Hegoaldean | 2019ko Maiatzaren 09a

Hegoaldean

Hegoaldean

Hauteskundeak Espainiar Estadoan

Espainiako Alderdi Sozialistak irabazi ditu apirilaren 28ko hauteskundeak, 123 alki eskuratuz. Alderdi Popularra da bigarren indarra, baina beherakada handia jasanez, 66 ordezkari izanen ditu, aitzineko legegintzaldian baino 71 gutiago. Ciudadanosek 57 alki eskuratu ditu eta Unidas Podemosek 42. Vox ultra eskuineko alderdia kongresuan sartu da lehen aldikotz 24 alkirekin. PSOEk eta Unidas Podemosek 165 ordezkari batzen dituzte, eta gehiengo osoa izaiteko 176 hautetsi behar dira. Beste talde batzuen babesa beharko dute gobernatzeko. Eskuineko blokea (PP-Ciudadanos- Vox) gehiengo osotik urrunago gelditu da, 146 alkirekin gobernatzeko aukerarik gabe. Alderdi abertzale eta suberanisten beharra garrantzitsua izan daiteke, PSOEk eta Unidas Podemosek gobernua osatu nahi izanez gero, talde horien sostengua beharko dutelako.

Euskal Erkidegoan EAJ garaile

EAJk lortu du garaipena Euskal Autonomia Erkidegoan, hauteskunde orokorretan. Aitzineko aldian baino alki bat gehiago eskuratu du Diputatuen Kongresuan; guzira sei ordezkari bildu ditu. PSE-EEk 4 ordezkari izanen ditu, aurreko legealdian baino bat gehiago. EH Bilduk lau diputatu erdietsi ditu, azken hauteskundeetan baino bi gehiago. Elkarrekin Podemosek, ordea, behera egin du; bi ordezkari galdu ditu. 6 diputatu zituen koalizioak, eta lau baizik ez ditu izanen. Azkenik, eskuineko alderdiek, Ciudadanos, PP ala Vox-ek ez dute ordezkaririk izanen Diputatuen Kongresuan.

Erakaspenak Madrilen

Sozialistek lortu dute garaipen historikoa. Espainiar estatuan batasunaren alde eskuineko alderdiek egin kanpaina itsusiak ez die fruiturik ekarri. Ohargarria da Katalunian eta Euskal Herrian, eskuindar nazionalismo espainolak jasan duen porrota historikoa. Alderantziz, hauteslek adierazi dute Katalunian ala Euskal Herrian, zentzuz, elkarrizketaz eta errespetuz konpondu behar direla galdera politikoak. Sozialistek bertze alderdi zenbaiten laguntzaren beharra izanen dute gehiengoz gobernatzeko. Norekin? Alderdiko zenbait “jauntxo” eta enpresa buru zenbaitek nahiago lukete Ciudadanosekin koalizioa egitea. Baina kide gehienek nahiago lukete Podemos eta euskal ala katalandar indar zenbaiten aldeko hautua egitea. Erran behar da Ciudadanosek ez duela – oraingoz- sozialistekin elkartzeko asmo izpirik. Bainan bihar? Galdera bera egin daiteke Nafarroako egoerari buruz.

Euskal Herrian

Hauteskundeen azterketa larri larria eginez, lehen oharra parte hartzearena da, 76,29koa izan baita. Euskal alderdiek emaitza onak lortu dituzte hautetsi gehiago lortuz. Aldiz eskuineko alderdiek PP, Vox ala Ciudadanosek ez dute hautetsi bakarra ere lortu, zituztenak denak galduz. “Espainiar batasunaren” aldeko kanpainak ez die emaitza onik eman eskuineko alderdiei. Euskal alderdien beharra izanen du Sanchez sozialistak gehiengoa ardiesteko. Nun ez duen Ciudadanosekin eginen bere tratua. Nafarroan ere eskuinak botoak galdu ditu eta sozialistek izanen dute etorkizunaren giltza: hots Ciudadanosekin elkartuko ote dira, ala gaur egun gobernatzen duten indar progresiztekin? Maiatzaren 28an, berriz bozkatuko dute euskaldunek, legebiltzar berria aukeratzeko.

Irungo mugan etorkinekin trafikoa

Espainiako Poliziak giza trafikoari lotutako talde bat desegin du Irunen, eta lau lagun arrastatu ditu. Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, migratzaileekin harremanetan jartzen ziren eta 40 eta 100 euroren truke muga pasa eta Baionara eramateko.

