Azalekoa | 2018ko Maiatzaren 17a
Senpereko aintzira, euskaltzaleen hitzordua
M.O.
Aurten Herri Urratsen 35. edizioa zen, urtero bezala ikastola bakoitxak bere xokoa atxiki behar zuen, zonbaitzu ostatuan, besteak taloetan, aparkalekuak ere zaindu behar... hots bada zer egin.
Aurten Herri Urratsen 35. edizioa zen, urtero bezala ikastola bakoitxak bere xokoa atxiki behar zuen, zonbaitzu ostatuan, besteak taloetan, aparkalekuak ere zaindu behar... hots bada zer egin. Burasoek badakite egun hori inportanta dela, besta horri esker baitu Seaskak proiektu bat diruztatzen. Aurtengo ekitaldian bildu diren etekinak Larzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart kolegiorat joanen dira.
Herri Urratseko ekitaldi ofiziala:
Ekitaldia hasi aitzin denek begiratzen zuten Akademiako zuzendaria, Pierre Barriere etorriko zenez, ikusiz azken egun horietan Seaska kexu zela. Pierre Marie Nousbaum-ek Senpereko auzapez bezala egin du sar-hitza, lehenik agurtuz Ipar eta Hegoaldeko hautetsiak eta bereziki laguntzaile guziak, heieri esker zelakoz holako besta hain untsa antolatua. Baliatu da hezkuntza saileko ordezkaria hor izaiteaz, oroitarazteko Senperen lehen mailako haurren %60ak elebidun eskoletan direla.
Pierre Barriere akademiako ordezkariak argiki erran du ez zela bere arduretarik eskapatuko eta Herri Urratsen izaitea lehentasunetan zuela. Pozik agertu da ikastolako haurren kopurua emendatzen ari delakoz, indar bat egin beharko dela bigarren mailako eskolekin, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) partzuergoan. Lanean ari direla 30 klaseko haurren kopuruari buruz, ez dela hola segitzen ahal. Hizkuntzen garatzeari buruz ez du dudarik aitzina joan behar denik. Erakasle berriak formatu beharko direla eta hortarako Baionako unibertsitateko euskara sailarekin lan egiten dutela.
Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen presidenteak bere hitzaldia hasi du oroitaraziz etapa berri batean sartzen zela Euskal Herria ETAren desagertzea dela eta. Esperantza du aro berri horrek hizkuntzari buruz ere aitzinamenduak ekarriko dituela. Seaskak antolatu manifestazio handia ere buruan zuen, protesta egin behar zela dudarik ez zuen, Parisek entzun zezan ikastolen mezua, 25 erakasle posturen galdea.
Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak lehen aldikoz presidente bezala agertzen zela Herri Urratserat oroitarazi du. Seaska eta Frantses Hezkunde Nazionalaren arteko hitzarmena gelditu baldin bada, esperantza du berriz mahai baten inguruan jarriko direla, ez eta karriketan manifestatzen. Besteak bezala, pozten da ikustea ikastolek duten arrakasta, haur kopurua emendatzen ari dela eta.
Mathieu Berger Akitania Berriko kontseilariak hitzaldia hasi du ohoratuz EEPko zuzendaria eta Garapen Kontseiluko presidentea, bi emazte direla eta biek lan handia egiten dutela euskaren alde, mahaiaren inguruan gizonak bakarrik izanez. Erregioek lizeoen kudeaketa ukanez, Seaskaren lizeo berriari buruz ekarri duten laguntzak aipatu ditu, bultzatzen duela hizkuntza politika aitzinarazteko. Kezkatua da Seaska eta Estatuaren arteko desadostasunaz, kontsentsu batetara deitzen duela.
Jean-Jacques Lasserre Departamenduko Presidenteak plazerrez urtero heldu zela erran du, egun hortaz baliatzen zela ikusteko galdeak eta oharrak zein diren. Departamendua kolegioetaz arduratzen baita, oroitarazi du Larzabaleko eta Baionako kolegio berriak. NOTRE legearen kasuz dela haurren garraioa departamenduaren eskutik joan, Akitania Berriaren eta Euskal Elkargoaren gaitasunetara. Gaurko egoera korapilatsu huntarik ateratzeko hitzarmen berria sortu behar dela zion, Departamenduko Kontseilua hitzordu hortan izanen dela.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako kultur eta hizkuntza sailburuak eskertu du gomita ukanagatik. Herri Urrats euskararen besta dela, euskarak etorkizuna ukan dezan Iparraldean. Oroitarazi du Euskaltzaindiak duela 50 urte bultzatu zuela euskara batua, tresna bat dela elgar ulertzeko. Aipatu du 2018ko urte bukaeran Euskaraldia ekimena izanen dela Euskal Herri osoan, euskararen onerako.
Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak bere hitzaldia partez euskaraz egin du, hor zirenen plazerrarako. Ekaineko elkargo osoko bilkuran eztabaidarat eta bozkarat ekarria izanen dela euskararen ahalmena, orain arte EEPk zuelarik. Kezkatua agertu da estatuaren jarreraz Seaskari buruz, 4 postu eskaintzea, 25 behar dituztelarik.
Paxkal Indo Seaskako presidenteak bururatu du ekitaldi ofiziala, lehen hitzak Barriere Jaunari bidaliz, onart ezina zela Bercyko ministeritzak kudeatzea erakaskuntzarako postuak, diruzaineri utziz haurren hezkuntza. “Kosta ala kosta segituko dugu prefosta” hitz horiekin bururatu du ikastoletako ordezkariak, 25 erakasle postu horiek ardietsi arte. Seaskak petizio sustengu kanpaina bat abiatu du Herri Urratsez, hautetsi guzieri galdeginez: “Seaskaren, EEPren eta Hezkunde Ministeritzaren arteko hitzarmenaren irizpideak errespetatzea eta hitzarmena berritzea”. Lehen sinaduren biltzen hasi dira, hor ziren hautetsiek dudarik gabe izenpetu dutela.
Herri Urrats, erakasleen eskertzeko gunea:
Ohidura den bezala ekitaldia bururatzean ohoratuak izan dira erretretarat joan diren ikastoletako andereñoak, aurten 8 ziren eta Maite Etcheverriak, ainitz urtez Amikuzeko ikastolan egona, horien izenean hitza hartu du.