Herriz Herri - Maule-Lextarre (Z) | 2019ko Martxoaren 01a

Maule

Maule

Euskara batuaren züberotar aitzindari bat Maule-Lextarreko mediatekan

Martxo honen 2an, neskenegün goizanko 10:00etarik haste, Jean-Louis Davant euskaltzaina Maule-Lextarreko mediatekan hizlari dükegü, euskara batuaren sorrarazteko lehen ürrats egiteen jakile bezala. Eta nola jakile... zeren eta Larrabile Zabalaineko semea Baionan 1963- 1964. urteetan euskara batuaren xedea aitzinarazteko gisan bildü zen lagün tanda batetako kideetarik izan beitzen. Euskaltzale horien lana funtsezkoa izan zen, hantik lau urtetara Arantzazun (Gipuzkoa) Euskaltzaindiak euskara batuaren sorrarazteko lehen arau-multxoak xedatü beitzütüan. Baionako biltzarrak beno lehen, haatik, eüskaltzale zonbait mintzatzen hasi ziren euskara batu baten beharraz, hala nola Resurreccion- Maria Azkue ospe handikoa, Piarres Broussain lapurtarra, Luis Eleizalde, Arturo Kanpion, Federico Krutwig, Luis Villasante... eta, gütiago jakinik balin bada ere, Agosti Xaho züberotarra! Aitzindari horien ondotik, euskara batuaren plantan ezarteko helbürüari bürüz lan egiteko xedean eta Jose-Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' famatüak aküilatürik, jente andana biltzen hasi zen Baionako Euskal Idazkaritza alkartearen egoitzan. Horietarik zortzik lana arraheinki jarraiki züen, azkenean, Piarres Lafitte ezagünaren arartez, Euskaltzaindiari igaranarazi züen arte. Lehen zortzi ürratsegile horik ziren: Txillardegi bera prefosta, Pierre Andia zabal urruñar apeza, Jean-Louis Davant züberotarra, Jean-Hiriart Urruty hazpandarra, Roger Idiart azkaindarra (eta zerbait gisaz züberotarra ere!), Eneko Irigarai donostiarra, Telesforo Monzon bergararra eta Jesus Solaun Arrankudiagarra. Egünko egüneko begietarik aski berezia üdüritüren bazaikü ere, zortzi euskaltzale horik... ordü haietako alderdi edo egitüra politikoetako ordezkariak ziren! Segürrean ere, herriaren eretzeko zilegidüra edo züzenlegetarzün baten ükeiteko gisan... eta frankismaren denborak zirela orano gogoan etxeki behar beita.

Erakuska, Hondarearen Etxean

Euskara batuaren lehen ürrats egite horietzaz mintzatüko zaikü, arren, Jean-Louis Davant, eta badüke segür zer kontat. Euskara batuaren egünkotarzünari lotzeko gisan, Allande Socarros-ek, aldiz, 2017/2018. urteetan lanean erautsi züan Euskaltzaindiko lan-talde batetako parteliant gisa, igaran azaroan agertü zen Euskara Batuaren Eskuliburua llabürki aipatüko dü. Ber ildotik, jakin behar da Euskaltzaindiak plantan ezarri düan "Baiona, 1964: euskara batuaren zedarria" erakuska ikusgei dela Maule-Lextarreko Hondarearen Etxean - Lextarreko plazan - martxo honen 16ala artino. Erakuska hontan ageri dira, besteak beste, 1963-1964. urteetan Baionan bildü zen lantalde haren izkiribüzko oharrak eta proposamenak. Gure mintzajearen bide lüzean beharbeharrezko zedarri baten leküko direnak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3488. zbk

Anitz gauza badaki gauza guti dakiela badakienak

Juduen arteko erran zaharra

Gure Hitza | 2019/03/03

Bertsulari pregoilaria eta bertsu-aita

Jean-Louis Harignordoquy

Mixel Itzainaren artikuluaren hari beretik, zuzen iduritu zauku aste huntako gure hitza Jon Lopategi zenaz idaztea. Bera baino aisa zaharragoa bainan auzokidea zuen Balendin Enbeita bertsulari abertzalea, Urretxindorra famatuaren semea. 1958an Muxikako taberna batean biek elgarrekin muntatu bilkuretatik sortu zuten inguruko helduentzat lehen bertsu eskola. Anartean, Jon Lopategi ikasle egona zen Tolosako Sakramentinoetan. Han Filosofiako ikasketak eginik, geroago hura izan zen lehenbiziko bertsulari eskolatu bakarra. Plazaz plaza abiatu zen Bizkaiko eta beste probintzietako bertsulari hoberenekin. 1989an, Donostian Basarrik jantzi zion Euskal Herriko txapela. Bertsulari olerkariaren dohaina zuen. Bertsuzale anitz oroitzen dira nolako bertsu miresgarriak moldatzen zituen gai hunkigarrietaz. Adibidez hurrengo bi hauetaz: "Everest kaskora heltzean hil zauzu laguna" eta "urpera doan itsas untziaren kapitaina zira". Txapelketez bestalde, duela bi urte mundu hau utzia duen Jon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016