Mundu zabalean | 2019ko Maiatzaren 09a

Mundu Zabalean

M.L.

Mundu%20Zabalean

Euro-parlamentuko bozak 33 zerrenda abiapuntuan

Hiru zenbakirekin saiatzen gara irakurlea argitzen maiatzaren 26an iraganen diren euro parlamentuko bozketaz: 33, 12 eta 9. 33 zerrenda onartu baititu hexagonoko barne ministerioak bozketa horretara aurkezteko Frantses estatuan. Zerrenda bakoitzak 79 hautagai ukanki eta parekotasun osoan, heldu da 2700 izen pasa lerrokatuak direla, horietan erdiak emazteak. Behako bat lasterra eginen diegu. Aurkezteko legezko epea aitzin aburu ikerketa etxeak karraskan aritu baitira lanean, 12 zerrenda izendatuak dituzte zein bere boz kopuru esperantzarekin. Dena den bozak iragan orduko euro parlamentura heldu eta euro-deputatu bakoitza ez baita bakarrik egonen, ardurarekin jokatzeko proposatuak zaizkion lan-sail erraldoietan, deputatu multzo batean sartuko da; bururatzen den mandatu honetan 9 multzo baziren.

Aburu ikerketen orratza mugiarazten duten zerrendak

Emmanuel Macron presidentearen LREM alderdiak eta François Bayrouren Modemak elkarturik aurkezten den zerrendak “Renaissance” izena hautaturik lehen tokia du, bozen %24 ezbaian hitzemana zaio. Bigarren dator Marine Le Pen eskuin burukoaren “Prenez le pouvoir” zerrenda %21,5ekin. Hirugarren Les Républicains alderditik osatua den "Union de la droite et du centre" zerrendak bozen %14en mentura du. Laugarren tokia igurikatu behar da ezkerreko lehen zerrenda baten agertzeko, bozen %9,5rekin. Bosgarren Europe-Ecologie Berdeak datozkigu bozen %9ren esperantzarekin. Seigarren Raphaél Glucksmannen eta sozialista alderdiaren inguruan osatu “Envie d'Europe écologique et sociale” zerrendak bozen 6,5 mentura du. Zazpigarren tokian Nicolas Dupont-Aignan eskuin erradikalekoaren “Le courage de défendre les français” zerrenda, bozen %4 esperoan. Zortzigarren Benoit Hamonen “Liste citoyenne du printemps européen” zerrenda, bozen %3,5ko marran. Bederatzigarren zerrendak bi tanto pizatzen ditu: “Pour l’Europe des gens, contre l’Europe de l’argent” titulua harturik osatua da hexagonoko alderdi komunistaren inguruan. 10, 11 eta 12garren zerrendak tanto eta erdiko marran dira: Lutte ouvrière (Nathalie Artaud), Ensemble pour le Frexit (François Asselineau) eta Les européens (Jean-Christophe Lagarde UDIkoa). Ordea, aburu ikerketek egin duten lana erdia bederen alferrikakoa dela erran daiteke. Telefonoz ihardetsi dieten jendek ez baitzituzten ezagutzen ere Euro-Parlamentura aurkezten diren beste 21 zerrendak, horien artean hiru atorra horiek muntatuak dituztenak: “Evolution citoyenne”, “Alliance jaune” eta “Mouvement pour l’initiative citoyenne”. Beste 18 zerrendak bost multzotan ezartzen ahal genituzke.

Jendarte kategoria zaintzaleak

Lau marka ditzakegu: ACPLI, ofiziale-komertsante ofizio liberalak-independienteen interesak zaintzeko sortua den zerrenda bat. Esperanto hizkuntzaren zaintzaleek beste behin zerrenda bat osatu dute 2014ean bezala. Abereen aldekoek alderdi bat osatu dute: “Parti animaliste”. Eta aurtengo berrikuntza bat: 30 urtez pekoek osatzen duten zerrendak, emazte bat buru, “Allons enfants” lema hautatu du.

Lau zerrenda independente

“Neutre et actif” izenburu pean aurkezten den zerrendak helburu nagusi eta bakarra du, bozen kari abstentzioa borrokatu. “A voix égales” zerrenda ez da korala bat, emazte eta gizonen parekotasuna du helburu, emaztek ikusgarritasuna salbu erabakietan leku gehiago ukaitea kausitzeko abiatzen da. UDLEF zerrenda liberala eta askotarikoa sortua da Europan hobeki adierazteko Frantziak Afrikari buruz duen irekitasuna. Aldiz beste zerrenda bat ere abiatua da “Démocratie représentative” lemaren pean, hexagonoko auzo sozialetan kokatzen diren jendeen aniztasuna aitzinean emaiteko. Europaren indartzearen aldekoak Bi zerrenda abiatzen dira ezker/eskuin zatiketa behin betikoz baztertu nahian, beste lehentasun bat aitzinean emanez Europaren indartzea. Parti Fédéraliste alderdia aurkezten da, Europari gaitasun eta ahalmen gehiago sortzeko nahikundearekin, bistan dena 27 estatuek dutenetik parte bat emanez. 1979an iragan zen lehen bozketaz geroztik aldiro aurkezten da. PACE siglarekin aurkezten den beste zerrenda batek ikuspuntu berdintsua du, gehiago aitzinean emaiten duela euro-herrikideen lekua.

