Gure Hitza | 2017ko Ekainaren 01a
Bertsulari herrikoia
Jean-Louis Harignordoquy
Heldu den igandean zortzi, ekainaren 11n, bertsolari eta bertsozale parrasta bat bilduko gara Ahetzen, Mattinen herria deitzen dugun Lapurdiko herrian.
Heldu den igandean zortzi, ekainaren 11n, bertsolari eta bertsozale parrasta bat bilduko gara Ahetzen, Mattinen herria deitzen dugun Lapurdiko herrian. Haatik, aldi honetan hain xuxen Mulieneko auzoan bizi den Txomin Ezponda dugu omenduko. Garazi Jatsuko semea ainitzek Dominique Esponde deitzen badute ere, berak duda izpirik gabe onartu zuen bertsozaleek Txomin Ezponda euskal izenaz deitzea.
Xanpun zenaren kasuan bezala, nola egon aitortu gabe Ezpondaren bi dohain ederrak: bertsolari eta antzerkilari izatea. Bi dohain horiei lotua, mintzatzeko bere errextasun handiari esker hirugarren bat ere landu ukan du. Hau da txiste kontalari bilakatzea, bereziki Ernest Alkhat zena eta Ugutz Robles-ekin plazatik plazara ibiliaren bortxaz. Antzerki sailean, 1969an Xanpun eta Ezpondak Baionako antzoki nagusian eta bertze leku batzuetan jokatu zuten "Matalaz" Piarres Larzabalen obra famatua. Ordukotz bi antzerkilariak ezagunak ziren Xalbador eta Mattinen bertsolari lagun gisa. Geroago eta luzaz, Iparraldean ez zen bertsu saiorik antolatzen Ezponda bederen gomitatu gabe. Bertsu konpreni errexen moldatzeko gaitasuna baitauka. Bere umore airosak eta antzerkilari talentuak lagundurik jendeari irri eginaraztekoa ere bai. Hara zergatik beti bertsolari laketa eta herrikoia izan den. Izan gaitezen zaharrago ala gazteago, bertsolari guziekin ongi entzuten eta bakoitzaren moldeari egokitzen badaki.
Baziren hiru bertsolari zeinekin loriatzen baitzen bertsu kantatzen bezainbat txiste kontatzen. Haiek ziren Mattin, Lazkao Txiki eta Alkhat. Zikiro jate eta edozein mahai-inguru zirelarik giro mota hortaz gozatzeko leku hoberenak, frankotan entzulea bertsu gura baino gehiago irri gose izaten zenetakoa. Funtsean, Ernest Alkhat zendu zelarik, Ezpondari kanturako gogoa gutitu zitzaiola erran ukan digu. Halere uste dugu oraino gogo hori pizten ahal litzaiokeela parada eskaintzen baldin balitzaio. Alde horretarik, damu da gaur lehen baino bertsolari gazte eta adinetakoen arteko saio gutiago antolatzen direla.Baziren hiru bertsolari zeinekin loriatzen baitzen bertsu kantatzen bezainbat txiste kontatzen. Haiek ziren Mattin, Lazkao Txiki eta Alkhat. Zikiro jate eta edozein mahai-inguru zirelarik giro mota hortaz gozatzeko leku hoberenak, frankotan entzulea bertsu gura baino gehiago irri gose izaten zenetakoa. Funtsean, Ernest Alkhat zendu zelarik, Ezpondari kanturako gogoa gutitu zitzaiola erran ukan digu. Halere uste dugu oraino gogo hori pizten ahal litzaiokeela parada eskaintzen baldin balitzaio. Alde horretarik, damu da gaur lehen baino bertsolari gazte eta adinetakoen arteko saio gutiago antolatzen direla.
Nafarroako eta Iparraldeko bertsolari txapelketa gehienetan parte harturik, txapela irabazi zuen 1983an Donibane Garazin. Hots, zonbait aldiz bertsu sail batzuk idatzi baditu ere, egundainotik bat-bateko bertsolaria izan da Ezponda. Norbait lotuko balitz grabatuak izan diren bertsuak entzun eta hoberenak paperean idazteko lanari, balitaike hain segur liburu gotor baten osatzekoa. Iragan berria den garaiaz bidenabar lekukotasun bat izan litaikena! Denbora berean, bertsolaritzaren geroaz arrangura baitzen, Bertsolarien Lagunak elkarteko bilkuretara joanki zen eta zuzendaritza batzordeak hala proposaturik, lehendakaritzaren lekukoa hartu zion Ernest Alkhati zonbait urteren buruan Fermin Mihurari uzteko. Bizi den herrian omendua izatea merezi baitu, haren jeinua maite dugunok goazen Ahetzera!










