Egun eta bihar | 2017ko Ekainaren 01a
Egun eta Bihar
J-B D.
Deputatu-bozak hor berean ditugu! Lehen bozaldia igandean zortzi alabainan. Egia erran, denetan edo kasik denetan lehen hori ez da askiko, bigarren bat beharko da ondoko igandean, ekainak 18.
Zonbat hautagai!
Deputatu-bozak hor berean ditugu! Lehen bozaldia igandean zortzi alabainan. Egia erran, denetan edo kasik denetan lehen hori ez da askiko, bigarren bat beharko da ondoko igandean, ekainak 18. Lehen bozaldian berean hautetsia izaiteko alabainan behar da bildu boz guzien erdia baino gehiago! Nun gerta ditake hori jakinaren gainean sekulan baino hautagai gehiago badela, bana beste batean bozgune bakoitx 14! Orotarat 7882 hautagai, 4538 gizon eta 3344 emazte. Aitzineko aldietan baino aise emazte gehiago, parekotasunerat heldu gabe halere...
Kitzikari
Aski errepikatzen dute hor gaindi, hautetsiak, eta gehiago oraino minixtroak, xuxen xuxena behar direla ibili eta hasteko beren onetan, ez izan beraz saltsero batzu hartaz edo huntaz ederki baliatzeko, dena jukutria eta azpijoko... François Fillon gobernuburu ohiari ederki gosta zaio afera president-bozetan hautagai izan delarik, ez zela xintxoki jokatua ziotenek galarazi baitiote denen buru partida, auzitegietan deus trenkatua izan aitzin ere! Emmanuel Macron president berriak aski gora errana du, eta aldi bat baino gehiago, kargudunek behar dutela orratza bezen xuxen ibili, bestenaz hanbat gaixto heientzat! Eta horra nun jadanik badiren kitzikan hasiak À¢'€'" kitzikari edo kitzikero, bakoitxak bere gusturat deitzen ahal ditu - ikuska eta miaka minixtro berri horiek, Macronen lagun handiak besteak beste, beti xuxen ibiliak direnetz. Begietan dute Richard Ferrand, lurraldeetaz arduratzen den minixtroa, baizik-eta tratu oker zerbaitetan ez ote denetz partzuer izana duela sei urte. Keinka hartan ez zen haatik oraino deputatu. Dena den, delako tratua, okerra edo ez okerra, bere emaztearen konduko sailean egina izanki. Bada hor nunbait gisa guziz saltsa bat ederra bainan ez du naski iduri minixtroa bera hobendun ditakeela. Hasian hasi haatik, beste ixtorio bat atera dute minixtro beraren kontra. Deputatu zenean, bost hilabetez bere seme bat ar-arazi duela lanean bere laguntzaile bezala. Hori egia omen da bainan legez haizu zen gauza, seme hori egiazki lanean arizan baita eta arras arrazoinki pagatua izan baita... Hauxe da halere gogoetagarri: joan den urtarrilean, Richard Ferrand azkarki mendekatu zen beren familiako norbait laguntzaile bezala hartzen zuten deputatueri, batere salatu gabe berak gauza bera egina zuela ez hain aspaldi!Neurri bereziak
Badu urte bat eta erdi segurtasun neurri berezi batzu jasan behar ditugula, gaitzeko atentatuak izanik Parisen eta Nizan, besteak beste, baizik-eta gisa bereko gertakari ilun batzuen irriskua ez dela batere ttipitua. Neurri horiek bali oraino uztailaren 15-a arte. Eta gero? Hortaz badira eztabada batzu arras bipilak. Gobernuak nahi luzke neurri horiek aitzina atxiki Omiasaindu arte segurik. Jendartearen eskubideetaz arrangura handia duten elkarte asko ez dira ados. Holako neurriak on direla hunenbeste denboraz bainan ez sobera luzaz. Urte bat eta erdi, jadanik denbora ainitz dela... Hainbestenarekin, Macron presidentak badu naski besterik gogoan. Lege berri bat nahi luke bozkarazi lehen bai lehen, neurri zorrotz parrasta bat sartuz lege berri hortan, alde bat baliagarri litazkeenak, joko polita orobat orai artinoko neurri berezien beharrik ez izaiteko... Deputatu-bozen ondotik ikusi behar sail hortan ere zer egiten ahalko den...










