Mundu zabalean | 2026ko Uztailaren 16a

Mega izokin baserriak

M.O.

Izokin hazkuntza industriala
Izokin%20hazkuntza%20industriala

Munduan kontsumitzen den arrainaren erdia hazkuntzatik dator, akuikultura industriala etengabe goratuz doa. Ozeanoa da Lur planetaren bizitzaren iturri nagusia, arrain hazkuntza intentsiboengatik kaltetua da. Oxigenoa sortzen du eta klima erregulatzen, 3 miliar pertsona baino gehiago itsasoaren menpe dira.

Izokin hazkuntza kaltegarri

Arrain espezieen %92a arrantzatzen edota esplotatzen da. Arrainaren gehiegizko kontsumoak ondorio ekologikoak, klimatikoak, ekonomikoak eta sozialak ditu, planetaren mugak gainditu arte.

Izokinaren ekoizpen industriala 20 urtez hirukoiztu da, eta ikusiz proiektu batzuk abiatzen ari direla, jarraitzeko bidean da. Eragin handiak ditu, adibidez egunero industriarentzat 700 milioi arrain basati irin-janari bihurtzen dira. Arrain eskas baten errealitateari aurre egiteko, izokin ekoizle industriek soja proteina erabiltzen dute, munduko bigarren kontsumitzaile handiena bihurtuz, oilasko hazkuntzaren ondotik.

Lur eremuan ekoiztu izokin hazkuntza intentsiboen galderari erantzuteko, berrikuntzak asmatuak dira. Gure lurretan hazi izokin hazkuntzak, “RAS” (Akuikultura sistema zirkulatzailea) izenarekin ezaguna, permititzen du molde intentsiboan arraina ekoiztea, sortzetik… saltzeraino. Teknologia berri hunen ondorioak zein izanen diren ez da jakina, katastrofikoa izan daiteke.

Proiektu guzi horiek abiatzen badira, industriak urtean 16,9 miliar tona CO2 gehigarri atmosferan agortuko ditu. Izokin berri hauek elikatzeko, itsasoan 233 miliar arrain basati harrapatu beharko dira, urtean 436.000 tona soja bildu eta milioi bat hektarea baino gehiago erabiliak izanen dira.

Girondan mega proiektua

Izokin industriak Frantziako kostaldea ere mehatxatzen du. Girondan mega izokin hazkuntzarako proiektua bada, 14 hektareakoa, Verdon-sur-Mer industria portu gunean, Itsas Parke Naturalaren eta Médoc eskualdeko Parke Naturalaren bazterrean. Uztailaren 2an, Ingurumen eta Osasun Arriskuetarako Departamentu Kontseiluak (Coderst) baimendu du Pure Salmon enpresa gune horretan plantatzea.

Urtean 10.000 tona izokin ekoizteko akuikultura intentsiboa instalatzea aurreikusia da, 24 urmeletan, baita transformatzeko gunea.

Proiektuak, Akitaniatik haratago, ingurumen ikuspegitik kritika eta kezka anitz sortzen ditu. Herritarrekin batera, itsas profesionalak mobilizatzen ari dira, ibaiaren isurketak eta kutsadura posibleak zein izaiten ahal diren ikertzen ari dira. Arrantzaleek diote: “Ibaia kutsatzeaz beldur gira ingurunea biziki hauskorra delako. Ibaian erreproduzitzera etortzen diren arrainentzat haztegia da, kutsatua bada dena galduko da. Urtean milaka tona izokin ekoizteko, egunero 6.500 m3 ur beharko dira. Munduko lurreko izokin ustiategi handiena izanen da, hau ezinezkoa da”.

Ingurumena kaltetzen

10.000 tonako hazkuntza batek, 40.000 pertsonako hiri batek kontsumitzen duen ura behar du eta ur zikinen tratamenduarentzat 100.000 jende dituen hiri batena.

Seastemik Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat estuaren erabakia “parodia demokratikoa” da. Geologia eta Meatzaritza Ikerketa Bulegoak (BRGM) eta Girondako itsasadarreko kontseilu zientifikoak, deiadarra zabaldu dute eta 105 deputatuk proiektua hasi aitzin luzamena galdegiten dute. Lau urteko mobilizazioaren ondotik, ez zientzialariak, ez arrantzaleak, ez eta proiektuaren kontra diren pertsonak ez dira entzunak izan. Zioten: “Ezinbestekoa da prebentzio printzipio zorrotza aplikatzea eta ingurumenarentzat eta ekonomiarentzat eraginak zein diren aztertzea”.

Europan gaindi

Izokin fabrika proiektuak Europan biderkatzen ari dira, baina parean oposizioa ere.

Erresuma Batuan2023an 5.000 tona izokin ekoizteko tokiko agintariek proiektu bat baieztatu zuten. Animal Equality UK Gobernuz Kanpoko Erakundearen mobilizazioari esker, AquaCultured Seafood enpresa gibelatu da, erabakia epaitegiaren esku utziz. Zoritxarrez, kontrakoen eskaera britainiar epaitegiak baztertu du, proiektuaren jarraitzeko bidea idekia da.

Belgikako Cold Water enpresaren hazkuntzarako proiektua Walloniako ministerioak baztertu du. Proiektu hunek urtean 1.200 tonako izokin ekoizteko gogoa zuen. Belgikako Gaia Gobernuz Kanpoko Erakundea proiektuaren kontra mobilizatu da, enpresak amore eman arte. Gaiak beste garaipen bat lortu zuen, Ostendeko hazkuntza proiektu handi baten kontra, urtero 3 milioi izokineko ekoizpena aurreikusia zen. Proiektua Flandriako Ingurumen Ministerioak onartu zuen, baina Gaiak Baimen Gatazketarako Kontseiluari aurkeztu helegiteak fruituak ekarri ditu.

Espainian, Seafood Legacy enpresa norvegiarrak Galizian gisa bereko produkzio asmoa du, urtean 3.500 tona izokin ekoizpenarekin. 2025eko azaroan, proiektu hau babesteko, Galiziako Eskualdeko Gobernuak 3,5 milioi euroko inbertsioa adostu zuen.

Suitzan Swiss Blue Salmon enpresak eraikuntza baimena pausatu du, Walen aintziraren bazterrean izokin produkzioa muntatzeko. Epe laburrean urtero 2.500 tona ekoiztuko dira eta epe luzera 4.000 tona. Suitzako Fair-fish elkartea proiektuaren kontra da eta tokiko agintariek ez onartzea eskatua dute.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3843. zbk

Gure Hitza | 2026/07/16

Bihotzak bero

Peio Jorajuria

Uda betean gaude, berote handiak zizelkatua eta jende askorentzat futbolarien Munduko Kopak edota txirrindularien Frantziako Itzuliak errimatua. Bartzelonatik abiatu den Frantziako Itzuliak laster batean zeharkatu ditu Pirinioak, mendi lepo horietan metatua zen betiko zale handiaren erditik pasatuz, ikurrinak ausarkian dantzan zebilela, nahiz hiru euskal txirrindulari baizik ez diren tropelean. Itzulia bere bide doa, azken urteetako oilar bera buruan, Tadej Pogacar esloveniarra.

Munduko Kopa, aldiz, datorren igandean bururatuko da. Frantziak, orain arteko joko distiratsuena erakutsi duenak, hirugarren izarra beretuko ote du? Lerro hauek idaztean finalerdiak, Frantzia-Espainia eta Ingalaterra-Argentina, ez ziren oraino jokatuak. Egia erran, batzuek amestua genuen afrikar talde batek beretuko zuela lehen aldikoz kopa. Ez da aurtengo izango. Enetzat,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016