Inbido | 2019ko Martxoaren 03a

Espainiako ihauteriak

Muslaria

Ihauteriako erregina denen aitzinean
Ihauteriako%20erregina%20denen%20aitzinean

Ihaute-bestak gogoan segitzen dugu aste huntan ere. Hego- Ameriketan izanik, gero Alemanian eta Belgikan, bagoaz Espainiarat. Bazterrerat utziz haatik Hego Euskal Herriko ihauteriak, ez aparantziarik ere gutiesten ditugulakotz bainan gure artean biziki ezagutuak baitira. Denek jakinki ihauteria gaitzak izaiten direla Donostian, Tolosan eta beste hiri frangotan. Guziz famatuak ere Nafarroan ospatzen diren batzu, Ituren, Zubieta eta holako herri zonbaitetan, Lantzekoa ere denek gogoan bixtan dena! Urrunago ere beraz izaiten dira segur ihauteria ederrak. Debekatuak izanak, eta nolako larderiarekin, Franco zenaren urte latz heietan, nahiz lekuka besta alegera batzu muntatzen zituzten halere, batean udaberri-besta, bestean negu-besta. Ihauteri izena erabili gabe bainan gogo berarekin nolazpait. Denetan, ihaute-bestak berpiztuak dira eta denetan badute arrakasta handia. Ezagutuenetarik Cadiz Andaluziako portu handian egiten dena. Egundainotik badu Italiako batzuen eite. Aspaldiko denboretan jadanik, harreman jarraikiak baitziren Cadiz eta italiako Genoa portuaren artean, bien artean zernahi negozio eginez itsas-untziz. Noizbait, ihauteriako ohidura batzu ere Cadizerat ekarriak alegia-eta deusez! Ibilaldi koloretsuak izaiten dira, dena dantza eta musika. Eta nun nahi enzuten dira "chirigotas" deitzen dituzten kantuak, beste hiri frangok ere beretua duten ohidura. Kantu horien aireak beti berdinak dira edo berdintsuak, hitzak kanbiatuz haatik. Hitzak moldatzen dituzte alabainan salatzeko aitzineko hilabetetan nork nun zer huts egin duen, zer joan den arras gaizki edo bederen ez hain untsa. Doi bat gure herrietan Zanpantzar gaizoaren kontrako predikuetan entzuten direnen iduriko ateraldiak...

Alimaleko xardina

Biziki fama handikoak ere Kanarias ugarteetako Tenerife hirinagusian, egiten diren ihauteriak. Mundu bat biltzen da urte guziz. Asteartegizen aitzineko asteazkenean, neska gazte bat hautatua izaiten da ihauteriako erregina izanen dena. Ibilaldietan, hura da gero agertzen denen aitzinean. Handik bi egunen buruan, bada gaitzeko ibilaldi koloretsua, kabalkada deitzen dutena. Asteburu guzian zernahi dantzaldi. Astearte ihautez, "coso" delakoa, jendeak ba milaka azkarki mozorrotuak eta dena ziminokeria artzen direnak. Eta aratsean, ihauteria despeditzen dute alimaleko xardina baten ehorzketak moldatuz, trapu zaharrez eta paperez muntatu xardina bat. Beste nihun ez ahal da behin ere ikusten hoin irringarriak ditazkeen ehorzketarik. Zernahi emazte beltzez jauntziak eta hipaka nigarrez ari - ez egiazki bainan jendea irriz asetzeko - pena ikaragarria dutela nola xardina gaixoa hil den eta azken agur bat egin behar zaiola ahal bezen kartsuki! Apez batzu tirahala otoitzean ari bainan elizetan sekulan entzuten ez diren otoitz batzu erranez! Ele itsusiak sartuz berdin beren solasetan! Sorginak ere ibilki harat eta hunat, nehork ezin jakin zer duten gogoan. Azkenean, xardina erretzen dute eta jende guziak loriatuak, pena guziak bat-batean ahantzirik! Beste ihauteri asko bada eskuin eta ezker. Galizian gaindi konparazione. Bai eta Sitges Kataluñako herrian eta Aguilas Murzia aldekoan. Hor, beste herri batzutan ere ba funtsean, erretzen dute Don Carnal, ihauteria sobera maite duen jauna, azkenean nagusitu baitzaio Doña Cuaresma, garizuma arrunt berea daukan anderea... Jaun-andere horien arteko eztabaida kausitzen da ere gisa bat edo beste Espainian gaindiko ihaute-besta frangotan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3488. zbk

Anitz gauza badaki gauza guti dakiela badakienak

Juduen arteko erran zaharra

Gure Hitza | 2019/03/03

Bertsulari pregoilaria eta bertsu-aita

Jean-Louis Harignordoquy

Mixel Itzainaren artikuluaren hari beretik, zuzen iduritu zauku aste huntako gure hitza Jon Lopategi zenaz idaztea. Bera baino aisa zaharragoa bainan auzokidea zuen Balendin Enbeita bertsulari abertzalea, Urretxindorra famatuaren semea. 1958an Muxikako taberna batean biek elgarrekin muntatu bilkuretatik sortu zuten inguruko helduentzat lehen bertsu eskola. Anartean, Jon Lopategi ikasle egona zen Tolosako Sakramentinoetan. Han Filosofiako ikasketak eginik, geroago hura izan zen lehenbiziko bertsulari eskolatu bakarra. Plazaz plaza abiatu zen Bizkaiko eta beste probintzietako bertsulari hoberenekin. 1989an, Donostian Basarrik jantzi zion Euskal Herriko txapela. Bertsulari olerkariaren dohaina zuen. Bertsuzale anitz oroitzen dira nolako bertsu miresgarriak moldatzen zituen gai hunkigarrietaz. Adibidez hurrengo bi hauetaz: "Everest kaskora heltzean hil zauzu laguna" eta "urpera doan itsas untziaren kapitaina zira". Txapelketez bestalde, duela bi urte mundu hau utzia duen Jon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016