Han eta Hemen | 2017ko Ekainaren 01a
Haziak mintzo
Hendaiako San Bixente ikastetxea
Hendaiako San Bixente ikastetxetik zenbait berri.
Euskararen besta
San Bixente ikastetxeak euskara ohoratu du pasa den maiatzaren 19an. Duela bi urte egin zen bezala-bezala, ikastetxean sail elebiduna segitzen duten ikasleek joko-gaualdi bat proposatu diete guraso, irakasle eta lagunei. Ikasleek berek, andereño eta irakasleen laguntzarekin, gure hizkuntza eta kultura hobeki ezagutzeko joko batzuk sortu dituzte, eta berek dituzte ere animatu. Esperientzia biziki ona izan da denentzat eta gaualdia giro ezin hobean iragan da, ikasleek hau ziotela lelo gisa: San Bixenten ere, euskaraz bizi nahi dugu!
Mitologiaz bi hitz
Aurten, CM2ko eta 6.eko ikasle elebidunek euskal mitologia landu dute beren andereño eta irakaslearekin. Bakoitzak bere gelan legenda batzuk aurkitu ditu eta pertsonaia mitologikoen inguruan ere lan batzuk eramanak izan dira. Proiektua bururatzeko, Ixabel Millet etorri zaigu bi aldiz gelara eta mitologiaz duen jakintza handia transmititu digu. Proiektu honen bidez, CM2 eta 6.eko ikasleak elkarretaratu dira, mitologiaren inguruan, euskara zela bihotz-bihotzean. Tartalo, Mari eta beste nehork ez du gehiago sekreturik gure ikasleek ez dakitenik!














