Euskal diaspora | 2026ko Uztailaren 16a
NABO Biltzarra, Chinoko SCBC Euskal Etxearen 80 urteak eta nazioaren 250ak ospatu dituzte Chinon, zorionak!
Joseba Etxarri
CHINO, KALIFORNIA. Egun politak joan dira uztaileko lehenengo asteburuan Chinon, hilaren 3, 4 eta 5ean bere euskal bestak antolatu baititu hastapenean (1946) “Southern California Eskualdun Cluba” izena erabili zuen eta egun “Southern California Basque Club” (SCBC) izenez ezagutua den Euskal Etxeak, hondarreko urteetan Chino herria erreferentzia gisa harturik —lehenago La Puente eta Ontario— eta ekitaldiak bertan eginik. Izan ere, 80 urte bete ditu aurten SCBCk eta lagunekin ospatu nahi ukan du, batetik NABOren Biltzar Nagusia edo “Convention” bertara ekarriz ostiralean; NABOko haur eta gazteen 2026ko Udalekua hor eginik —Christian Jaureguy, Louise Camou eta Anne Marie Gariador koordinatzaile— Chino Basque Clubarekin, eta ebiakoitzean Udalekuren azken emanaldia abegikotuz; igandean ohiko piknika eginez, guziak Centro Basco ostatuan eta hiriko Azokagune edo Fairgrounds-etan.
Dominic Etcheberria ibili da ekitaldien aurkezle eta klubeko ofizialak Randy Gariador dira (lehendakari), Nicole Idiart (lehendakariorde), Amy Otondo (idazkari) eta Mayi Petraceck (diruzain). Boisetik jinik, Oinkari dantzariak arizan dira, Chino bereko Gauden Bat, Dantzari Onestak, Euskaldun Izarra eta Xori Tipiak dantzariekin bat eginik. Klika ere ez da falta izan, eta dantzatzeko musika Amerikanuak taldeak, Fresnoko Izen Gabe taldeak eta Boiseko Patxaranga txarangak ezarri dute. Lehiaketak egin dira, hala nola irrintzi, euskal pastiza eta ltxerrikiena. Aurtengo besta berezia izan da, euskal elkartearen 80 urtebetetzearekin batera, 250 urte bete baitituzte Estatu Batuek erresuma edo herrialde gisa. Historiaren lekuko, igandean aita Anttonek euskaraz eman meza hondarrean guzien eskuzartak bildu zituzten 100 urteko bi emaztek, Arlette Etchart McGurty eta Cathy Esquerrek. Eusko Jaurlaritzaren izenean, hor ziren Ziortza Olano eta Conchi Aranguren ordezkariak. Ederki pasatu da, zorionak antolatzaile, bolondres eta partaide guzieri!





