/07/16

Haziak mintzo

Haziak%20mintzo

Ezberdintasunean denak elgarrekin

Senpereko Arretxea kolegioan plazer dugu ikasleeri proposatu proiektuetan elkarbizitza barnatzea. Aurten ere eraman ekintzetan sorkuntza bat egin da kolegioko 4Bko gelarekin, Kiribil antzerki eta arte elkartea eta heldu elbarritu aktore batzu elkartuz: BAKE UNE eman diogu izena, kolegioko ikasle eta ahultasun egoeran diren artistekin.

Bi astez kolegioan elkartu gira ikasle eta artistak prestakuntzaren egiteko, ikasleek aitzinetik gaia sortu, landu, aberastu, apainketak eginik frantses, arte plastikoa eta euskarazko ikasgaietan.

Lan potoloa sortu da arras denbora gutiz, punduz pundu denak elgarrekin tailerretan egunero ederki aitzinatzen zutela kreazio prozesua.

Eta helburu bezala Senpereko Larreko gelan bi azalpen egitea: arratsaldez ikasle lagun eta erakasle guzien aitzinean eta arratsean familiako eta publiko zabalari idekia. Zer ikusgarri ederra, alaia, hunkigarria, irri,...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/07/16

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

Amaia Carrere ilustratzailea kolegioan

Maiatzaren 7an, ostegunez, bazkaltzeko pausan, Urruñako Amaia Carrere ilustratzailea gonbidatu zuten Antxeta irakurzale klubako kideek!

Mintzaldi denboran, bere ibilaldia, bizipenak eta esperientziak kondatu dizkigu...

Hasi baino lehen, margo bat eskuan hartuz solasaldi denbora guzian margotzen ari izan da.

Ttipitatik lapinak marrazten zituelako, marrazketa gustukoa zuela ohartu zen. Eskola ondotik, duela lau urte, horrela hasi zen, marrazten eta marrazten... Lanik ez, proiekturik ez... Lagunen eskaerak zituela eta, haurrendako marrazkiak egiten hasi zen akuarelari esker. Ondotik, kontratu desberdinak lortu ditu adibidez ihauterietako pertsonaiak marraztuz.

Betidanik komikigintza maite ukan du, baina ez zuen bere buruarengan sinesten, bere marrazkiez bizitzen ahalko zenik ere ez zuen sinesten... Hala ere bere pasioa izanki, saiatu da beste lan bat atzematen, baina...

Irakurri segida


3843. zbk

Gure Hitza | 2026/07/16

Bihotzak bero

Peio Jorajuria

Uda betean gaude, berote handiak zizelkatua eta jende askorentzat futbolarien Munduko Kopak edota txirrindularien Frantziako Itzuliak errimatua. Bartzelonatik abiatu den Frantziako Itzuliak laster batean zeharkatu ditu Pirinioak, mendi lepo horietan metatua zen betiko zale handiaren erditik pasatuz, ikurrinak ausarkian dantzan zebilela, nahiz hiru euskal txirrindulari baizik ez diren tropelean. Itzulia bere bide doa, azken urteetako oilar bera buruan, Tadej Pogacar esloveniarra.

Munduko Kopa, aldiz, datorren igandean bururatuko da. Frantziak, orain arteko joko distiratsuena erakutsi duenak, hirugarren izarra beretuko ote du? Lerro hauek idaztean finalerdiak, Frantzia-Espainia eta Ingalaterra-Argentina, ez ziren oraino jokatuak. Egia erran, batzuek amestua genuen afrikar talde batek beretuko zuela lehen aldikoz kopa. Ez da aurtengo izango. Enetzat,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016