Egun eta bihar | 2019ko Martxoaren 03a

Egun eta Bihar

J-B d

Europa Batuaren alde

Laborantzaren feria-erakusketa nagusia, ardura "saloina" deitzen dena, joan den larunbatean ideki da beraz Parisen. Bada nun zer ikus, abere eta gaineratiko. Lehenetarik han zen Emmanuel Macron presidenta. Egun guzia han egon da, aratsean berant arte. Batzuk txalotu dute, beste batzuk hixtukatu. Prediku luze bat egin du, Europa Batuaren aldekoa. Laborariek badutela Europa horren beharra. Solas ederrak eta kartsuak. Itxuraz segurik... Zinez sinesgarriak ote? Hori denborak erranen du... Dena den, laborari frangorekin mintzatu da. Entzun ditu heien arrangurak. Besteak beste biziki xuhurki bizi den xahar batenak. Denbora berean, Horiz Jauntzien manifestaldiek aitzina segitu dute Parisen eta beste asko tokitan. Aste guziz bezala, zalapartak ere izan dira lekuka, aldi huntan gehienik Clermont-Ferrand hirian.

Aski!

Parisen bai eta beste hiri frangotan elgarretaratze jendetsuak egin dira salatzeko juduen kontrako egintza hitsak, jaz azkarki emendatu direnak eta aurten aitzina emendatzen ari. Han edo hemen, beti izan dira holakoak bainan ez hoinbeste eta oro har ez hoin herratsuak. Badira judueri itsuski mendekatzen direnak, edo zernahi erranka ariz, edo heien ontasunak fundituz, saltegi eta beste. Batzuen gustuko gobernuak behar luke larderia gehiago agertu. Gisa hartako legeak pikoan ezarriz. Hortarik ari da Nicolas Sarkozy president ohia eta joan den egunean deplauki erran du funtsean Parisen egin den manifestaldi batean. Beste batzuen ustez aski lege bada jadanik bainan jujeak dira arrunt epel agertzen juduen kontrako norbait behar delarik zigortu. Ainitzen arrangura gisa guziz, hola segituz arrunt gibelerat ari girela eta bazterrak harrotu behar litazkeela jendeak zentzu gehiago ukan dezan. Xede ederra segur bainan zer egin eta nola? Horiek hola, Macron presidenta afaldu baita judu aitzindari andana batekin, ahoan bilorik gabe erran diote ez dela barkatu behar juduen kontrako lan tzarrak egiten dituzteneri...

Preso

Ja erakusterat eman ukan dugun bezala, aspergarri kausi ditake aste guziz, edo kasik aste guziz, beti aipatzea Alexandre Benalla errekitu atrebitua, denbora batez Macron presidentaren hurbilekoetarik izana. Bainan nola egin bestela, gutien ustean zerbait berri badelarik eskualde hortarik? Joan den astean beraz, preso altxatua izan da. Auziperatu zutelarik manatua zioten ez harremanetan jartzea saltsa berean gertatuak diren lagun batzuekin. Bainan jakin da debeku hortaz ez dela batere axolatu. Harremanetan aitzina segitu duela froga batzu ere plazaratuak zian dira. Hortakotz dute itzalean ezarri. Horiek hola, gure gizonaren abokata hasarre da, biziki hasarre. Dio harreman horien egiazko frogarik ez dela, agertu direnak ez direla fidagarri, gainerat zerbait huts egin badu ere, etzela arrazoin seriosik Benalla funts hortan preso ezartzeko. Abokatak galdegin du beraz lehen bai lehen libratua izan dadien. Hainbestenarekin, ixtorio hori gogoan zenaturrek baitzuten muntatua ikerketa batzorde bat. Batzorde horrek plazaratu du txosten bat, argitan ezarriz nolako lanak akulatu dituen. Lan horiek erakusten dute preseski Benalla untsa gaizki gobernatu dela hor gaindi eta horiek oro auzitegi batean beharko direla xuritu... Txosten berak salatzen du Eliseo jauregiko kargudun batzu, eta ez nornahi, untsa gaizki jokatu direla. Gobernuak ez ditu haatik batere untsa hartu zenaturren erran horiek. Hots, korda luzea izanen da oraino afera ilun eta nahasi horrekin.

Fama handiko jostuna

Parisen itzali da 85 urtetan Karl Lagerfeld jostun guziz famatua, mundu guzian ezagutua zena bereziki modaren mundu zerratu hortan. Berenaz alemana, aspaldian Frantzian bizi, jostun etxe handi baten buru egona luzaz eta luzaz. Marrazkilari ezinago jeinutsua, sorkuntza eder harrigarriak, moldalanetan biziki trebe. Jitez arras gizon berezia, ainitz gisetarat gainerat, artixta frango izaiten diren bezala. Bere laneri esker aberastua, gure Kostaldean ere bazituen ontasunak.

Berri txarrak

Bordeleko aldean den Ford lantegi handia, orotarat 850 langile zerratzerat doa Ameriketan duen jabeak ez baitu nahi nehork hartzea segida. Mirakuiluz kanpo ez omen da gehiago lantegi horren salbatzeko mentura izpirik. Frantzia ipar-ekialdean aldiz, berri txarrak Ascoval altzeirutegiarentzat. Hor, segidaren hartzalea bazen bainan ez du aski diru bildu bere xedearen gauzatzeko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3488. zbk

Anitz gauza badaki gauza guti dakiela badakienak

Juduen arteko erran zaharra

Gure Hitza | 2019/03/03

Bertsulari pregoilaria eta bertsu-aita

Jean-Louis Harignordoquy

Mixel Itzainaren artikuluaren hari beretik, zuzen iduritu zauku aste huntako gure hitza Jon Lopategi zenaz idaztea. Bera baino aisa zaharragoa bainan auzokidea zuen Balendin Enbeita bertsulari abertzalea, Urretxindorra famatuaren semea. 1958an Muxikako taberna batean biek elgarrekin muntatu bilkuretatik sortu zuten inguruko helduentzat lehen bertsu eskola. Anartean, Jon Lopategi ikasle egona zen Tolosako Sakramentinoetan. Han Filosofiako ikasketak eginik, geroago hura izan zen lehenbiziko bertsulari eskolatu bakarra. Plazaz plaza abiatu zen Bizkaiko eta beste probintzietako bertsulari hoberenekin. 1989an, Donostian Basarrik jantzi zion Euskal Herriko txapela. Bertsulari olerkariaren dohaina zuen. Bertsuzale anitz oroitzen dira nolako bertsu miresgarriak moldatzen zituen gai hunkigarrietaz. Adibidez hurrengo bi hauetaz: "Everest kaskora heltzean hil zauzu laguna" eta "urpera doan itsas untziaren kapitaina zira". Txapelketez bestalde, duela bi urte mundu hau utzia duen Jon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016