Azalekoa | 2019ko Urriaren 17a
Sugarai kooperatiba saristatua!
MO
Urratsez urrats negura buruz abian girela eta interesatu gira Hergarai ibarrean plantatua den Sugarai segeriaren ezagutza egiteko. Peio Harlouchet kooperatibako kide batekin hitzegin dugu, azaldatu dauku nundik abiatu zen egur mozteko eta saltzeko proiektu hau.
Ibarre baten nahikeria 2015ean SCIC Sugarai (Société Coopérative d'Intêret Collectif) sortu bada, jadanik 2009an "Hergarai Bizi" egunen kari auzo hortako herritarrak gogoetatzen hasi ziren oihanen egurra nola erabili. Jadanik Mendiben segeria famatu bat bazen 39-45eko gerla denboran anitz aipatua izan zena, 1922an sortu zen eta 1955ean hetsi. Historia horren jabe dira hor bizi diren batzuk, oroitzapenak dituztela. Hortarik abiatuz, Peio Harlouchet-ek erraiten zaukun "oihanera sartzeko gogoa" piztu zaiela, proiektu baten abiatzeko lehen pindarrak izanez, pentsatu zuten proiektu bat eraiki behar zela, oihanen kudeaketa iraunkor baten eramaiteko eta oihaneko baliabideen balioztatzearen helburuarekin. Sortu zuten Sugarai kooperatiba, nun edozein pertsonek parte hartzen ahal duten, bai eta ere elkarte, Herriko Etxe... hots lurralde batean bizi diren aktore guziek beren iritzia eta proiektuaren eramaiteko partaide izan daitezen. Sugaraiko kideak azpimarratzen zuen, edozein izan bakoitzaren diru-ekarpena, denak hein berean gelditzen direla, denek ber boterea izaiteko gisan. Sugarai enpresa Hergarain oihan anitz badira, laborantza arloan lehentasuna emana izan da bereziki kabala hazkuntzan, oihan eremu horier sobera kasu egin gabe. Sugaraik pentsatu zuen eremu hortan egurra trumilka izanez, behar zutela hori erabili berotzeko egurra ekoiztuz. Tokiko janaria kontsumitzen den dinamika berdinean, hurbileko berogailua erabiltzeko ber xedearekin eraiki dugu kooperatiba, zioen arduradunak. ONF eta CRPF (Centre Régional Propriété Forestière) egiturekin harremanetan sartu ziren, oihanen diagnostiko baten egiteko, bai eta moztu behar diren arbolak zein ziren jakiteko. Oihan jabeekin ere harremanetan sartu dira edo jabea Sugarairekin, Peio Harlouchet-ek zioen lotura bi sentsutan egiten dela. Mozten diren arbolak ahulak dira, ez dute aski indar pusatzeko edo eri dira edo "hormatu arbola". Arduradunaren erranetan, kasu egiten dute arbola bat baliagarri baldin bada zurgin edo altzari maiasturu batentzat, ez moztea. Berotzeko egurra Peio Harlouchet-ek zioen ez zela mendi kaskoetara joan behar egurra ukaiteko, Hergarai auzoan badela aski, bi egur mota saltzen dituzte. Lehenean Donibane Garaziko pizina, bi zahar etxe (Donibane Garazin eta Izpuran) eta Mendibeko gasnategiak erabiltzen dutena: "ekoizpen xehekatua" (plaquette) enborra edo trunkoa moztua da xeheki eta beste mota partikularrek erabiltzen dutena ezteraka (61€tan/eztera). Sugaraiko ordezkariak erraiten zaukun berogailu merkenetarik dela, horrez gain lehengo arbasoen ohiduretara berriz itzultzen ginela oharra egiten zuela. Lan hau guziaren eramaiteko langile bat badute denbora osoz eta beste bat denbora- erdiz, mozte eta etxeetara banatze lanak dituztela egiteko. Peio Harlouchet lorios zen, berrikitan jakin baitute Trantsizio Ekologikoaren Ministeritzatik "Bas carbone" labela Sugaraiek eskuratu zuela. G7 gailurrean proiektu batzuk pausatuak izan ziren CNPF (Centre National de la Propriété Forestière) egituraren babespean, Hergaraiko segeria lehen atera da zirkuitu laburreko egurraren energiaren sektorea garatzea bultzatzen duelakoz. Hiru proiektu dira lagunduak izan: oihan landatzea, diren oihanen sasi garbitzea eta "balivage" deitzen dena arbola onen hautatzea eta horren medioz oihanaren airestatzea edo garbitzea. Horri esker enpresari aktibitatea garatzeko ahalak emaiten zaizkio bai eta ere sinesgarritasuna, urtero diruztatuak izanen dira, oihanen kudeatzeko, bai eta ere beren enpresaren handitzeko ahalak emanez. Label hori gobernamenduak plantan jarri zuen klima berotegi efektuaren eta CO2ren aurkako borrokan, tokiko ekimenak sortzeko eta sustatzeko. Proiektuak ingurumenaren kalitatea eta gardentasuna bermatzen ditu eta ministeritzak diru-laguntzak eskaintzen ditu eragile publiko eta pribatueri. Enpresa garatzen Sugaraiko ordezkariak zioen dituzten bastimenduak ttipiak direla, aktibitatea emendatuz doala, horrekin batean behar den tresneria ukan behar dutela ezinbesteko fresak eraginez. Enplegu sortzaile ere dira, gaur egun langile bat denbora osoz eta beste bat denbora erdiz ari baitira. Sugarai kooperatibak handitzeko beharra ukanez herritar deialdi bat abiatua du kapitalaren emendatzeko, akzio batek 100€ balio du, nornahik hartzen ahal du, aski da harremanetan sartzea scicsugarai@ gmail.com helbidera idatziz. Elgarrekin bide beretik Sugarairen langintza sartzen da beste enpresa batzuen dinamika berdinean, I-Ener sozietatearekin, ezagutua dena bereziki toki publikoetan pano fotovoltaikoen instalatzearekin bai eta Enargia argindar hornitzailearekin. Peio Harlouchet- ek zioen izpiritu berdinean direla 3 kooperatiba horiek, energia berriztagarriak abiaraztea tokian berean, partzuergo horren garrantzia azpimarratuz.









