Inbido | 2017ko Ekainaren 01a
Donibane Lohizuneko San Josepe ikastegia
Muslaria
Bere usaiako sailetik bestalde, bere biltokia Ziburun duen Jakintza elkarteak plazaratu du liburu gotor bat À¢'€'" 186 orrialde À¢'€'" zointan xeheki kondatua baita Donibane Lohizuneko ikastegi ezagutu baten historia, San Josepe eskolarena, lan berean kondutan hartuz ere Urkijon muntatu zena bai eta lehengo Santa Elixabet hura, denbora batez aski arrakastatsua izana hura ere.
Erran ditake horiek oro batetaratuak direla orai Urkijon preseski, hori da Familia Saindua eskolagunea deitzen dena, jende gehienek Urkijo erraiten badute ere, usaia jadanik hola hartua-eta. San Josepe sortu zen 1837an, duela 180 urte, neskentzat ere izan zadien eskola bat, Donibanen bazela segur holako zerbaiten beharra. Orduko erretora, Jean Goity apeza, sustatzaile kartsu, erakasle aldiz Uztaritzetik jin ziren serora batzu. Karraskan lotu zirenak beren sail berriari... Duela lau urte, Jakintza elkarteak atera zuen jadanik liburu bat guziz aberatsa Donibaneko Donamaria ikastegiaz. Orai agertu den hori gisa berean moldatua izana da, gogo berarekin, eta zinez bada hor gaitzeko altxorra. Alde batetik kasik bi mendez iragan gorabeherak aipatzen baitira, hori bera ez da segur guti, eta bestetik zernahi argazki baita, donibandar familien atsegingarri. Argazki gehienak xuri ta beltxez, luzaz ez baitzen besterik egiten. Hor agertzen dira ikasle eta erakasle ainitz eta ainitz, kasik denen izenak ere sartuz, ikerketa luze batzu eginak izanik izen horien biltzeko. Batzuk nolako lanak egin dituzten hortaz ere bada xehetasun andana gaitza...Segi aitzina!
Liburu mamitsu horrek harrotzen du beraz zernahi oroitzapen. Hortakotz da ere hoin baliosa! Bainan ez da bakarrik iraganari lotua den lan bat. Argitan ezartzen du orai zertan den Urkijon, obra gaitzak akulatuak izanik, jarria den eskola, 2015eko irailean estreinatua, elgarretaratuz beraz San Josepe ikastegi "xaharra", beti gazte dagoena haatik, eta Urkijon berean 1954-ean ideki zena, azkarki handitua geroztik... Iraganari so, eta oraikoari ere ba, dei bat du luzatzen Jakintzaren liburu berri horrek, ildo beretik behar dela segitu ondoko urtetan, beti berdin kartsu eta kementsu. Dei hori dute zabaltzen liburuaren aitzin-solasek. Bai, aitzin-solasek diogu, hiru baitira alabainan eta ez bakarrik batto. Bada Lionel Landart erretoraren hitza, azpimarratzen duena geroa gogoan behar dela beti bermatu. Bada Jean-Marc Aphaule diozesako eskola giristinoetaz arduratzen den zuzendariaren lekukotasun argia. Eta badira Bernadette Duhaldeborde OGEC delakoaren buru denaren solas itxaropentsuak...Zonbat gertakari!
Ez gira xehetasunetan sartuko bainan 180 urtez zernahi gertakari izan da San Josepe eskolan berean edo ikastegi horri handik edo hemendik lotuak. Gehienak bihotz-altxagarri, erakusten baitute donibandarrak zoin atxikiak egon diren eskola libroeri. Beste batzu ilunak ere berdin, bereziki hemeretzigarren mende hondarrean eta hogoigarrenaren hastean jasan izan behar ziren lege batzuekin. Zonbat traba eta zonbat buru-hauste! Egun latzak berriz ere, aise berantago, 40ko gerlaren urte hits heietan... Ainitz aldaketa ere ba bistan da. Handienetarik orobat laikoek lehengo seroren segida hartzea. Bai eta euskarari toki gehiagoren emaitea. Orrialdez orrialde, liburuak erakusten du nolako bidea egin den 180 urtez. Bakoitxak ikus dezake bide beretik behar dela segitu beti kar berarekin.










