Ba ote dakixu? | 2026ko Uztailaren 16a

Munduko koparen historia (3/3)

Gilen Bacho

1970eko munduko kopa oroitzapenetan egona da. Italia eta Alemaniaren arteko finalerdia, “mendeko partida” (Italiak 4-3 irabazia), Beckenbauer bere besoarekin uhalean, Peleren ohiz kanpoko jestuak edo oraino Gordon Banks-en geldiketa (Pelek erran bezala: “Gol bat sartu dut baina Banks-ek gelditu du”). Brasilek finala irabazi zuen (4-1 Italiaren kontra) bere ataka zoragarriarekin (Pele, Gerson, Jairzinho...) eta Jules Rimet kopa betikoz begiratu zuen.

Sevillako gaua

1970eko hamarkadan, beste talde batek zituen haurren ametsak bete, Johan Cruyff-en Herbehereak. 1974 eta 1978ko munduko kopetan, haiek zuten futbol ederrena praktikatu (“futbol osoa” deitua), bi aldiz finaleraino heldu ziren baina bietan finala galdu zuten herri antolatzailearen kontra. 1974an Mendebaldeko Alemaniaren kontra eta 1978an Argentinaren kontra (munduko kopa ahalkegarri batean, Videla diktadorearen denboran). Hungariak jada erakutsi zuen bezala 1954an, ez du beti hoberenak irabazten futbolean. 1982an, Espainiak zuen mundiala antolatu. Frantzia eta Alemaniaren arteko finalerdi mitikoa jokatu zen uztailaren 8an Sevillako berotasunean. Frantziak, bere “karratu magikoarekin” (Platini, Tigana, Giresse eta Genghini), gaina hartu zuen luzapenetan, 3-1 eramanez, baina alemaniarrek azkenean berdindu zuten eta penaltietan irabazi. Finalean, Italiak zuen Alemania garaitu.


“Jainkoaren eskua”

1986an, Mexikon, Frantziak Brasil ederki garaitu zuen final-laurdenetan baina mundiala hori ohiz kanpoko jokalari baten kopa izan zen, Diego Armando Maradonarena. Leiendako minutu zenbaitek, Ingalaterraren kontrako final-laurdenean, Azteca estadioan, dena laburbildu zuten. Bi gol mitiko. Lehenik “Jainkoaren eskua”, bigarrenik “mendeko gola”, zelai erditik abiatuz eta ingeles talde erdia driblatuz. Maradonaren Argentinak finala irabazi zuen Alemaniaren kontra. 1990ean, Italian, Alemaniak zuen Argentina garaitu finalean. 1994an, Estatu Batuetan, Roberto Baggio italiarrak zuen lehiaketa argitu, gol eder zenbaitekin eta bere taldea finaleraino eramanez. Baina, finalean, bere penaltia huts egin zuen eta Brasilek zuen kopa irabazi. Brasil berriz finaleraino heldu zen 1998an baina Frantziak zuen, bere etxean, Frantziako estadioan, munduko kopa lehen aldikoz irabazi, Brasil 3-0 garaituz Zinedine Zidaneren bi buruzko golekin. 2002an, Brasil hirugarren aldikoz segidan finaleraino heldu zen eta bere 5. munduko kopa irabazi zuen. 2006an, Italiak zuen finala irabazi Frantziaren kontra (Zidanek beste burukada bat eginik baina ez baloiari!). 2010ean, Hego-Afrikan, frantsesak ez ziren autobusetik jautsi baina Espainiak bere lehen munduko kopa irabazi zuen, Iniestaren golari esker finalean. 2014an, Brasilek, bere etxean, finalerdian, bere historiako umiliazio handiena bizi izan zuen, 7-1 galduz Alemaniaren kontra. Alemaniak zuen bere 4. kopa irabazi Argentina garaituz finalean. 2018an, Frantziak zuen bere 2. munduko kopa irabazi, Kroaziaren kontra. Mbappe, 19 urterekin, bigarren jokalari gazteena izan zen, Peleren ondotik, bi gol sartu zituena ber partidan. Lau urte geroago, bigarrena izan zen hiru gol sartzeko final batean, baina beste ohiz kanpoko jokalari baten orena zen, Messirena, eta argentinarrek zuten kopa irabazi, ikaragarriko final baten ondotik. Ea, noren orena izango den heldu den igandean!



Email Facebook Twitter LinkedIn

3843. zbk

Gure Hitza | 2026/07/16

Bihotzak bero

Peio Jorajuria

Uda betean gaude, berote handiak zizelkatua eta jende askorentzat futbolarien Munduko Kopak edota txirrindularien Frantziako Itzuliak errimatua. Bartzelonatik abiatu den Frantziako Itzuliak laster batean zeharkatu ditu Pirinioak, mendi lepo horietan metatua zen betiko zale handiaren erditik pasatuz, ikurrinak ausarkian dantzan zebilela, nahiz hiru euskal txirrindulari baizik ez diren tropelean. Itzulia bere bide doa, azken urteetako oilar bera buruan, Tadej Pogacar esloveniarra.

Munduko Kopa, aldiz, datorren igandean bururatuko da. Frantziak, orain arteko joko distiratsuena erakutsi duenak, hirugarren izarra beretuko ote du? Lerro hauek idaztean finalerdiak, Frantzia-Espainia eta Ingalaterra-Argentina, ez ziren oraino jokatuak. Egia erran, batzuek amestua genuen afrikar talde batek beretuko zuela lehen aldikoz kopa. Ez da aurtengo izango. Enetzat,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016