Gure Hitza | 2017ko Ekainaren 08a
Zoin pollita!
Janbattitt Dirassar
"Zinez pollita da, biziki pollita!" Nor da hola mintzo eta zertaz mintzo ote da, edo nortaz?
"Zinez pollita da, biziki pollita!" Nor da hola mintzo eta zertaz mintzo ote da, edo nortaz? Hola mintzo dena, eta gauza bera errepikatuz nik dakita zonbat aldiz zonbait hilabete barne, hola mintzo dena da Thomas Pesquet frantses kosmolari gaztea - 39 urte otsailean beteak - sei hilabete eta erdi ibili dena Lurretik lau ehun bat kilometrotan, alde bat itzulika eta zernahi ariketa balios eginez, ISS zeru-ibilgailu famatuan zegoela... Handik igorri ditu guzien xoragarri Lurraren argazki miresgarri ainitz eta ainitz! Eta beti solas berak, azpimarratuz Lurra izugarri polita dela espaziotik behatzen zaiolarik ere, polita baino politagoa azkenean, hitzak ere eskasten nolakoa den xuxen kontatzeko... Irudiek ba denen buru prediku ederrenek baino indar gehiago... Holako ibilaldiak egin dituzten beste kosmolariek ere ez dute funtsean besterik erran, Lurra dela ohantze arraro baten parekoa, altxor bat ezin aski preziatua, mugarik gabekoak iduri duten eremu ilun lotsagarrien erdian galdua bezala... Altxor bat beraz eta altxor paregabea! Thomas Pesquet, beste kosmolari guzien gisa, artzen da erran eta erran Lurra, holako altxor polita, ez ote den haatik mendre, ahul eta hauskor, hala iduri baitu naski urrunetik behatzen zaiolarik...
Hori da preseski kosmolariek kartsuki zabaltzen duten mezua, Lurra ez genukeela bederen guhaurrek sobera funditu behar, baina arta handiz begiratu, gure onetan eta gure ondokoen onetan...
Sail horretan bada nun zer egin, aski futituak eta ezaxolak izanak baikara, eta oraino ere hala segitzen, gure artean gero eta gehiago balin badira ere ohartuak edo(eta) ohartzen ari bederen beste biderik behar dela hartu! Lurra guhaurrek itsuski kotsatzen dugu, gure faltaz dira itsasoak zikintegi bilakatuak, gure airea pozoindatua, gure bazter franko andeatuak... Egia erran, badira azkenean aitzinamendu batzuk, preziatu behar direnak bistan da, baina ez da aparantziarik ere aski egiten halere Lurra sanoago izan dadin. Hain xuxen, biziki luzeak eta zailak izan diren solasketa batzuen ondotik, hitzarmen berezi bat izenpetua izana da, Pariseko hitzarmena deitzen dutena, Parisen egin baitzen azken bilkura, eta kasik mundu guziak onartu duena, hori bera bihotz-altxagarri izanki gerokoari buruz. Bai, badakit, hitzarmen hori ez da denen gustukoa, frankok eskasegia kausitua dute. Beste franko dudakor egoki, hartu erabakien araberako urratsak funtsez eginen diren ala ez... Hain xuxen, horra nun berri bat aski latza hedatu den joan den arratsean. Donald Trump estatu batuar lehendakariak gibelerat egin du, delako hitzarmenak ez duela deus onik, kaltekorra baizik ez dela Amerikanoentzat segurik! Gisa batez, Trump presidentearen erabaki hits eta ilun horrek ez du nehor hainbat harritu, bulta honetan erakusterat emana baitzuen holako zerbait nahi zuela egin, batzuk esperantza bazuten ere ez zela denen buru horretaratuko! Baina aski kopeta ukan du eta gainerat airoski oihukatuz ingurumenaz eta Lurraren osagarriaz baduela berak ere gaitzeko axola! Horiek hola, ez da etsitu behar, ez eta lotsatu ere, behar da aitzina segitu baina bistan da amerikano gobernuaren gibelerat egite hori, berenaz ezin onetsia zentzu poxi bat baduten jende guzientzat, traba bizkorra dela nahitaez! Bazterrak behar dira beraz mugitu amerikanoek ere ikus dezaten beren presidentea zein makur jokatzen den. Amerikano horiek ere burutan ontsa har dezaten Thomas Pesquet kosmolariaren mezua, Lurra altxor bat dela baina ez dena beti hala izanen guhaurrek azkarki funditzen balin badugu...










