Han eta Hemen | 2026ko Uztailaren 16a
Euskal Hedabideen mintegia
Urtero bezala, Euskal Hedabideak elkarteak mintegia antolatu du ekain erditsuan. Aldi huntan hitzordua Itsasuko Sanoki gelan emana zen, orotara 30 bat kidek parte hartzen zutela, horietan kazetariak, administrariak eta laguntzaileak.
Euskal Hedabideak elkartearen baitan orain arte bost hedabide zenbatzen baziren (Kazeta.eus, Euskal Irratiak, Kanaldude, Ipar Euskal Herriko Hitza eta Herria), egun sei dira, Bada Ipar Euskal Herriko gazteen komunikabideak elkartea integratu berri baitu.
Hedabide bakoitzaren aktualitatea eta publizitate sailaren egoera aztertu ondotik, Euskal Hedabideek norabide txosten berria aurkeztu zuten mintegian. 2020an egin zuten ber gisan, heldu diren urteetarako lan ildo nagusiak finkatu dituzte, oraingoan 2026-2030 eperako.
Azken bost urteetako bilanaren arabera, sareak urrats inportanteak egin ditu Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideak indartzeko eta euskal komunitatearentzat erreferentziazko bilgunea bilakatzeko bidean. Helburua haatik, ez da oraindik osoki lortu. Horren ondorioz, elkarteak hurrengo bost urteetan anbizio berari lotzea erabaki du, euskararen normalizazioa eta euskarazko komunikazio eremu sendo baten eraikuntza ardatz nagusitzat harturik.
Txostenak hiru erronka nagusi jarri ditu mahai gainean: euskararen erabileraren apaltzea, diru baliabideen murrizketa eta informazioa kontsumitzeko ohituren aldaketa. Egoera horri erantzuteko, Euskal Hedabideek elkarlan editoriala indartu nahi dute, kalitatezko ekoizpen bateratuak garatuz eta publiko berrietara heltzeko formatuak esperimentatuz, bereziki gazteei begira. Ildo berean, mutualizazioa azkartzea ere lehentasuntzat jo dute, baliabideak partekatuz formakuntzan, azpiegituretan eta tresna digitalen erabileran. Iraunkortasun ekonomikoa bermatzeko, publizitate sailaren garapena eta diru iturri berrien xerkatzea ere funtsezkotzat jo dituzte. Norabide estrategiko horien baitan kokatu dute Bada gazte komunikabidea Euskal Hedabideak elkartean sartzeko erabakia: gazteengana iristeko duen gaitasuna eta komunikazio molde berritzaileak nabarmendu dituzte, eta integrazio horrek elkartearen dinamika aberastu eta etorkizuneko erronkei indar handiagoz erantzuteko aukera emanen duela uste dute.
Norabide horri segituz, Euskal Hedabideak elkarteak Ipar Euskal Herriko euskal komunitatearentzat erreferentziazko komunikazio eremua sendotzen segitu nahi du.






