Mundu zabalean | 2019ko Martxoaren 03a

Mundu Zabalean

M.L.

Mundu%20Zabalean

Lyon-Torino trenbide proiektua geldian

Hodei beltzek inguratu zuten bat batean Lyon-Torino trenbide proiektua otsail hastapenean. 1970eko urteez geroztik lumatzen hasia den proiektu erraldoi horrekin Italiak irabazten baino gehiago galtzen duela dioen txosten bat plazaratu du Italiako obra nagusien ministerioak. Frantziak segidan ihardetsi du Italiak duela deliberatu behar proiektuak segitzea merezi duen ala ez. Bere aldetik Europa Batuak gehitu du xede horren gelditzeak abandonatzea erakarriko duela epe motzean. Kasu horretan jada ekarria duen dirua itzuli beharko zaiola. Italia, Frantzia eta Europa Batua dira proiektu horren eramaileak. 271km eginen ditu trenbideak, horietatik %70 hexagonoan, eta %30 Italian. Baina proiektuaren puntu konplikatuena da 57 kilometro lurpe bidez pentsatuak direla Alpeak trabeskatzeko, Saint-Jean-de-Maurienne Frantzian eta Italiako Suse artean. Lurpe bide horren gastua bakarrik 8,6 miliar eurotara heltzen da. Europak %40 pagatuko du, Italiak %35 eta Frantziak %25. Lurpe bidearen lehen 25 km zilatuak dira mementoan, hilabetean 400 metro zilatzen dituzte. Lan horietan ari dira 800 langile. Proiektuaren aldekoek diotenez, dena bururatu eta urtean milioi bat kamioien kargak trenez iraganen dira, ekonomizatuz 300 mila biztanleko hiri batek botatzen duen CO2 gasa. Abiadura ertainean kurrituko diren trenek bidaiariak garraiatuko dituzte bi orenen pean Lyonetik Torinora, gaur egun lau oren behar direlarik. Parean ordea proiektuaren kontrakoak asko dira, ekologistak eta ingurumenaren zaintzeko elkarteak. Diote aldekoek aitzinatzen dituzten kamioi eta bidaiari zenbakiak hanpatuak direla. Gauza berria da Italiako gobernuan den M5S alderdiak otsail hasieran proiektuaren kontra atera duen txostena. Kontu egileek segidan jakiterat eman dute proiektua gelditzen bada 4 miliar euroz goiti atera beharko direla eginak diren obren seguritatea finkatzeko.

Blanquefort-eko Ford botere publikoei trufaka

Beste behin handi handia agertzen da botere publikoen ezintasuna Blanquefort-eko Ford enpresaren aitzinean. Eskaintza ahulegia zitzaiola eta Ford-ek ezetz erran zion joan den ostegunean bere unitatea Belgikako Punch enpresari saltzeari. Nahiz heldu den agorrilean lanik gabe utziko dituen bere 850 langileak, jestu batez baztertzen du hauen erdiak lanaren mentura izanen zuen proposamena. Horrenbestez Ford-ek "Plan de Sauvegarde de l'Emploi" hetsi lanpostuetako langileen errekonbertsio plana bere gisara gauzatuko du, bistan dena botere publikoek eskatzen ziotena baino aise merkeago aterako zaio. Eta hain zuzen botere publikoak isilik daude. Mintzatzen balira Ford-en aitzinean deusik ez dezaketela egin aitortu behar bailukete. Blanquefort-eko 850 langiletarik erdia aitzinerretreta laguntza publiko pean sartuko da lantegia hestearekin. 55 urte baino gutxiago dutenek iragarri dute, CGT sindikatuarekin gau eta egun lantegiko tresneria zainduko dutela. Beldur baitira Ford-ek gauaz edo asteburu luze baten kari lantegi barneko tresneria guzia hustuko duela. Langileak deliberatuak dira tresneria hori lantegian atxikitzerat. Ikusiko botere publikoek seguritate indarrak igorriko dituzten egundainokotan berriz Ford-i plazer egiteko.

Robert Boulin-en heriotza: Estatuak burutu hilketa ote?

