Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Uztailaren 16a

Pilotan, pare bat txapeldun eta besteak galdu - Antzuolako bestak ortzegunetik igande arratsera - Ortzegunean, elizan kantaldi

Xitoak: Christophe Harguindeguy trebatzailea, Justin Graciet, Uhaitz Etcharren Ayçaguer (Arg: Abarratia)
Xitoak:%20Christophe%20Harguindeguy%20trebatzailea_%20Justin%20Graciet_%20Uhaitz%20Etcharren%20Aycaguer%20(Arg:%20Abarratia)

Pilotan, pare bat txapeldun eta besteak galdu

Berri ona Abarratia pilota batasunarentzat, bi pare finalean ari ziren joan den asteburuan, Iparraldeko pilota batzordeak antolatu txapelketaren kari.

Artekoetan, Iholdiko plazan ezustekoa gertatu da ortziralean: Theo Etcheverry eta Mikel Harguindeguy Noizbait batasuneko Unai Pagueguy Hazpandarrak eta Thomas Sahasquet Itsasuarrak osatu pareari, 30 eta 29, hots ttantto soil batez nagusitu dira, partidak oren bat eta laurden iraun ondoan. Alta bai, 29 eta 21 galtzen zuten Abarratia batasunekoek. Ordu arte, partida biziki atakatua izan da: 11 ados, gero Noizbait aitzinera pasatu da 20 eta 11, Abarratiakoak 17 eta 22ra hurbildu dira. Berriz Noizbaitekoek abantaila harturik (29 eta 21), nork erranen zuen orduan Abarratiakoak zirela nagusituko?

Gibelean ari zen Theo Etcheverryk eskuan min baitzuen, aitzinera pasatu zen, eta Mikel Harguindeguy gibelera. Hunek harrigarriki partida beregain harturik gaitzeko inarrosaldia eman dio finalari, boteak berak tiratuz, pilota eskuinera ala ezkerrera barreiatuz, indar handiarekin gibelera joz, eta urrunetik pilotak marra gainera behexiz. Abarratiakoak txapeldun dira. Aupa Theo eta Mikel!

Xitoetan, Ezpeletako plazan: larunbat goizean, Uhaitz Etcharren-Ayçaguer eta Justin Graciet finalean ari ziren Erro Bat-eko (Larresoro) parearen aurka (Andoni Trolliet eta Aretz Urdampilleta Zufiaurre). Partida huntan, ez da gauza bera gertatu. Abarratiakoek 29 eta 24 irabazten baldin bazuten, 30 eta 29, hots ttantto soil batez galdu baitute. Halere biba zuek hein hortara heldurik eta biba Erro Bat-eko txapeldunak. Aupa Abarratia!

Antzuolako bestak ortzegunetik igande arratsera 2026ko Antzuolako besten afixa

Berrikitan Aiherrako bestak iraganik, ondoko asteburuan Antzuolakoen aldi, uztailaren 16tik 19ra iraganen dira, hots, ortzegunetik igande arrats arte.

Egitarau aberats eta betea aurten ere eskaintzen daukute, animazio, kontzertu, kantu bazkari eta dantzaldi ezberdinekin. Animazio guzien artetik ez ahantz ortzegunean (21:30) kantu afaria Eingo taldearekin plazan izanen dela. Ostiralean, uztailaren 17an, herri bazkaria (14:30). Antzuolako alardea larunbat arrastirian (19:00) agertuko da, parte hartzaile guziek karriketan desfilea eginez. Ohidura huni biziki atxikiak dira Antzuolan. Ondotik (22:30), urte guziz bezala, Joselu Anaiak talde ezagunaren erromeria. Igandearekin herri bazkaria (14:30) elizpeko arkupetan, kantaldia Garazi eta Amaiurrekin, eta Patxi Saez-en kontzertua (21:00).

Dena den, Antzuolako besten egitarau osoa (Antzuolako jaixak 2026) aiherra.eus eta antzuola.eus webguneetan aurkituko duzue. Aihertar guziak ongietorriak izanen dira.

Ortzegunean, elizan kantaldi

Heldu den ortzegun arratsean (21:00), uztailaren 16an, kantaldi eder baten ikusteko eta entzuteko parada ukanen dugu Aiherrako elizan. Behauzekoa den Kantuka abesbatza mistoak kontzertua emanen du.

Kantua maite dutenentzat, horra hor memento goxo baten pasatzeko parada. Ez zauzue dolutuko. Ongi etorri deneri! (Sartzea 10€).

Email Facebook Twitter LinkedIn

3843. zbk

Gure Hitza | 2026/07/16

Bihotzak bero

Peio Jorajuria

Uda betean gaude, berote handiak zizelkatua eta jende askorentzat futbolarien Munduko Kopak edota txirrindularien Frantziako Itzuliak errimatua. Bartzelonatik abiatu den Frantziako Itzuliak laster batean zeharkatu ditu Pirinioak, mendi lepo horietan metatua zen betiko zale handiaren erditik pasatuz, ikurrinak ausarkian dantzan zebilela, nahiz hiru euskal txirrindulari baizik ez diren tropelean. Itzulia bere bide doa, azken urteetako oilar bera buruan, Tadej Pogacar esloveniarra.

Munduko Kopa, aldiz, datorren igandean bururatuko da. Frantziak, orain arteko joko distiratsuena erakutsi duenak, hirugarren izarra beretuko ote du? Lerro hauek idaztean finalerdiak, Frantzia-Espainia eta Ingalaterra-Argentina, ez ziren oraino jokatuak. Egia erran, batzuek amestua genuen afrikar talde batek beretuko zuela lehen aldikoz kopa. Ez da aurtengo izango. Enetzat,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016