Inbido | 2018ko Maiatzaren 17a

Jauziño bat Araba hegoaldeko puntaraino. II- Bi eliza eta zernahi arnotegi

Muslaria

Guardia eta inguruko herrietan badituzte bi mozkinbide nagusi, biak elgarri lotuak, arnoa eta turismoa. Eraikinen aldetik Guardian berean badute ondare aberatsa eta bereziki bi eliza. Biak Erdi-Arokoak, frango handiak eta biziki ederrak, bien zati batzu UNESCO nazioarteko erakunde nagusiak sailkatuak handizki babestuak izan behar direnetan. Batto da, karrika nagusian, Erregeen Andredena Ma ria eliza, españolez deitzen dutena Santa Maria de los Reyes, bere sartze xoragarriarekin, eta bestea, Jondoni Joanes Batistarena, denboran gotor-leku ere izana, erretaula miresgarri batekin, sahetsean duela ezkiladorre bat arraroa. Bainan zendako bi eliza, jendetzaren aldetik Ezpeletaren heinekoa den herri batean? Hortaz harritzen ginela erranik hango bereko jende batzuri, denak harritu ditu gure harridurak eta denek gauza bera ihar detsi daukute, beti bi eliza ukan dituztela eta hortan kito!

Arno batzu hautak

Gauza harrigarria da hau ere bainan arrunt arnoari emanak dira Guardian eta Errioxa arabar guzian. Guardian konparazione, badakizue zonbat arnotegi badituzten, "bodegas" deitzen dituztenak? Orotarat 58, kasik ezin sinetsia ere baita! Lau bakarrik herri barnean, beste guziak baserrian. Nola batzu elkartuak diren ez dute arnoa denetan egiten, batean egiten denaren parte bat beste batean da berdin atxikitzen eta saltzen, bainan denek badituzte gaitzeko soto ederrak, lurpean barna eginak, guziz egokiak, biziki toki freskoak, arnoa untsa egoiteko arraroak, barriketan lehenik - bi urteko bat - eta gero botoiletan. Arno hautak dira eskualde hortakoak eta ez dute uste-gabetarik bildua duten arrakasta hori. Herri barnean, "bodega" ezagutuenetarik da Primicia deitzen dutena, euskaraz Primizia idazten ahal dena. Hamaseigarren mendeko eraikina da eskualde bat, geroztik polliki handitua izana.

Elizaren kondu

Lau mendez segidan gutienez, orai Primizia deitzen dugun hori Elizaren kondu egona da, parropiak zituela denak kudeatzen, parropiak beraz arnoa hor egiten. Elizak bazituen gaitzeko mahastiak eta inguruko jendeak ere parropiari horrat ekartzen zituen bere mahatsak. 1836-an español gobernuak Elizari kendu zaizkion ontasun ainitz eta. Premizia bodega ere saldua izan zen. Geroztik izan da hor gorabehera frango bainan ez hain aspaldi berriz jarri dira usaia xaharrari, berriz arnoari emanez gaitzeko lehentasuna. Berritze hori hasi da 1973-an Julian Madrid izeneko mahastizain bat sustatzaile eta akulatzaile. Orai ere familia beraren esku dago afera guzia. Horko arnoak fama handia badauka. Gaitzeko sariak baditu ere irabaziak urteak jin eta urteak joan...Lehengo izena atxiki dute, "Primizia" beraz. Latinetik heldu den izena. Denboran, hor ere beste eskualde ainitzetan bezala, Elizari zerga kondu pagatu behar zen detzima delakoa, mozkin guzien ehuneko 10-a, bainan bazen ere beste zerga bat, aise arinagoa haatik, hura ere Elizak altxatzen zuena, hunenbesteko bat mozkinen lehen emaitzen araberakoa, hortakotz deitua "primizia". Izena bera denetan galdua orai bainan Guardian beti atxikitzen dutena izen hortako "bodega" hor dutelakotz...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3450. zbk

Etxeko sua etxeko hautsak behar du estali

Betiko errana

Gure Hitza | 2018/05/17

Bide berri bati buruz abiatu behar

Menane Oxandabaratz

Azken egun hauetan Euskal Herrian ETAren desegiteak sortu ditu ihardukitze ainitz, 60 urtez ezagutu dugun talde armatua hortan gelditu dela eta.

Azken egun hauetan Euskal Herrian ETAren desegiteak sortu ditu ihardukitze ainitz, 60 urtez ezagutu dugun talde armatua hortan gelditu dela eta. 2011n, Aieteko konferentziatik landa hasi ziren lehen urratsen emaiten, sortu zuela herritarrenganik esperantza handia. Ipar Euskal Herrian adostasun handi bat lortu zen, izan tendentzia desberdinetako hautetsiak, sindikatu gehienak, jendarte mugimenduak... denek bat egin zuten laguntza ekartzeko garai berri bati buruz joan zadin Euskal Herria. Hego Euskal Herrian gauzak ez dira hain errexki abiatu prozesu berri horretan, baina emeki-emeki urratsak egiten ari dira, foru sozialak antolatuz jendarteak beregana dezan aterabide bat lortzeko.

Maiatzaren 3a, Euskal Herriaren historia markatuko duen eguna izanen da, ofizialki egun hortan baitu ETAk bere azken agerraldia egin. Euskal gatazkaren konponbiderako frantses eta espainol estatuek ere badute beren eginbeharra, ardura horietarik lehena da presoen eta deportatuen kasuaz arduratzea. ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016