Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2018ko Maiatzaren 17a
Parropiatik | Mintzaldi | Maiatzaren 8a | Heraitzeko bestak |
Parropiatik –
Konfirmazionea. Juanden igandean iragan da Bixintxo elizan, parropiako 26 gaztek errezebitzen zutela sakramendua. Apezpikuaren ordezko etorririk Baionako seminarioan buruzagi den Philippe Beitia jaun apeza izan da mezaren eta sakramenduaren emaile. Bere mintzaldian lañoki gaztetxo horier erran diote ''Gaur da zuentzat Mendekoste'', azpimarratzen zuela errezebituz Izpiritu saindua hunek duen indarra egiazko Jainkoaren dohaina delako. Jende alde ederrak hartu du parte. Heldu zaigun igande huntan izanen da fedearen aitormena 10:30etan beti Uztaritzen 22 haurrentzat, aste huntan zehar preparatuko dutena.
Salbatoreko beila. Jatsuko besten karietarat urte oroz bezala helduden astelehenean iraganen da. Abiatzea goizeko 9:30etan Jatsuko plazatik oinez (agian aro onarekin) eta 10:30etan segidan meza kaperan.
Mintzaldi –
Euskara? Euskararekin zertan gira? Euskaraz nun eta nola? Euskaraz bizi ahal gara? Horra gure hizkuntzari lotuak diren funtsezko galderak. Uztaritzeko datu soziolinguistikoak ikusi eta Uztaritze-Tolosa senidetza elkarteak deliberatu du Galtzaundiko adixkideak jinaraztea beren lan eredugarriaz mintzatzeko. Galtzaundi Euskara Taldea Tolosa aldeko elkarte bat da euskararen pratika normalizatzeko sortua 1990ean. Tolosan %63k euskara beren mintzaira dute eta hortaz mintzatzeko Jesus Murua eta Xabier Saizar Uztaritzen izanen dira maiatzaren 19an Lapurdi gelan goizeko 10:30etan. Xehetasun gehiago nahi duenarentzat telefono huntara deitu: 06 31 07 75 03. Deneri idekia.
Maiatzaren 8a –
Gerlari ohiek beren eguna ospatu dute meza batekin hasiz eta ondotik ohiko zeremonia oroitarriaren aitzinean, Jean Tanneau lehendakariak irakurtzen zuela egun horrentzat moldatua zen mezua. Izendatu ditu gerla hortan hil zirenen izenak (13) eta lore azau bat pausatua izan da. Hitzordua orai emana da azaroaren 11rako.
Heraitzeko bestak –
Heraitze auzoko bestak hurbilduak dira urte oroz bezala. Aitzin gostu bat bezala maiatzaren 19an izanen da auzotarren zintzur bustitzea 19:00etarik goiti plazan. Bestak berak iraganen dira 25etik 27ra. Egitaraua hauxe da. Ortzirale 25ean 19:30etan zikiro jatea Xitoak taldeak alaiturik. Larunbat 26an 14:30etan jokoak haurrentzat, 15:30etan birla xapelketa, 19:00etan mutxikoak Erdizka-rekin, 20:30etan Txakatuk txaranga, 23:00etan kontzertua ''En Tol Sarmiento'' taldea eta gauerditan dantzaldia Arpege taldearekin. Igande 27an 10:00etan meza nagusia santa Katalina kaperan, 11:00etarik 13:00ak arte zintzur bustitze eta pintxo lehiaketa eta jastaketa Josteta gizon koruarekin, 15:30 kantaldi, 17:00 mutxikoak eta 18:00etan Kautere Balet taldearen dantza ikusgarria. Besta on Heraiztar guzier.