Herriz Herri - Hazparne (L) | 2017ko Ekainaren 08a
Euskararen Eguna
J.A.
Ekainaren 2an, ortziralez, herriko hiru ikastegietako CE1 eta CE2 mailetako 90 haurrek ospatu dute Euskararen Eguna.
Ekainaren 2an, ortziralez, herriko hiru ikastegietako CE1 eta CE2 mailetako 90 haurrek ospatu dute Euskararen Eguna. Ikastola, Jean Verdun eta Santa Terexa ikastegietako bihizkuntzale ikasleak elgarretaratu dira Harana plazan, euskara mintzatuz kulturaldi eta jostagai batzuren inguruan. 10 ikasletako 9 talde baziren, bakotxa Hazparneko auzo baten izenarekin, 9 tailer baziren eta 25 minutaz bakotxean 9 taldeek parte hartu dute goiz osoan buraso euskaldun batzuen laguntzarekin. Erakasle eta animatzaileen laguntzarekin agusagailu laket zenbait izan dituzte: pilota, euskal dantza, ipuin, bersu, molki (birla jokoa), zifra, kontrabandistak, untzi eramatea eta lasto botatzea. Egunaldiaren bukaeran, denek betan kantatu dute "Zirkorrika", 30. Korrikaren kantu ederra. Ekainaren 15ean, CM1 eta CM2ko ikasleek izanen dute horrelako egunaldi bat, aldi huntan Hazparneko ondarearen gaiaren inguruan, hiru ikastegietako bi hizkuntzale haurrentzat. Denboraldi horiek euskaraz mintzatzea sustengatzen dute, haurrek eta burasoek ere parte hartzen dute. Erakusketa - Ekainaren 9an arratseko 7etan "Gaien sinfonia" lemaren inguruan xixelkari obra batzuen erakusketaren estreinaldia antolatzen dute. Hau arratsaldetako 3etan idekiko dute 6ak arte eta aste bat izanen duzue gauza eder batzuen ikusteko Eihartzeko Patxi Arotzarena gelan. Hazparne herria eta Hazpand'Art elkartea dira antolatzaile nagusiak eta estreinaldian Soinubila elkarteko haur ikasleek txanbela eta akordeon musikaldi bat eskainiko dute. Erakusketa huntan parte hartuko duten artistak hauek dira: Mixel Amade (harria, zura), Jeanine Bacardatz (buztina, hari berrosatua), Jean-Yves Behoteguy (zura), Dominique Brunetaud eta Julia Bunel (lurra, buztina), Marianne Cresson (ehuna), Béatrice D (buztina), Yves-Marie Dumortier (marmola, altzairua, brontzea, hareharria, portzelana), Piarres Erdozaintzi (zura), Christine Etxarren (zura), Marie-Paule Jaureguiberry (buztina), Monique Josié (buztina), Maite Landart (zura), Régine Lavielle (arkuz egin soldadura), Philippe Lebrun (buztina), Maite Louberry (ur gaineko egurra), Aitor de Mendizabal (burdina, brontzea), Odon Noblia (metala), Vanessa Partarrieu (ur gaineko egurra), Jacques Pineau (berina), Antton Pochelu (zura, hezurra), Régis Pochelu (harria), Jean-Marie Rimbault (berina ufatua), Akixo Zigor (brontzea). Ortzia taldeko ikasleek ere parte hartuko dute erakusketa huntan. Dantzaldia - Heldu den larunbatean, Azpeitiako Itsasi eta Hazparneko Elgar Oinka taldeek euskal dantza ikusgarri bat eskainiko dauzuete Hazparneko plazan arratsaldeko 6etan. Sartzea urririk izanen da. Tokian berean talo eta xingar jaten ahalko da eta ostatua ere eginen dute karia hortarat.