Duela 40 urte gertatu zen Robert Boulin ministroaren heriotza, Rambouillet-eko bazter intatsuetan. 1979ko urriaren 29 eta 30eko gauean. Valéry Giscard-d'Estaing presidentea ez zen ehorzketetara joan. Oro har heriotzatik eta 1983 arte ez da Boulin aferarik ezagun: gobernu-kideek, ministro zenaren adiskideek eta guziz familiak sinesten dute bere buruaz beste egin duela, Ramatuelle-ko ontasun bat legeak hautsirik erostean egin duen huts larria ezin jasanez. Familiak lehen autopsia sakrileiotzat hartzen du. Oro aldatzen da 1983an, jada Robert Badinter delarik ezkerreko gobernu berriarekin justiziako ministro. Jacques Verges abokata harturik, familiak bigarren autopsia bat erdiesten du. Honek erakusten du elementu anitz suizidioa serioski dudatan emaiten dutenak: pentsarazten du urerat botaia izan dela hilarazi ondotik. Handik laster autopsialariak ohartzen dira falta direla lehenbiziko aldian gorputzari kenduak izan zitzaizkion mihia, zintzur-mehaka eta birikak. Orduan Boulintarrek Versailles-eko prokuradorea salatzen dute, Robert Badinter-ek bere prokuradorearen ohorea zaintzeko, Boulin familia kondenarazten du. Geroztik familiak burutu dei guziak indargabetzen dituzte auzitegiek 2002 arte. 2002ko urtarrilaren 15ean justiziak onartzen du aitzin-inkesta baten zabaltzea lekukotasun berriak hartzeko. Lau urtez 28 lekuko entzunak izanen dira, baina epaileek ez dute auzibide berri baten argumenturik ikusten. 9 urte berantago, 2015ean Versailles-eko prokuradore berriak ikerketa bat irekitzen du, epaile-ikerlari bat izendatua da. Orduz geroztik, 36 urte gertakariak eta gero, lehen aldikoz entzuna izan da Robert Boulin-en gorputza uretik altxatu zuten suhiltzaileen burua. Urean eman aitzin hila zutela baieztatu dio epaileari. Entzuna izan da ere 1983ko autopsia burutu zuen medikua. Hark ere baieztatu du Robert Boulin eraila izan dela. Adituenek diotenez, Robert Boulin-ek etsairik handienak SAC zerbitzu klandestinoaren barnean zituzkeen. Charles Pasquak sortu talde paramilitar horrek zukeen prentsari helarazi Robert Boulin legez kontrako ontasun salerospen batean bustia zela. Eraso horri ihardesteko skud bat muntatzen ari zen ministroa. RPR alderdiari dirua brauki ekartzen zioten faktura faltsuak SAC zerbitzuak eginak metatzen zituen, prentsari lehenbailehen helarazteko. Ez diote horretarako denborarik utzi. Dena den justiziak epaile-ikerlari lagun bat izendatu du Boulin dosiera tratatzen duen epailea laguntzeko. Gisa oroz 2015ean justiziak ireki dosierak lantzen duen hipotesia hauxe da: Robert Boulin ez ote den pozoitua izan ondoan urerat botaia izan, erailketa bat hots.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3488. zbk

Anitz gauza badaki gauza guti dakiela badakienak

Juduen arteko erran zaharra

Gure Hitza | 2019/03/03

Bertsulari pregoilaria eta bertsu-aita

Jean-Louis Harignordoquy

Mixel Itzainaren artikuluaren hari beretik, zuzen iduritu zauku aste huntako gure hitza Jon Lopategi zenaz idaztea. Bera baino aisa zaharragoa bainan auzokidea zuen Balendin Enbeita bertsulari abertzalea, Urretxindorra famatuaren semea. 1958an Muxikako taberna batean biek elgarrekin muntatu bilkuretatik sortu zuten inguruko helduentzat lehen bertsu eskola. Anartean, Jon Lopategi ikasle egona zen Tolosako Sakramentinoetan. Han Filosofiako ikasketak eginik, geroago hura izan zen lehenbiziko bertsulari eskolatu bakarra. Plazaz plaza abiatu zen Bizkaiko eta beste probintzietako bertsulari hoberenekin. 1989an, Donostian Basarrik jantzi zion Euskal Herriko txapela. Bertsulari olerkariaren dohaina zuen. Bertsuzale anitz oroitzen dira nolako bertsu miresgarriak moldatzen zituen gai hunkigarrietaz. Adibidez hurrengo bi hauetaz: "Everest kaskora heltzean hil zauzu laguna" eta "urpera doan itsas untziaren kapitaina zira". Txapelketez bestalde, duela bi urte mundu hau utzia duen Jon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016