Amaiur: erakustokia 2022an irekiko

2022an, 5 mende beteko dira Kastillako armadak, nafartarrak Amaiurreko Gazteluan setiatu zituela eta Nafarroako erreinua bereganatu zuela. 1922an Gaztelua mendian, oroitarria eraikia izan zen gertakariaren oroitzapenetan, 1931n dinamitatua izan zena. Berriz eraikia izan zen 1982a eta 2005ean Arantzadi elkartea hasi zen induzketa lanetan, ondare aberatsa deskubrituz: murru, gezi, harri borobil eta 16garren mendeko ezpata. 13 urteko lana publikoari erakusteko erakustoki bat eginen dute eliza ondoko eraikuntza batean, 2022ko irekia izan behar lukeena.

La Naval

La Navaleko lehen 36 langileak ekainaren 15ean joanen dira Navantiako lantokietara; gainerateko langileek abenduaren 31ra arteko epea izanen dute Navantiako zein lantokira joan nahi duten argitzeko. 173 langile kaleratu dituzte La Navaletik, baina sindikatuek sinatutako bermeari esker 150 langilek Navantian birkokatzeko aukera izanen dute, Madril, Kadiz eta Ferrol artean aukeratuko dute zein lantegitarat joan.

Duela urtebete ETA desegin zen

Duela urtebete, 2018ko maiatzaren 3an, ETAk jakinarazi zuen bere behin betiko amaiera, aldebakarrez egindako prozesu luze eta zail baten ondotik. 2011ko urriaren 20an iragarria zuen borroka armatuaren amaiera eta 2017ko apirilaren 8an gauzatu zuen armagabetzea. “Frankismoaren atzaparretan itota eta Estatu jakobinoak asimilatuta, Euskal Herria hilzorian zegoela jaio zen ETA, eta orain, 60 urte geroago, bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da, eremu eta arlo ezberdinetan askok egindako lanari esker, belaunaldi ezberdinek egindako borrokari esker”. “ETAk ziklo bat itxi nahi du, biolentzia politikoaren erabilerak ezaugarritu duen aroa, hain zuzen ere, (...) askatasunaren eta bakearen aldeko prozesuak beste bide batetik egin dezan aurrera" deklaratu zuen ere azken agirian.

Aitzin erretiroaren ordaintzearen alde

2012an, krisi garaian, aitzin erretiroa hartzen zuten langile publikoei ordura arte emandako gain sari ordaintzeari utzi zion Lopez sozialista buru zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain, kalte-ordain horiek itzultzea aztertuko du Eusko Legebiltzarrak. Alderdi Popularrak eraman du lege proposamena ganberara, eta talde horren botoaz gain, EH Bildurenak eta Elkarrekin Podemosenak ere jaso ditu ekimenak. EAJk eta PSEEEk kontra bozkatu dute. Eusko Jaurlaritza bera kalte-ordainak itzultzearen kontra agertu zen martxoan, "neurriz kanpoko gastua" ekarriko duela eta negoziazio kolektiboan "eragina" izango duela argudiatuta. Erkideko eskola publikoetako 2.000 irakasleri eragiten dio neurriak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3498. zbk

Sortzeak hiltzea zor

Betiko errana

Gure Hitza | 2019/05/09

Urtea lanari, maiatza alferkeriari!

Menane Oxandabaratz

Maiatza da langileek gostukoa duten hilabetea, nola ez besta egun anitz baitira, maiatzaren 1a, ondotik 8a eta 30ean Salbatore. Nola ez uros izan kasik aste guziz pausu egun bat dugula! Egun horiek guziek badute beren erran-nahia, bakoitzak jende mota bat hunkitzen duela.

Maiatzaren lehenean langileek ohidura dute karriketan ibiltzea, funtsean nihaurek betidanik maite izan dut egun hortan Baionako bidea hartzea, errituel bat bilakatua dena. Giro berezi bat bada, sektore desberdinetako langileak bilduak, bakoitzak bere berezitasunak dituela. Lantegi handi horietakoek banderola alimale batzuk dituztela, autoak sono azkarrekin, tropan etorriak... beste langile-ofiziale edo bulegoetakoak bakarrik etorriak baina gostura egonki. Hots giro horrek emaiten du bakoitza bere lan sailean ari bada ere urtean behin elgarrekin bilduak direla. Manifestazioaren bukaeran sindikatuek muntatu ostuetan aperitifa bat goxoan edaten dugula. Egun horrek sentsu azkar bat baldin badu ere, ez baita la...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016