Gogoa hazi | 2017ko Ekainaren 01a

BAIGURAKO AINGERUA (1)

Johanes Bordazahar

Baigura-zolako herrixka huntako eskolan eman zutelarik, burasoak ohartu ziren Ñañe burutik ez zoala zuzen. Hamar uterekin eskolatik kendu behar izan zuten. Mutiko ona zen, gozoa, lasaia.

Baigura-zolako herrixka huntako eskolan eman zutelarik, burasoak ohartu ziren Ñañe burutik ez zoala zuzen. Hamar uterekin eskolatik kendu behar izan zuten. Mutiko ona zen, gozoa, lasaia. Ez zion uli bati minik eginen. Komisioneak auzokoentzat edo etxondoan lanxkila batzu eginarazten zizkioten, xokoleta presa edo ogita-erreximentarentzat edo berdin musu-truk.

- Hiri, ez zaik deus gertatuko! Hik aingeru begiralea hirekin daukak!

Beti kantuz ari zen. Saskia bizkarrean edo behi azpien ateratzen, noiz nahi, elizako kantu bat ezpainetan. Zerbait emanez geroz nornahiri elizako kantu bat eskainiko zion. Hortarako "Kanttu" deitzen zuten.

Mutil kankaila ari zen egiten. Lepo mehea, beharri zabalak, sakatrapu aire batekin. Besoak zituen ohargarrienak, belaunetarainokoak. Haien puntan xuriketarien gisako bi palote sendo.

Herritar lagunek "xoro batentzat zaukaten". Berdin zitzaion! Kanttuk aingerua zuen axola. Nun atxeman? Eliza dorrean, lanoetan, baratze ixkinean?... Amatxik erasiatzen zuen:

- Baina, Ñañe! Katiximan ez duka ikasi aingeruak zeruan direla.

Maiatza zen, elizako ateak irekiak. Mutiko lagun batek, irriño maltzurra begietan, erakutsi zion zilarrezko txanpoin edo pieza berri-berria.

- To! Ikusten dituk eliza barnean sokak? Ezkilak orain berean jotzen badituk, pieza hirea duk.

- Emak!

- Ez! Hik ezkilak jo lehenik.

Poneta lurrera bota, zeinatu, esku ahurretan tu eta jauzi batez lotu zen sokeri. Dilan dalan, jo ahala jo. Bi ezkilak boleran. Gure Kanttu irriz, lagunak ihes. Apeza urrats handiz, sotana airean, berea golkoan, sartu elizan eta beso ukaldi À¯'¬'er batez baztertu zuen mutikoa. Kanttuk entzun zituela bereak eta aingeruarenak! Deus salatu gabe haatik.

Delako trufalaria laster atxeman zuen, ukabilak tinko, haserre gorrian:

- Bota'zak hunat zilarrezko pieza!

- Ez diat sosik enekin.

- Ah, ez duk sosik?

Begiak su, brauki paparotik hartu mutikoa eta lurretik altxatu zuen, besteak txanpoina sakelatik lurrera utzi arte. Kanttuk bildu eta besainka errekara.

Biharamun batez, lano beltzak apal, ortzi aire zen. Jakinarazi zuen bazoala Baigura kaskora... Bere aingeruaren ondotik. Astiro bazabilan, kantuz. Hiru lagunek, urrunetik segitu zuten. Gertatu zen mendipeko borda baten hegaztei azpian bazela zurubia. Mutiko tzarrek lasterka zurubia Baigura kaskoraino hupatu zuten, Kantturen isilik, eta arroka baten gibelean gorde ziren.

Noizbait mendi kaskora heldu zen Kanttu. Bazterrak lano. Zurubia lurrean. Aingerurik ez.

- Bada norbait?

Zerua mutu. Zurubiarekin lanoetan goiti igan beharrez hasi zen. Zurubia nehondik ezin zutik atxikaraziz, hameka aldiz berriz hasi zen: lurrean ziloak eginez, harriekin kokatuz, alferrik. Lagunak gordean irriz. Memento batez zurubia zutik eman zuen, bizkarrari kontra, bere bi esku paloteekin À¯'¬'nki atxikiz... Orduan bai, hiru mutikoek, haien begiez, ikusi zutela, zurubi gainean, lanoetarik jausten... aingerua!

Harriturik, mututuak, lasterka jautsi ziren ikusi zutena ezin sinetsiz, ezin aitortuz... Alabaina, ez ote zen nornahiren baitan gehiago miresteko mespretxatzeko baino?

(1) Kondaira zaharrek diote ortzi egunetan aingeru bat agertzen zela Baigura kaskoan.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3403. zbk

Liburu ederrenak ere deus ez du balio irakurtzen ez dakienarentzat.

Carlo Goldoni

Gure Hitza | 2017/06/01

Bertsulari herrikoia

Jean-Louis Harignordoquy

Heldu den igandean zortzi, ekainaren 11n, bertsolari eta bertsozale parrasta bat bilduko gara Ahetzen, Mattinen herria deitzen dugun Lapurdiko herrian.

Heldu den igandean zortzi, ekainaren 11n, bertsolari eta bertsozale parrasta bat bilduko gara Ahetzen, Mattinen herria deitzen dugun Lapurdiko herrian. Haatik, aldi honetan hain xuxen Mulieneko auzoan bizi den Txomin Ezponda dugu omenduko. Garazi Jatsuko semea ainitzek Dominique Esponde deitzen badute ere, berak duda izpirik gabe onartu zuen bertsozaleek Txomin Ezponda euskal izenaz deitzea.

Xanpun zenaren kasuan bezala, nola egon aitortu gabe Ezpondaren bi dohain ederrak: bertsolari eta antzerkilari izatea. Bi dohain horiei lotua, mintzatzeko bere errextasun handiari esker hirugarren bat ere landu ukan du. Hau da txiste kontalari bilakatzea, bereziki Ernest Alkhat zena eta Ugutz Robles-ekin plazatik plazara ibiliaren bortxaz. Antzerki sailean, 1969an Xanpun eta Ezpondak Baionako antzoki nagusian eta bertze leku batzuetan jokatu zuten "Matalaz" Piarres Larzabalen obra famatua. Ordukotz bi antzerkilariak ezagunak ziren Xalbador eta Mattinen bertsolari lagun gisa. Geroago...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016