Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Martxoaren 01a

Senpere

San Pantarrek, suari eskapa ezinik
San%20Pantarrek_%20suari%20eskapa%20ezinik

Kantu lirikoa elizan ostiralean

Martxoaren 1ean, (20:30), Senpereko kultur sailak antolatzen du elizaren gerizapean, operako kantu ezagunen emanaldi bat. Vivopera konpainia lirikoak nazioarte mailako artistak aurkeztuko ditu, hauen artean: Estelle Micheau sopranoa, Ania Wozniak mezzo-sopranoa, Xavier Fabat tenorra eta Baionako Vincent Simonet baritonoa. Opera ezagunetako kantu zatiak interpretatuko dituzte: Mozart-en Cosi Fan Tutte, Txirula Magikoa eta Don Giovanni, Verdi-ren La Traviata, Rossiniren Sevillako bizargilea, Pucciniren La Bohême eta Tosca, Offenbach-en Hoffmanen ipuinak, Bizet-en Carmen eta Perla arrantzaleak, Léo Delibes-en Lakmé, Gounod-en Faust, Franz Lehar-en Alargun alaia. Aditua ez izanik ere musika klasikoan, denek entzun ditugun kantu lirikoak aurkeztuak dira gure elizak duen akustika xoragarria baliatuz. Iraupena oren bat eta erdi, erreserbak 20€ (urririk 15 urtez pekoentzat) eskuratzen ahal dira Euskal Herriko turismo bulegoetan baita lekuan bertan.

Senpereko mendi lasterka martxoaren 9 eta 10ean

Heldu den astean xehetasun gehiago emanen ditugu froga haueri buruz, haatik izen-emaiteak beharrezkoak dira lehenbailehen SPUC Lasterkaren webgunean. Larunbatarekin bi lehiaketa: (9:00), Gotorlekuen Itzulia (42km, 2.800m desnibela), (11:00) Ibar Run Trail (9km800, 330m desmaila). Igandean (7:00ak eta 8:30ak) oinezkoendako bi ibilaldi hauta (16km edo 9km), (9:00) Senpereko Trail (21km500, desmaila 1.050m).

Ihiziko zakurren lehiaketa igandean

Lehen aldikotz Euskal Herrian iraganen da zeingehiagoka da 12 zakur saldoren artean (10 zakurretako andana) hauek orkatz edo basa-ahuntzaren arrastoak segitu beharko dituzte, araudi zorrotxak beterik ez baitute basurde edo erbiaren bidea hartu beharko. Hendaia eta Mugerre artean diren herrietan iraganen dira froga horiek, epaimahai batekin herri bakotxean. Hitzordu orokorra finkatua da Senpereko ihiztarien ttattolan, otsailaren 3an (7:30). Frogen ondotik, eguerdi irian, denak bilduko dira goizeko ihiztarien etxolan zikiro baten inguruan (15€), ongi gozatzeko arratsaldearekin tonbola bat ere antolatua izanen da. Xehetasun gehiagorentzat deitu David: 06-30-85-34-94 edo Sébastien: 06-64-22-07-09. Orotarat 120 zakur bilduko dira hauen hezitzaileekin, igandearekin oihanak ez dirateke isiltasunean egon beharrak.

Liburu banatzeak 65 urtez goiti

Zerbitzu berri bat plantan ezarria da Herriko Etxean, 65 urtez goitikoek, mediatekara joaiteko ordez, eskuratzen ahalko dituzte liburuak etxean egonez. Liburu partekatze horri buruz deitu behar duzue Camille: 06-26-78-33- 19. Irakurtze on deneri.

Ihauterien berri

Pentsatua zen bezala Zanpantzar- ek ez du eskapatzerik izan, suan erretzerat kondenatua izan baita, karrikako jendetzaren atseginetan. Desfile koloretsu, musikatu eta mozorrotuak, Zanpantzar-en auzitegian bukatu da. Juje mahaiak, auzi bortitz baten ondotik, gatza eta biperrez beterikoa, herriko hainbat gertakari aipatu ondoan, izigarriko sententzia adiarazi du. Erreportxu eta bekaturik handiena, Herriko Etxe eta elizan euskara beti gutiago erabiltzea.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3488. zbk

Anitz gauza badaki gauza guti dakiela badakienak

Juduen arteko erran zaharra

Gure Hitza | 2019/03/03

Bertsulari pregoilaria eta bertsu-aita

Jean-Louis Harignordoquy

Mixel Itzainaren artikuluaren hari beretik, zuzen iduritu zauku aste huntako gure hitza Jon Lopategi zenaz idaztea. Bera baino aisa zaharragoa bainan auzokidea zuen Balendin Enbeita bertsulari abertzalea, Urretxindorra famatuaren semea. 1958an Muxikako taberna batean biek elgarrekin muntatu bilkuretatik sortu zuten inguruko helduentzat lehen bertsu eskola. Anartean, Jon Lopategi ikasle egona zen Tolosako Sakramentinoetan. Han Filosofiako ikasketak eginik, geroago hura izan zen lehenbiziko bertsulari eskolatu bakarra. Plazaz plaza abiatu zen Bizkaiko eta beste probintzietako bertsulari hoberenekin. 1989an, Donostian Basarrik jantzi zion Euskal Herriko txapela. Bertsulari olerkariaren dohaina zuen. Bertsuzale anitz oroitzen dira nolako bertsu miresgarriak moldatzen zituen gai hunkigarrietaz. Adibidez hurrengo bi hauetaz: "Everest kaskora heltzean hil zauzu laguna" eta "urpera doan itsas untziaren kapitaina zira". Txapelketez bestalde, duela bi urte mundu hau utzia duen Jon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016