Gogoa hazi | 2019ko Urriaren 17a

NEGARRAK

Maite Irazoqui

Udazken huntan, Urruñako herriak eta parropiak ohiz kanpoko manera batera bizi izan dute gertakari bat. Bortz urte hauetan parropiako apez zen Peio Noblia joan da. Ez da joan erretreta hartzeko, ez ere bertze parropia batean erretor izaiteko, bainan bere ikusmoldeak eta diozesa huntako erabakiak ezin bateratugatik. Euskaraz emaiten duen mezan, igande oroz, bere agurrak erran ditu iraileko azken igandean eta heien ondotik eskertzeko entzun dituen hitz goxo eta leialak bere bihotza urratu dute eta negarrez hasi da. Bere baitako pena handia alde batetik eta mezan ziren euskal fededunen eskerrak bertze aldetik, negarrak sortu dituzte bai apezaren begietan, bai hor ziren begietan. Meza bururatu da negarretan. Negarrak "hitz mutuak" dira. Solas anitz ibiltzen dira ideiak, gogoetak, arrazoinamenduak, argumentuak erraiteko; ele eta hitz ibiltzen dira istorioak kontatzeko, gauzak adierazteko, gure baitako sentimenduak erraiteko eta normalean bizitzeko. Hitza baita emazte-gizonen berezitasuna. Eta badira "hitz mutuak", edo negarrak. Gure kulturan, ez dira arras onartuak. Gehienetan ahultasunaren marka bezala hartuak dira, eta beti azkar, bere buruaren nagusi eta beti uros agertu behar den mendebaldeko mundu huntan, negarrek ez dute arrakasta onik. Emazte bat bazira, ahultasuna onartua ditake eta ondorioz negarrak ere. Gizonen negarrak ez dira maiz ikusten. Alta, "hitz mutu" horiek balio handia dute! Ez, nolanahika egiten diren negarrek, bainan gorderik atxiki nahi den pena bat-batean gainditzen delarik, begiak eta zintzurra betetzen dituzten negarrek. Xalbador bertsulariak aski ongi aipatzen du Mattin bere bertsulari laguna: "Gure Mattin ezagutzen duten guzier, nik uste, hartaz oroitzeak berak irria ekar arazten diotela; ezpainetaraino ez bada ere, bihotzerat segurik. Berak ezpainetan irria du beti, eta mihian ere irri gaia. Hola agertzen zauku beti Mattin. Bainan hola jokatzen da guri atsegin egiteagatik, nehon min hartzen ez balu bezala. Aski estimatzen ote dugu gauza hori? Bainan Mattinek baditu bere zauriak, eta horietarik batean jo zuen behin Aranalde apezak Añorgan, galdegin ziolarik Paris-erat joana zuen semeari hiru bertsuren kantatzea. Ni gibelean nintzan; ez nuen Mattinen aurpegia ikusten. Bainan ohartu nintzan etzezakela kanta; uste nuen zintzurrean zuela zerbait traba. Ba, egiaz traba bazuen: bihotza eta zintzurra hestutzen ziozkan, gainditu zitzaion negarrak. Horra Mattin, gure ustez bihotz sendoko gizona, haur bat bihurtua! Gutik egin zuen, nihaur ez bainintzan negarrez hasi. Hainbertzetaraino hunkitua nintzan." Eta Xalbadorrek bertsu hau egin zion biharamunean: Aranalde apeza gai-emaile fina, Hark dautzu jauzarazi negar-zotina Semeaz kantatzea zautzun galdegina Nola Paris alderat dautzun aldegina Ez bada burdina, Atzotik aintzina Daukake jakina, Zonbat den samina Seme urrunduaren aitaren mina1 Errespetu handirekin eta maitasun goxoenarekin hartzen dira gorderik dagotzin penaren negarrak. Peio Noblia joan da eta Urruñako parropiako euskaldun fededun anitz penetan dira. Apezaren negarra, bihotzaren oihu isila. Bere artaldetxoaren griña, Jainkoak entzun dezala.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3519. zbk

Gure Hitza | 2019/10/17

75 urte

Peio Jorajuria

Ahal gutirekin bizi izan da, xumeki, espantu handirik gabe. Eraman duen bizi lapartsuan gostaia gosta aitzina jo du, tematsuki. Eta gaur beti hor da. Bizi lapartsua, diot. Ez da arras hala. Bizi zoriontsua ere eraman du, hainbeste eta hainbesteren atsegina betez. Eta euskararen zerbitzuko, beti. Aste huntan 75 urte betetzen ditu. Baina nor dugu aitona hori? Herria astekari hau, bistan da! 1944ko urriaren 19an eman zituen lehen urratsak. Aitzineko agorrilean behin betikoz debekatua izan zen Eskualduna astekaria, gerla denboran kolaborazionista izateagatik. Ipar Euskal Herriko euskal irakurlegoa umezurtz gelditu zen. Hutsune hori nahi izan zuten bete euskaltzale batzuk, Piarres Lafitte buru. Baina etsaigoan eman zituen lehen urratsak Herria astekariak. Alabaina, inprimatua izan bezain laster, Postan berean blokatua izan zen, orduko Prefetak zabaltzea debekaturik. Zenbait asteren buruan Piarres tematsuak ardietsi zuen halere aitzina jotzea eta bigarren zenbakia...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016