Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Uztailaren 16a

Herriko bestak - Baztandarrak Trail - Herriko aldizkaria

Lasa Kantuz taldeko 8 kantariek eta 2 musikariek ederki alaitu dute herritarren bazkaria igandean
Lasa%20Kantuz%20taldeko%208%20kantariek%20eta%202%20musikariek%20ederki%20alaitu%20dute%20herritarren%20bazkaria%20igandean

Herriko bestak

Lerro hauek idaztean, herriko besten lehen hiru egunak baizik ez dira pasatuak. Ortzirale arratsean, gaualdi goxoa iragan dugu Barberaenearen inguruetan. Uztaritzeko Burrunka taldeak arrakasta pollita ukan du, jendalde ederra bildurik. Perkusio, txistu eta beste, bai eta hamar dantzari, taldeak oren bateko ikuskizun atsegina eskaini dauku, meatzarien gaia jorratuz, kantu bat ere ematen zaukutela. Artetik Oier Urreizti herritarrak bertsuak eman ditu. Larunbatean, beti bezala, gazteria multxo aski handiak ditu plazako bazterrak bete, Janus Lesterrek eta Sukenak ikusmina sustaturik, nahiz usaian baino gazte gutiago jin den. Igandean, herritarrentzat menturaz egun goxoena, paella bazkariarekin, Lasa Kantuz taldeak ederki animaturik, aitzinetik herriak aperitifa eskainirik. Hor ere jende gutiago, bero handiegiagatik. Eta arrastirian, aski berantean, artzain xakur lehiaketa da iragan, bero zakarrarekin, xakurrentzat bereziki ez hain egokia. Sei artzainen xakurrak ziren lehian. Huna sailkapena: 1. Marcel Hualde, Umil xakurrarekin, 2. Gilbert Argain, Luki xakurrarekin, 3. Michèle Acheritogaray, Ortzi xakurrarekin, 4. Henri Ouret, Olay xakurrarekin, 5. Franck Devillier, Jaki xakurrarekin eta 6. Peio Dutrey, Dai xakurrarekin.

Baztandarrak Trail

Uztailaren 25ean, larunbata, Baztandarrak elkartearen trail eguna dugu. 45km-ko lasterkaldia (BK45) goizeko 7:00etan abiatuko da eta 24km-ko lasterkaldia (BK24) goizeko 8:00etan, biak pilota plazatik. 375 lasterkariri mugatu da lasterkaldi bakotxa. BK ttiki lasterkaldia ere iraganen da, 11-14 urte bitarteko haurrentzat, 9:30etan abiaturik. Eguerditik goiti, bazkaria proposatuko da lasterkarieri bai eta publikoari.

Herriko aldizkaria

Joan den astean etxetara zabaldua izan zaigu herriko aldizkaria. Orain artekotik desberdina, arina, aireztatua eta oro har plaxenta. Herriko kontseilu berriaren presentaketa, oraingoan lau axuant badaudela (hiruren ordez), eta hautetsien lan talde desberdinen osaketa, eta beste berri andana, hala nola buruilaren 6an Maite Barnetxe zenari eskainiko zaion omenaldia.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3843. zbk

Gure Hitza | 2026/07/16

Bihotzak bero

Peio Jorajuria

Uda betean gaude, berote handiak zizelkatua eta jende askorentzat futbolarien Munduko Kopak edota txirrindularien Frantziako Itzuliak errimatua. Bartzelonatik abiatu den Frantziako Itzuliak laster batean zeharkatu ditu Pirinioak, mendi lepo horietan metatua zen betiko zale handiaren erditik pasatuz, ikurrinak ausarkian dantzan zebilela, nahiz hiru euskal txirrindulari baizik ez diren tropelean. Itzulia bere bide doa, azken urteetako oilar bera buruan, Tadej Pogacar esloveniarra.

Munduko Kopa, aldiz, datorren igandean bururatuko da. Frantziak, orain arteko joko distiratsuena erakutsi duenak, hirugarren izarra beretuko ote du? Lerro hauek idaztean finalerdiak, Frantzia-Espainia eta Ingalaterra-Argentina, ez ziren oraino jokatuak. Egia erran, batzuek amestua genuen afrikar talde batek beretuko zuela lehen aldikoz kopa. Ez da aurtengo izango. Enetzat,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016