Hegoaldean | 2019ko Martxoaren 03a

Hegoaldean

Quim Torra Kataluniako presidentea eta Iñigo Urlullu EAEkoa
Quim%20Torra%20Kataluniako%20presidentea%20eta%20Inigo%20Urlullu%20EAEkoa

Espainiar estatuan hauteskundeak apirilaren 28an

Gehiengorik ez izanez aurtengo buxeta bozkatzeko, Pedro Sanchezen gobernuak hauteskundeak apirilaren 28rat aitzinatzea erabaki du. Katalandar alderdiek ukatu diote beren sustengua erabakitzeko eskubidea ez duelako onartzen... Berehala hauteskunde giroa hedatu da Hegoaldeko politikan eskuineko alderdiek (PP, Ciudadanos) eskuin muturraren laguntzarekin (Vox), inkesten arabera gehiengoa lortuko luketelako beldurrarekin. Kanpainaren lemak ere agerian dira: ez dira gai sozialak baizik, immigranteak, eta oroz gainetik Espainiaren batasun sakratua, Euskal Herria eta Katalunia jo mugan izanez. Are gehiago katalandarren kontrako auzia bete betean delarik.

Eskuineko alderdiak eskumenen transferentzien kontra

Goraxago aipatuaren ildotik, Espainiako Senatuak Sanchezen gobernuari eskatu dio ez diezaiola eskumen gehiagorik eman Eusko Jaurlaritzari, "erkidego batek eskumen gehiago izateak espainiarren arteko berdintasuna hausten duelako". PPk aurkeztu du mozioa, eta onartu egin du Senatuak, gehiengo osoa dauka PPk. Foro Asturiasek, Ciudadanosek eta UPNk ere eskaeraren alde bozkatu dute. Espainiako Gobernuak duela hilabetea Jaurlaritzari EAEko Estatutuko (1979) 33 transferentzia emateko egutegi bat aurkeztu zion eta hitzeman datozen asteetan igorriko dituela zazpi. Esther del Brio PPko senatariak erran du gobernuak ezin dizkiola erkidego bati "30 eskumen baino gehiago oparitu". Haren arabera, ez da hori "biderik egokiena", erranez "Espainiako batasuna kaltetu egiten da". PSOEk, Podemosek, EAJk, PDeCATek, EH Bilduk eta CCk mozioaren kontra bozkatu dute. Giro kezkagarria sumatzen da Hegoaldean gero eta gehiago.

Urkulluk oso larritzat jo du mozioa eta EAEko PPk, berriz, erabat babestu du

Iñigo Urkullu lehendakariak "oso larritzat" jo du Espainiako Senatuan Euskadira eskumen gehiago ez transferitzeko mozioa onartu izana. Lehendakariaren erranetan, "muga guziak gainditzen dituen burugabekeria da". Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidearen erranetan, "oso larria da Estatuaren inboluzioa". "Ez dakigu zer geldituko zaion legebiltzar honi", gaineratu du.

Hegoaldeko erretiratuen mobilizazioak

Hegoaldeko pentsiodunek manifestazioak deitu dituzte datorren hauteskunde kanpainaren hasierako. Hauteskunde orokorrak apirilaren 28an eginen dira, eta udal eta foru hauteskundeak, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak eta Europako hauteskundeak, maiatzaren 26an. Aipaturiko mobilizazio handiak apirilaren 13an eta maiatzaren 11n eginen dira eta "Gobernatzen duenak gobernatzen duela" pentsioak defendatu behar direla aldarrikatu dute. Alderdi politikoen programek beren aldarrikapenak onartu behar dituztela uste dute pentsiodunek, pentsio sistema publikoa babestea eta 1.080 euroko gutieneko pentsioa. Bestalde, pentsiodunek martxoaren 8ko greba feminista babestu dute.

Justizia?

Gertakari harrigarria beste behin Espainiar justiziaren eskutik: Sara Majarenas preso ohiaren alabari, eta berea ere denari, kanibeta ukaldika eraso egin zion gizona aske uztea erabaki du epaitegiak. Bi urtez preso egonik eta bere auziaren goaitatzean, auzitegiak erabaki harrigarria hartu du aske utziz gizona. Baina ama-alabak zaintzeko neurri zenbait gehitu ditu. Hala ere ezin da gorde epaitegiek ez dituztela kasu guziak berdin epaitzen. Jadanik aipatu izan dugu, "manada"ren kasua eta nola ez gogoratu Altsasuko gazten kasua, beti preso dagoen gazteena. Egia da Sara Majarernas ETAko preso ohia dela.

Altsasuko gazten auzia

Auzitegi Nazionalak martxoaren hasieran jakinaraziko du bere erabakia. 2 eta 13 urte arteko zigorra ezarri zien Altsasuko gazteei 2015eko urriaren 15ean Nafarroako herrian gertatutako pataskengatik. Altsasun gertatukoa ekintza terrorista izan zen ala ez erran beharko du Auzitegi Nazionalak. Anartean gazteak preso daude.

