Herriz Herri - Hendaia (L) | 2026ko Uztailaren 16a
Odol ematea - Itsasoaren besta
Odol ematea
Uztailaren 22an (9:00-13:00), odola emateko parada izanen da, Ondarraitz estadioan. Usaian bezala, hitzordua aitzinetik hartua behar da dondesang.efs.sante.fr webgunean.
Itsasoaren besta
Uztailaren 17tik 19ra, ostiraletik igandera, portuen auzoa giroz beteko da itsasoaren besta tradizionalarekin. Asteburu osoan itsasoari lotutako jarduerak, animazioak eta besta giroa izanen dira familiarekin edo lagunekin partekatzeko. Asteburuko janzkera: jantzi marinel-atorrarik ederrena eta zatozte bestara! Aurtengo egitarauan: itsas jarduerak eta itsas ateraldiak, bisitak: Décathlonen diseinu-tailerraren ate irekien bisita berezia (izen-ematea: communication-wsc@decathlon.com), baita SNSMren patruila-ontziaren bisitatzeko aukera ere. Ohiturak: igande goizean meza berezia Floridako kaian, joaldunen parte-hartzearekin; ondoren, banderaz apaindutako ontzien desfilea, itsasoaren bedeinkapena eta mutxikoak. Kontzertuak eta jatekoa: muskuilu eta patata frita bazkaria, musika eta arratseko animazioak Zarpai Banda, Kolpez Blai, Kantu, Alaiak eta DJ Antton taldeekin. Hitzordua Atseden-portuan emana da ostiralean, eta Floridako Kaia/Laranjondo karrikan larunbat eta igandean. Jateko aukera egun osoan, tokiko elkarteek eskainita: Fishing Club, AUPH, Urpean eta CMHT.