Bi zerrenda ezker puntatik

“Parti révolutionnaire Communistes” lemaren pean aurkezten den zerrendak kapitalismoa du partida. Dio ezkerreko zerrenda bihi batek ez duela kapitalismoa deplauki higuintzen. Beste zerrenda arraro bat ere aipatu behar dugu: “Parti pirate”. Honek aitzinean emaiten du Europako 27 estatuetan aurkezten dela, eta ekialdeko estatuetan deputatu batzuen mentura ba lukeela, ezker puntako filosofiako gaiak aitzinarazteko.

Bi zerrenda ingurumen zaleak

“Urgence Ecologie” lemaren pean, zerrenda honek 79 emazte eta gizon lerrokatzen ditu guziak ingurumen eta klima arazoetan murgiltzen direnak, ofizioz edo militante. Elkartzen dituen ikuspuntua hauxe da: klimaren zaintzeak ez duela ezker/eskuin lerrokatzearen beharrik, berez eta lehentasunez zaintzea merezi duela. Filosifaz guziz hurbilekoa dirudien “Décroissance 2019” zerrendak ekonomia biziaren apaltzea helburu premiatsutzat emaiten du.

Lau zerrenda eskuin burukoak

Lauetarik hiruren kasuan etiketak ez du deusik erakusten baina eskuin burukoak dira: “La reconquête”, “Ligne claire” eta “Ensemble les patriotes”. Beren hautagaitzaren zergatia irakurtzerakoan lehenbiziko lerroek argi eta garbi markatzen dute RNE (Marine Le Pen) zerrenda immigrazio kontuetan guriegia delako abiatzen direla. Nahi dituzte mugetan paretak eraiki, legez kanpo Frantziara sartuak haizatu, batek dioenaz Afrika Europatik kendu. Laugarren zerrendak “Une France royale pour l’Europe” erregetza nahi du hexagonoan berreraiki, eta gutxieneko koherentziaz, Europari onarrarazi aitatik semera bozkatu gaberik kargutan diren buruzagiek gobernatzen dituzten estatuei ateak irekiko dizkiela.

Aitzinetik jakiteko on dena

Aspaldixkoan bezalaxe hexagonoan Europako bozetarako zerrenda horiek parekotasunean osatuak dira. Bozka moldea proportzionala izanik, bozen %5a gainditzen ez dutenen bozak marra hori gainditu dutenen artean partekatuak dira, hauxe dugu hexagonoko lege berezia. Bozen gastuen kontuan atea doi bat irekiago da alderdi txikientzat: bozen %3a bildu behar dute beren bozketa gastuak pagatuak izaiteko. Azkenik, bozkatzeko mementoan segur da ez ditugula 33 zerrenden paperak aurkituko Herriko Etxean. Anitzek ez baitute dirurik gastatzen paperezko boz programak plazaratzeko. Haien paperak internet bidez atzeman eta inprimarazirik balia ditzake bozemaileak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3498. zbk

Sortzeak hiltzea zor

Betiko errana

Gure Hitza | 2019/05/09

Urtea lanari, maiatza alferkeriari!

Menane Oxandabaratz

Maiatza da langileek gostukoa duten hilabetea, nola ez besta egun anitz baitira, maiatzaren 1a, ondotik 8a eta 30ean Salbatore. Nola ez uros izan kasik aste guziz pausu egun bat dugula! Egun horiek guziek badute beren erran-nahia, bakoitzak jende mota bat hunkitzen duela.

Maiatzaren lehenean langileek ohidura dute karriketan ibiltzea, funtsean nihaurek betidanik maite izan dut egun hortan Baionako bidea hartzea, errituel bat bilakatua dena. Giro berezi bat bada, sektore desberdinetako langileak bilduak, bakoitzak bere berezitasunak dituela. Lantegi handi horietakoek banderola alimale batzuk dituztela, autoak sono azkarrekin, tropan etorriak... beste langile-ofiziale edo bulegoetakoak bakarrik etorriak baina gostura egonki. Hots giro horrek emaiten du bakoitza bere lan sailean ari bada ere urtean behin elgarrekin bilduak direla. Manifestazioaren bukaeran sindikatuek muntatu ostuetan aperitifa bat goxoan edaten dugula. Egun horrek sentsu azkar bat baldin badu ere, ez baita la...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016