Herriz Herri - Banka (NB) | 2019ko Martxoaren 01a

| Aldude | Urepele

K.D.

%7C%20Aldude%20%7C%20Urepele

Baleako Haziak mikro-haurtzaindegiaren biltzar nagusia

Joan den otsailaren 18an iragan da Baleako Haziak Aldude ibarreko mikro-haurtzaindegiaren biltzar nagusia. Han ziren bilduak ibarreko hautetsiak, haurtzaindegia erabiltzen duten familiak, langileak, haurtzaindegiaren diruztatzean parte hartzen duten enpresen eta erakunde publikoen ordezkariak. Hasteko, 2018. urteko bilana egin da. Urte biziki ona izan da iazkoa, bai oinarriko funtzionamenduaren aldetik, bai aktibitate pedagogikoen arrakastaren aldetik, bai tokiko partaideekin sortu harremanen aldetik. Alabaina, administrazio kontseiluaren lanari esker, buxeta ederki orekatu da 2018an, haurren harreraren kalitatea bermatzeko gisan. Lan talde egonkorrak familien eta administralarien goresmenak merezi dituela agertu da, egiten duen lan onarengatik, beti ere euskararen presentzia zainduz eta eguneroko eginbeharrak hobetzeko formakuntza profesionalak segituz. 23 familiak dei egin diete haurtzaindegiaren xerbitxuei, heldu baita 24 haur pasatu direla lehengo apezetxetik 2018an. Aitzineko urteetan bezala, elkarte kideek jardunaldi ederrak eskaini dizkiete haurrei 2018an. Beste egitura batzuekin, Baigorrin iragan den Departamenduko Familien Egunaren antolaketan parte hartu du Baleako Haziak elkarteak 2018ko otsailean, musika zela gai nagusia. Martxoan, Maialen Torre psikologoa gonbidatu du haurrei ezarri beharreko mugak aipatzeko. Udaberrian, Iparralai musika eskolako irakasle bat ekarrarazi du musika saioak eskaintzeko haurrei, zazpi astez. Goxama haurtzain sareko haurtzainak erregularki jin dira haurtzaindegira, haurrei usaiaz kanpoko aktibitateak proposatzeko. Bestalde, Baleako Haziak elkarteak ibarreko Ate Idekietako haurren xokoa sustatu du urrian. Urtea bukatu da Familien Laguntza Kutxaren kontrol zorrotz batekin: kontrolatzaileak bi egun osoz aztertu ditu kudeantzako paper guziak, eta ondorioztatu du biziki ongi eramana dela egitura. Urte osoan, tokiko partaideekin azkartu dira harremanak: ibarreko eskolekin, Ihintza etxearekin, AIBA elkartearekin, Baigorriko eta urrunagoko haurtzainekin, Goxama haurtzain sarearekin, Garazi-Baigorri aldeko haurtzaindegiekin, Iparralai musika eskolarekin, CIAS egiturarekin eta beste erakunde publikoekin. Aurkeztu bilduma guziak aho batez bozkatu ondotik, 2019rako norabideak aipatu dira, beti ere langileen ongizatea, haurren hezkuntza eta kalitateko saretzea gogoan. Buxeta berria arazorik gabe bozkatu da, haurren kopurua berdintsu egonen dela azpimarratu da, eta ondoko xedeak aipatu dira: Departamenduko Familien Egunaren antolaketan berriz parte hartzea otsailean, jokoaren gaia hautatuz; "Jo, Kako, Jo" Josiane Aguerre-Valencia eta Philippe Alborren ikusgarriaren jinaraztea otsailean; "Sableak" Kiribil konpainiaren ikusgarriaren errezibitzea martxoan Euskal Hiriguneak antolatu Kalakaño festibalaren kari; elikadurari buruzko gaualdia antolatzea martxo hondarrean familiendako, urririk, Baigorriko Sylvie Iñarra dietetiziena gonbidatuz; Korrikan parte hartzea; udazkenean Paueko GAM musika heziketaz arduratzen den elkartearen "L'écrin sonore" instalazioa jinaraztea, eta horren inguruan proiektu pedagogikoa antolatzea tokiko buraso, eskola eta haurtzainekin... Motibazio kartsurik ez dute eskas Baleako Haziak elkarte kideek, ibarreko haurrek lehen urteetarik heziketa kolektibo hoberena eskura dezaten, eta hiru herrietako aitamak beren buraso lanean sustengua sendi dezaten.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3488. zbk

Anitz gauza badaki gauza guti dakiela badakienak

Juduen arteko erran zaharra

Gure Hitza | 2019/03/03

Bertsulari pregoilaria eta bertsu-aita

Jean-Louis Harignordoquy

Mixel Itzainaren artikuluaren hari beretik, zuzen iduritu zauku aste huntako gure hitza Jon Lopategi zenaz idaztea. Bera baino aisa zaharragoa bainan auzokidea zuen Balendin Enbeita bertsulari abertzalea, Urretxindorra famatuaren semea. 1958an Muxikako taberna batean biek elgarrekin muntatu bilkuretatik sortu zuten inguruko helduentzat lehen bertsu eskola. Anartean, Jon Lopategi ikasle egona zen Tolosako Sakramentinoetan. Han Filosofiako ikasketak eginik, geroago hura izan zen lehenbiziko bertsulari eskolatu bakarra. Plazaz plaza abiatu zen Bizkaiko eta beste probintzietako bertsulari hoberenekin. 1989an, Donostian Basarrik jantzi zion Euskal Herriko txapela. Bertsulari olerkariaren dohaina zuen. Bertsuzale anitz oroitzen dira nolako bertsu miresgarriak moldatzen zituen gai hunkigarrietaz. Adibidez hurrengo bi hauetaz: "Everest kaskora heltzean hil zauzu laguna" eta "urpera doan itsas untziaren kapitaina zira". Txapelketez bestalde, duela bi urte mundu hau utzia duen Jon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016