Herriz Herri - Baiona (L) | 2026ko Uztailaren 16a
Baionako besta alternatiboak - Gure Plaza - Karrikaldik 20 urte Baionako bestetan - Euskara praktika bestetan ere! - Euskal Museotik
Baionako besta alternatiboak
Huna Baionako besta alternatiboetako kideek zabaldu duten mezua: “Uztailaren 19an, igandez, Baionako besten azken egunean jokatuko da gizonezkoen munduko futbol kopako finala. Kirol lehia honetan ere, Euskal Selekzioak ezin izan du jokatu.
Horregatik, Baionako besta alternatiboetako kideok Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko manifestazioa eginen dugu uztailaren 19an (11:00), Patxatik abiaturik.
Pilotan eta beste zenbait kiroletan aitzinpauso batzuk lortu badira ere, Euskal Herriko kirolariek gure herriaren koloreak janzteko eskubidea ukan behar lukete kirol orotan. Ezinbestekoa da instituzioek zein kirolaren arloko eragileek eragitea eta herri mobilizazioa sustatzea, gure nazioa kirol arloan aitortua izan dadin.
7 lurraldez osaturiko herria garelako, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrika dezagun Baionako karriketan!
Bestalde, urtero bezala, kontzertuak egunero egongo dira Patxa plazan. Asteazkenean irekitze alternatiboa (18:00) egingo da, Patxan (eta ez Xina ostatu gainetik). Osteguna haurren eguna izango da, herri kirol tailer eta animazioekin. Ostiralean bertso saioa izango da eta larunbatean gazte eguna ospatuko da. Igandean manifestaldiaren ondotik, presoen aldeko ogitartekoak salduko dira”.
Gure Plaza
Uztailaren 17, 18 eta 19an, Baionako besten kari, Gure Irratiak “Gure Plaza” gune berria atxikiko du, Montaut plazan. Zuhaitzez inguratu plaza huntan, hiru egunez animazioak, karpa azpian ostatua eta jatekoa izanen dira (9:30-20:30).
Zatozte Gure Irratiaren sustengatzera!
Karrikaldik 20 urte Baionako bestetan
Hasi diren Baionako besten baitan, Karrikaldi, Jacques Portes plazako euskal guneak bere 20. urtemuga ospatuko du, dagokion programarekin. Bere idekitze ofiziala Bilabalekin egin ondoan, bost egunez 600 bat partaide musikari, kantari, dantzari, indar jokolari edo makilari gurutzatuko dira eguerdi eta gauerdi artean bere eszenatokian. Ostegun huntan arratsaldeko lauak arte, haurren eguna izanki, Karrikaldi Ttiki ditaike, haientzat egokiak diren dantza jauzi eta Lapurdiko euskal kantu txapelketako kantariekin. Ondotik lekuko eta urrunagoko talde eta bakarlarien aldi ditaike, ahantzi gabe Dantzazpi eta Baionan Kantuzen hitzorduak bakotxari kantuz eta dantzan artzeko parada emaiteko. Sobera luze litaike hemen talde guzien izendatzea, hala ere aipa dezagun AIKO, puntako bilbotar dantzaldi taldearen presentzia larunbateko Dantzazpi eta Karrikadantzan (hunek ere bere 20. urtemuga ospatzen du aurten) eta igandean Andoni Ollokiegi famatuaren kantaldia (14:00). Programa osoa Karrikaldiren Facebook eta Instagramen dago, bai eta ere www.baionan-kantuz.eus webgunean. Baionako Ikastolen karpak egun guzi horietan lekuko taloak beren osagaiekin izanen dira, bai eta ere lekuko edariak euro ala euskotan ordaintzeko gisakoak. Nahiz obretan izan, jarlekuak, itzala eta azken berritasuna, brumizadore bat ditaike, familia guzia, ttipienetik handienerat errezebitzeko gai den leku hortan. Karrikaldik hogoi urte hauetan erakutsi du besta onak iragaiteko lekua dela, eta aurten ere hala izanen da dudarik gabe!
Euskara praktika bestetan ere!
Uztailaren 18an (11:00), euskara iniziazioa eta mintzapraktika antolatuko da Txosna Gorrian.
Euskal Museotik
Uztailaren 22an (11:15), 2 eta 5 urte arteko haurrentzat animazio bat antolatua da, Pette artzainak udan mendian daraman bizia ezagutzeko. 4 euro kostako du haurka, urririk helduentzat. Izena eman bezperan eguerdi aitzin: 05-59-59-08-98.