CAF eta Jerusalemen

Beasaingo CAF enpresak Jerusalemen tranbia linea berri bat eraikitzeko baimentze prozesuan parte hartzeari uko egin dio, Palestinaren aldeko elkartasuna erakutsiz. Israelgo gobernuaren proiektuak polemika handia piztu du, tranbiaren linea berriak lurralde palestinarra zeharkatuko duelako. CAFeko langileen batzordeak lehiaketa horretan parte hartzeari uko egin ziezaiola eskatua zion zuzen daritzari. OLPk oharra kaleratu du CAFeko langileen jarrera eskertuz. "Zuen ekimena eredugarria da; Europako beste langile askok ere zuek erakutsitako duintasuna, fermutasuna eta etika izanen dutela espero dugu", dio OLPk bidali gutunean.

Lehendakaria eta Kataluniako auzia

Auzitegi Gorenak otsailaren 28rako deitu du Iñigo Urkullu lehendakaria, Kataluniako prozesuaren aurkako epaiketan lekuko gisa deklara dezan. Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak bi egun lehenago eginen du, otsailaren 26an, Artur Mas Kataluniako presidente ohiarekin eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin batera. Auziak oraino zenbait astez iraunen du.

Hiru preso hurbilduak

Javier Aguirre Ibañez, Unai Fano Aldasoro eta Javier Sagardoy Lana presoak Euskal Herritik hurbiltzea erabaki du presondegietako administrazioak. 26 dira orotara horrela etxetik hurbilduak izan direnak. Javier Aguirre Logroñoko kartzelarat ekarria izanen da, Unai Fano Soriarat eta Javier Sagardoy Iruñeakorat.

Presoak: Jaurlaritza prest presondegietako eskumena bereganatzeko

Maria Jesus San José sailburu sozialistak erran du Jaurlaritza prest dagoela presondegietako eskumena kudeatzeko, eta prest dagoela berdin, bergizarteratzearen aldeko kudeantzak beregain hartzeko. Hortarako, gaineratu du presoek urratsa berengain hartu behar dute eta egin kalteaz damutu.

Foro Sozialeko biktimek indarkeria guziak aitortzea eskatu dute

Maria Jauregik, Juan Mari Jauregi ETAk 2000an hil zuen gobernadore zibilaren alabak, autokritika eskatu dio ETAko preso bakoitzari, aitor dezaten desberdin pentsatzen dutenak hiltzea gaizki dagoela. Aitortza horrek "abantaila asko ematen ditu gizarteratzeko orduan". Jauregik Foro Sozialaren batzar batean parte hartu du Donostiako Miramar jauregian, ETAren beste biktima batzuekin eta ETAko presoen senideekin batera. EH Bilduko ordezkariak ere bertaratu dira, hainbat sozialista eta jeltzalerekin batera. Peru del Hoyorekin (presondegian bihotzekoak jota hil zen ETAko preso baten semea) egon da mahai-inguruan, eta "gogoeta" egitera deitu du, "desberdin pentsatzeagatik hiltzea gaizki dagoela" aitortzeko, indarkeria "datorren tokitik datorrela".

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3488. zbk

Anitz gauza badaki gauza guti dakiela badakienak

Juduen arteko erran zaharra

Gure Hitza | 2019/03/03

Bertsulari pregoilaria eta bertsu-aita

Jean-Louis Harignordoquy

Mixel Itzainaren artikuluaren hari beretik, zuzen iduritu zauku aste huntako gure hitza Jon Lopategi zenaz idaztea. Bera baino aisa zaharragoa bainan auzokidea zuen Balendin Enbeita bertsulari abertzalea, Urretxindorra famatuaren semea. 1958an Muxikako taberna batean biek elgarrekin muntatu bilkuretatik sortu zuten inguruko helduentzat lehen bertsu eskola. Anartean, Jon Lopategi ikasle egona zen Tolosako Sakramentinoetan. Han Filosofiako ikasketak eginik, geroago hura izan zen lehenbiziko bertsulari eskolatu bakarra. Plazaz plaza abiatu zen Bizkaiko eta beste probintzietako bertsulari hoberenekin. 1989an, Donostian Basarrik jantzi zion Euskal Herriko txapela. Bertsulari olerkariaren dohaina zuen. Bertsuzale anitz oroitzen dira nolako bertsu miresgarriak moldatzen zituen gai hunkigarrietaz. Adibidez hurrengo bi hauetaz: "Everest kaskora heltzean hil zauzu laguna" eta "urpera doan itsas untziaren kapitaina zira". Txapelketez bestalde, duela bi urte mundu hau utzia duen Jon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016