Euskal diaspora | 2017ko Apirilaren 13a
Korrikaren arrakasta mundu osoan, Aberri Eguna, Euskal Argentina, Sara eta Venezuela
Joseba Etxarri
KORRIKA
Euskal Herrian eta munduko leku gehienetan bururatua, eta arrakasta handiz gainera, 2017ko Korrikak baditu oraino bere azken metroak egitekoak Diasporan. Heldu den asteburu huntan, konparazio, Argentinako Necocheara helduko da (edizio guziz Korrikari À¯'¬'er atxikia den lekua da Necochea) eta lasterka ari izan eta egun pasa polita eginen dute, piknik eta guzi larunbatean Necocheako euskaldun eta euskaltzaleek. Behar da erran Diaspora inoiz baino azkarrago ibili dela Korrika 20n, eta Euskal Herriko ibilbidean eta munduan zehar eginiko lasterketa llabur eta ekitaldietan partaidetza handia lortu duela, Boise eta Montrealetik Txileko Santiago eta Buenos Aireseraino, eta Europako Munich edo Berlindik, Kaledonia Berriko Noumea edo Australiako Sydney eta Melbourneraino. Zorionak arrakasta ahalerazi duten guzieri!
ABERRI EGUNA
Heldu den igande huntan eta ondokoetan, Aberri Eguna ospatuko dute munduko hainbat euskal etxetan. Beti aipatzen dugu Euskal Herrian berean baino gehiago ospatzen dela Aberri Eguna munduan, herrimin sentimenduak eraginik seguruenik. Leku guti batzu aipatzearren hala eginen dute New Yorkeko Eusko Etxean, Habana eta Miamikoetan, Venezuelako Caracas eta Caraboboko Eusko Etxeetan, Mexiko hirikoan, Madrileko Euskal Etxean edo Necocheako Euzko Etxean berean. Leku frangotan, ez ahantzi, ekitaldiak gibeleratu eta astebeteren buruan edo bi asteren buruan ospatuko dituztela, jendearen bakantza eta oporretarik urrundu eta jende gehiago biltzeko.
EUSKAL ARGENTINA
Euskal Argentina elkarteko lagunak heldu den ibiakoitzean bilduko dira urte guzizko Biltzar Nagusian, Donibane Garaziko Herriko Etxean 9:30etarik goiti. Ondoren eginen duten bazkarian Bankako Menditarrak ari izanen dira kantuz. Ez dakit Frantxua Juanicotena laguna jinen zaukun, baina berari eta bere emazte Añamariri gure besarkada tinkiena. Bilkuran, Monika Legarto buru duen elkarteak, besteak beste 2016ko Necocheako Euskal Asteko berri pasatuko du, eta aurtengo azaroaren 1012an Buenos Aires probintziako San Nicolaseko Euskal Astea ere aipatuko du hain segur.
SARAKO BILTZARRA
Aipatua da HERRIAko beste sailetan Saran Bazko astelehenez eginen den Idazleen Biltzar eta feira, aurten bi egunez, igande eta astelehenez antolatua. Hor, Diasporari buruzko stand batekin lerro honen sinatzailea ukanen duzue, erran bezala heldu den igande eta astelehenez. HERRIAk berak ere beste stand bat ukanen du. Sara bisitatzeko ideia duzuenei, ez ahalgetu eta inguratu gu agurtzera, plazera izanen baita solas batzu elgarrekin egitea.
EUSKAL VENEZUELA
Azkenik, bi hitz, gogora ekartzeko euskal venezuelarrei, heldu den asteko ibiakoitzean ukanen dutela urteko elgarretaratze besta Bizkaiko Galdakaon. Xehetasun gehiago, pamayaz@gmail.com helbidera idatzirik.










