Herriz Herri - Sara (L) | 2019ko Maiatzaren 09a
Sara
GANEX
Zikiro jatea:
Gan den larunbatean Lur Berri gelan eskola publikoko burasoek antolatua zuten bazkari hori, 65 bazkaltiar izan dituzte, piperrada eta zikiroa aski ona bero-beroa, haurren burasoek zerbitzatua. Izigarriko egun goxoa pasatu dute omore onean Joxe Angel-ek ongi airostua. Erretzaileak Beatriz eta Martintxo Zugarramurdikoak ziren eta musikaria Joxe Angel Baztangoa, jadanik heldu den urtekoarena pentsaketan ari dira. Biba zuek segi hola.
Kirolak
Pilota: Errebotean Xistera luzera 2. mailan: Arribillaga Eneko, Harinordoquy Alain, Fagoaga Eneko, Etcheverry Antton eta Iribarren Unai galtzaile 13-06 Zaharrer Segiren kontra. Trinketean palantxaka kimuak: Mounho Maika À¢'€'" Etcheverry Pacheco Azcarraga Elena irabazdun 40- 14 Goizeko Izarraren kontra.
Errugbia: Larunbatean Sarak galdu du 38-28 Elorrioko taldearen kontra. Heldu den larunbatean (17:00) jokatuko dira Logroñoko taldearen kontra, gero bertan izanen da Urrats Gaua.
Abisu:
Maiatzaren 11n larunbatarekin Urrats Gaua (21:00) iraganen da errugbi zelaian, Gaztetxeak eta Errugbi taldeak antolaturik. Maiatzaren 16an ortzegunez, (21:00) elizan euskaldun kantak "Erlauntza" taldearekin sarrera 5€, 15 urte arte urririk.
"1813-1814 Ahantzi Ezina" oroitarriaren estreinaldia, Pazko astelehenez iragan zena, Ellande Alfarrok kantatu bertsuak.
Napoleonen tropak saran...
Euskal Herriko garai ilun bat mila zortzi ta amalau
Napoleonen tropak barrandan herrietan egun ta gau
Inpunitate osoarekin ez eskubide ez arau
Nik bizi izan banu bezala senditzen dut sarraski hau
Oroitzapenak heldu baitzaizkit dardarak senditu arau.
Ama hor dira entzuten ditut gure etxe inguruan
Atea bota oihuka sartu hizkuntza arrotz antzuan
Ta amatxiri eraztuna ken Ama bortxatu orduan
Azinda hartu uzta ebatsi dena erre nahiz ta gu han
Aitatto ez zen nehoiz itzuli Amatxi hil zen neguan.
Sorginak erre zituzten hura mila sei eta behatzi
Frantses iraultzak zenbat sarraski euskalduna nahiz hautsi
Landetaraino deportatuak milaka hil ezin ahantzi
Napoleonen gerla krimenak horiek ere iretsi
Noiz arte bada beharko dugu Frantses garela sinetsi.
Frantsesek dute historia hau idatzi beren gustura
Zalapartaka omentzen dute gerra piztien figura
Nola ohora gure herrian izan pasarte hits hura
Sara herriko oroitarriak gure hitzeri itxura
eman dezaion, Haritz ostoan idatz dezagun ordu da
Ellande Alfaro (19-04-22)











