Kostaldean | 2019ko Martxoaren 01a
Ziburun, sozial-maileko 13 bizitegi berri
Ziburun, joan den egunean, Guy Poulou auzapeza denen aitzinean, estreinatuak izan dira sozial-maileko 13 bizitegi, hori da Patio d'Ainara etxegunea. Izena bera frango berezia, patio hori hitz española izanki, ainara aldiz euskal-hitza, nahiz ez den gehiago ainararik biziki ikusten hor gaindi. Bizitegi horiek eraikiak izan dira, sozial- mailekoak ez diren beste andana baten ondoan, Gurutze- Saindu bidearen bazterrean. Xoko pollit batean. Egia erran, segur ziburutar ainitzek ere ez dutela ezagutzen toki hori. Nun ez diren berak ondo hortan bizi. Gero eta gehiago badira haatik auzoalde hortan bizi, etxe ainitz eginak bai Gurutze- Saindu bidearen bazterrean bai eta Zaldi-Xurito ibilbidearen hegiz-hegi. Eta beste frango eraikitzen ari. Hots, herrixka berri bat ez idurika, itxuren arabera oraino handituko dena ondoko urtetan. Patio d'Ainara etxegunerat heltzeko behar da igo Gurutze-Saindu bidearen kaskoraino eta gero bestalderat jautsi. Artetik erraiteko, aipatzen dugun kasko hortan bada zuhaitz handi bat, aski ederra izana, itzal gaitza egiten zuena, eta arras denbora guti barne eihartua, eritasun batek joa izanik. Enborrean idatzia da laster errotik aterako dutela; besterik ezin egin-eta. Hurbileko jende batzuen arrangura, agian beste arbola bat landatuko dutela toki berean... Hasian hasi, hau ere oroitarazten ahal dugu: Bidea Gurutze-Saindu deitzen da, kurutze handi bat baita han berean, Ziburutik Urruñarat ateratzean, aspaldiko kurutzea dena. Bazuen ere bere kurutzefika bainan duela zonbait urte norbaitek ebatsia, kobrezkoa baitzen eta kobreak ba hein bat arrakasta hor gaindi... Ez dute berri bat ezarri, hura ere ebats lezaketela...
Berinak hautsiak
Donibane Lohizunen, joan den gau batez, norbaitek hamabost berina handi hautsi ditu Pergolako ibilbide bazterrean eta ondo hartan diren komunak ere funditu. Untsa balentria hitsa hori ere! Bestenaz ere gisa hortako berinak ez baitira hain merke eta gastu ederrak baitira beraz herriarentzat, azkenean herritarren kargu direnak nahitez.
Lahantxipiko zubian
Donibane Lohizunen, Jaldai aldean da Lahantxipiko zubia. Autobidearen gainetik eraikia bainan orai obra beharretan dena. Zubiaren azkartzeko lanak aste huntan hasi dituzte eta bada hiru hilabeterena nunbait han. Untsalaz, obrak eginen dira autoen mugimenduak aitzina segituz bi aldetarat. Noiztenka haatik, beharrez, autoak pasaraziko dituzte batean eskualde batetarat eta bestean besterat. Gisa guziz, langileak hor direno, hobe ondo hortan arraposki ibiltzen bada.
Donibane Lohizuneko elizan
Donibane Lohizunen, bi organo badira elizan. Ttipia jaz ereman zuten Landesetako lantegi berezitu batetarat eta han dena arramoldatu dute, gaitzeko freskaldia eman diote. Berriz bere tokian ezartzen ari dute bainan oraino denbora poxi bat joanen da denak pikoan izaiteko. Gisa hortan berritu organoaren estreinaldia eginen da kontzertu handi batekin, Pazko biharamunean, apirilak 22. Organo handiak ere badu berritze on baten beharra. Obra pizkorrak ba hor ere egiteko, uste baino gehiago naski, ohartu baitira zati batean amiantoa badela atsulutuki kendu beharko dena.
Hendaiako auzapezaren deia
Hendaian, herriko kontseiluak aztertu ditu jazko konduak bai eta bozkatu aurtengo aurrekontuak. Beti bezala, eta denetan bezala, gehiengoan direnek eta gutiengoan direnek ez dute irakurketa bera egin ikusiz begien aitzinean zituzten xifre guziak. Azpimarratua izan dena, aurten aitzineko urtetan baino obra gehiago akulatuko dela. Dena den, denek untsa hartu dituzte Kotte Ecenarro auzapezak bilkura hastean erran dituenak. Salatuz juduen kontrako egintzak, gero eta usuago entzuten-eta holakoak, dei bat zabalduz kartsuki denek elgarrekin ahal bezen sanoki eta goxoki behar dugula bizi, elgarren apaltzen ari gabe eta oroz gainetik solas eta egintza herratsuak baztertuz, gure artean jendetasuna haziz.
"Come Prima"
Hola deitzen da ikusgarri berezi bat eskainiko dena Hendaian, ortzirale huntan, martxoaren 1ean, aratseko 8ak eta erdietan, Variétés zinegelan. Alde batetik marrazki bizidunak eta bestetik bordeles musikari batzu, Splendor in the Grass taldea.
Didier Lafitte
Duela 35 urte, 1984-ko martxoaren lehenean, Baionan tiroz hil zuten Didier Lafitte Donibane Lohizundar gaztea, Iparretarrak taldean barne zena. Bere lagunek ez dute ahantzia, beste ainitz ere oroitzen dira hartaz. Ortzirale huntan, omenaldi bat eskainiko zaio Ziburun, Baltsan bilgunean, Lagundu elkartea antolatzaile. Aratseko 7-etan, "Génération Ik" dokumentala. Ondotik, zintzur bustitzea eta afaria. Izenen emaiteko, deitu 06 89 72 34 55