Azalekoa | 2017ko Ekainaren 01a
Baionako KONTRAPAS liburutegiak 20 urte
P.J.
Baionako Bourgneuf karrikan aurkitzen da Kontrapas liburutegia, Jacques LafÀ¯'¬'tte karrikaren juntan kasik, gure astekariaren bulegotik urrats batean. Aitzinetik pasatzean frankotan agurtua izan dugu liburutegi horren barnean edo atean andere bat, Béatrice Candy-Bercetche, sortzez urruñarra baina Baionan bizi dena. Joan den astean bisitaño bat egin diogu eta goxoki ari izan gara eramaki duen sailaz solasean.
Baionako Bourgneuf karrikan aurkitzen da Kontrapas liburutegia, Jacques LafÀ¯'¬'tte karrikaren juntan kasik, gure astekariaren bulegotik urrats batean. Aitzinetik pasatzean frankotan agurtua izan dugu liburutegi horren barnean edo atean andere bat, Béatrice Candy-Bercetche, sortzez urruñarra baina Baionan bizi dena. Joan den astean bisitaño bat egin diogu eta goxoki ari izan gara eramaki duen sailaz solasean.
Liburu zahar eta bigarren eskukoak
1951n ireki zen liburutegi hori, orduko jabearen izena zeramala, diskoak eta liburu xaharrak saltzeko. 1997ko urtarrilaren 2an zuen liburutegia Béatrice Candy-Bercetchek beretu, "Kontrapas" izena ematen ziola, Bernat Etxepare baxenabartar idazlearen kantu famatutik ("Euskara jalgi hadi plazara"), liburutegiaren jabe berriak euskara eta Euskal Herriarentzat daukan atxikimenduaren seinale. Badu beraz aurten xuxen 20 urte eskutan daukala Kontrapas. Liburu zahar eta bigarren eskukoetan berezitua da, poesia, literatura, historia eta giza-zientzietakoak gehien bat, komikiak ere, eta bistan da Euskal Herriari buruzkoak. Bi-herenak frantsesezkoak balin badira, euskarazkoak ere aurkitzen dira, nola ez, jabea bera euskaraduna izanki, eta harekin euskaraz mintza daiteke goxoki.
Liburuzale asko
Liburutegira sartzean, ikusiz hango liburu saldoak metatuak, ematen du gaitzeko nahaspila dela. Baina ez uste izan hala denik, denak molde berezi batean sailkatuak dira, errexki aurkitzeko gisan. Eta Béatricek erran digunaz, liburuzale asko pasatzen zaio liburutegitik. Bigarren eskukoen bila, merke direlakoz, edo agortuak, bertze liburutegietan ezin aurkituak, idazle ahantzien obrak, eskoletako aspaldiko liburuak... Liburu arraroen bila dabiltzanak ere. "Honat etortzen direnak, gutiz gehienak leialak dira, irakurle handiak, batzuetan kolekzio edo bilduma biltzaile errabiatuak..." Adin eta oÀ¯'¬'zio guzietakoak heldu zaizkio, eta ez hemengoak bakarrik, zenbait aldiz urruneko eroslea edo bakantzatiarra. Lan horretatik bizitzekoa aise ateratzen ahal duenez galdegin diogularik, erran digu berriki arte hala edo hola ateratzen zela, espanturik gabe beharbada "bainan ez naiz pleinituko, maite dutan lana egiten dut". Gaur, haatik, bigarren eskuko liburu saltzaileen ildoa biziki zaila bilakatua dela digu aitortu, bertze komertzio askorentzat bezala funtsean. "Badira egunak nun ez den liburu bakar bat ere saltzen, bertze batzuetan zorionez zenbaitzuk halere, baina hilabete bukaerako kargak ordaintzerakoan, zenbait aldiz zaila da". Beharrik, gaur egun internetez ere egin daiteke komertzio, eta hori oso lagungarri zaio. Eta bertze gauza bat ona, Bourgneuf karrikako komertsant guziei suertatu zaiena, karrika hori osoki berritua izan da, oinezkoentzat lauzaturik eta autoei debekaturik, kazeta honek joan den urtarrilaren 12ko zenbakian kontatzen zuen bezala. "Berritze horrek eta bereziki karrika oinezkoeri osoki uzteak hats berri bat eman dauku, ondorio onak jadanik sendi ditugu" dio Béatricek, "jende gehiago heldu zaiku, karrika hau berriz atseginez deskubritzen dutela".
Ate aitzineko otarrea
Kontrapas liburutegira hurbiltzearekin, sartzeko atearen saihetsean maleta eta otarre bat aurkitzen dira. Alde batean, bi eurotako liburuak dira maleta batean presentatuak, hots kafeño baten prezioa baino doi doia gehixeagotan. Eta bertzean, otarre batean diren liburuak dira hortik pasatzen direnei eskainiak, urririk, hartzaileek irakur ditzaten eta ondotik beste batzuei eskaini. "Alternatiba Eguna Baionan muntatu zenean nuen horren ideia ukan: jende batzuk beren liburu bat edo bertze pausatzen dute otarrean eta bertze jende batzuk hartzen, gisa hortan beti norbaiten zoriona egiten dela eta liburua uste ez den eremuetara airatzen". Bai, liburutegi zinez partikularra eta atseginezkoa dugu Kontrapas, asteartetik larunbatera irekia (10:00-18:00). Eta hau ere erran dezagun, Béatricek atsegin du bere Facebook kontuan liburutegian iragaten diren anekdota polit batzuen kontatzea. Kuriosek, menturaz, hor ere atzeman lezakete zorion.











