Euskal diaspora | 2019ko Martxoaren 03a
San Frantziskoko 2019 Bizi Emankorra sariak: Espil, Vernon eta Camou
Joseba Etxarri
SAN FRANTZISKO, AEB.
Iragan astean aipatu genuen txoko huntan South San Frantziskoko Basque Cultural Center edo Gure Euskal Etxean egin urtebetetze besta, otsail guziz elkartearen egoitzan egiten dena, ondarreko urteetan aukera baliatzen delarik San Frantzisko aldeko 'Bizi Emankorra' sarien emateko. Aurten, hiru pertsonari emanik, Jean Pierre Espil baigorriarrari, euskaldunen lagun Michel Vernon sukaldari frantsesari eta Chino-Kalifornian sortu Frantxoa Camou BCCko managerrari. Mereximendu handiz hirurer. Jean Pierre Espil baigorriarrak itzal eta oroitzapen zinez onak baditu utziak San Frantziskon, duela 17 urte zendu bazen ere, jendeak eta Gure Euskal Etxea eraiki zuten euskaldunek biziki gogoan baitute, eta harek egin lanaren emaitza denborak ez baitu batere apaldu, goititu baizik. Artzain jin zen AEBetara 1959an, Wyoming-era, eta han urtebetez arizanik San Frantziskoratu zen, sukaldari eta ostatuetan lan egiteko, ondotik bere kondu ezarririk. Hiriko Euskal Etxeko kide, Zazpiak Bat Klika sortu zutenetarik izan zen 1964an. Jean- Pierre Basque Cultural Center-ko Zuzendaritza Batzordeko lehenengo lehendakaria izan zen 1982an. Harek ezarri engaiamendu eta jakitatea, BCCko egungo gogo eta izpirituan bizirik dira. Saria bere seme Eric-ek jaso zuen. Laborarien seme, Michel Vernon Frantzia iparraldean sortu zen eta sukaldaritza ikasi zuen Belgikan. Frantzian, Alemanian eta Brasilen lan egin ondoren, 1980etan jin zen San Frantzisko aldera, hiriko eta inguruko hotel eta ostatuetan lan eginik. Alphonse Acheritogaray-k galdeginik 1996an BCCeko Executive Chef izatea onartu zuen eta lan hortan arizan da 21 urtez, denbora huntan Gure Euskal Etxeko jatetxeak izen ona eta ospea lortu eta atxiki duelarik inguruko jatetxe eta ostatu guzien artean. Gazteagoa izanagatik ez mereximendu eskasian, Frantxoa Camou-rendako izan zen 2019ko hirugarren Bizi Emankorra. Kalifornian sortu euskalduna, Frantxoa Isidor eta Marie Claire Camou-ren seme behinena da, bere anai-arreba Alain, Patrick, Dominique eta Louise bezala Chinon euskaldun hazia. Besteak beste, 1986an pilotari gisa izana zen BCCen, Chino-SFO partida bat jokatzeko, ez aldi hartan irabazteko. San Frantziskoko bere partida nagusia 1996an hasi baitzen, Kaliforniako hotel batzuetan manager ibili ondoren, BCCko managerra izateko eskaintza onartu zuenean. Geroztik hainbat ohore eta sari hartu ditu BCCek San Frantzisko aldeko Merkataritza Ganberen eta bestelako erakundeek emanik, azkenak 2018an berean, Frantxoa bertako arduradun eta buru delarik. Hirurer gure zorionak. Hitz hauek, sariak emateko zeremonian Gracian Goyhenetchek egin hitzalditik hartu ditugu, mila esker, Gracian.











