Han eta Hemen | 2019ko Maiatzaren 09a
Pamiela argitaletxearen eskutik: bi liburu
Sarako Idazleen Biltzarrean, besteak beste, bi liburu interesantak eta mamitsuak aurkeztuak izan dira, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin, Jose Angel Irigarai idazle eta poetak kudeatu du eztabaida.
Etxera Bidean, Xamar idazleak idatzia, Garraldako Xamarrenean sortua izanez Aezkoa ibarrean kokatzen da historia, 1980 hamarkadan. Bere Aezkoako bizia du kondatzen Xamar idazleak. Eskualde hortan euskara desagertua zen eta Xamar bezalakoek gogoeta batzuk hasi zituzten: Nun gaude? Nor gira? Zer da gure kultura? Aitatxi-amatxiak euskaradunak zirela eta frankismoaren garaiaren ondorioz, errepresio handia zela eta belaunaldi osoa erdaldun bilakatu zen. Euskal kulturatik abiatuz hizkuntzaren ber-jabetze urratsak hasi zituzten. Xamar-en erranetan Aezkoa Garazitik hurbil izanez eta harreman sendoak ukaiteko inportanta kausitu zuen euskararen erabiltzea. Oroitarazten du ere 80 hamarkadan aste kulturalak ere antolatzen zirela, historiaren ezagutzeko griña emanez bai eta jakin-mina sortu zela hizkuntzari buruz.
Duvoisin kapitainaren malura, Bonaparte printzearen itzalean Kepa Altonagak idatzia. Jean Duvoisin Ainhoan sortu zen, aita aduanako langile izanez, hortik laster Ezpeletara joan zen bizitzera. Aduanan hasi zen lanean kapitain gradua lortu zuela, hortarik laster ezagutu zuen Louis-Lucien Bonaparte (Napoleon 1aren illoba). Duvoisin-ek Biblia lapurteraz itzuli zuen, iduriz Bonaparte printzea euskal kulturaren sustengatzaile probidentziala atzeman zuela. Kepa Altonagak esplikatzen du, Printzeak euskara zientifiko arlotik zuela landu nahi, aldiz Duvoisenek literatura sailetik. Bien arteko soka-tira izan zela zioen Altonagak.
















