Egun eta bihar | 2019ko Maiatzaren 09a

Egun eta bihar

J-B D

Christophe Castaner noiz arte egoiten ahalko ote da barne-minixtro?
Christophe%20Castaner%20noiz%20arte%20egoiten%20ahalko%20ote%20da%20barne-minixtro?

Frango egun nahasia

Maiatzaren lehenean, beti izaiten dira manifestaldi jendetsuak, langileriak bere aldarrikapenak entzunaraziz. Aurten giroa arras berezia izan da. Langile sindikatak han ziren usaian bezala. Bainan ere Horiz Jantzi frango bai eta ere, Parisen bereziki, ezker-muturreko "beltz "delakoetarik, denak xehatu nahi dituzten heietarik. Egia erran, barne-ministroak aitzinetik errana zuen, ikerketa-zerbitzu batzuenganik jakina omen, "beltz" horietarik bi milako bat izanen zela hain segur. Nahiz entzun den ere ministroa hola mintzatu ditakeela jendea gibelarazteko manifestaldietarat joaitetik. Dena den, Frantzia guzian gaindi, zonbat izan dira manifestaldi horietan parte hartu dutenak? Xuxenik ez dugu jakinen! 160.000 gobernuaren arabera, 330.000 CGT sindikataren gustuko. Beti bezala, bada norbait hor gaindi kondatzen ez dakiena! Denen buru, zalaparta batzu ere izan dira lekuka, kolpatu zonbait ere ba... Barne-ministroak dio haatik aise makur gehiago izanen zela polizak ez balu erakutsi hein bat larderia... Langile sindikaten arrangura, izan diren bortizkeria horiengatik langileriaren dolamenak ez direla aski entzun, untsalaz lehentasuna eman behar zaiotelarik maiatzaren lehenean

Hauxe da ixtorioa!

Parisen, maiatzaren lehen hortan, gertatu da ere gauza bat kasik ezin sinetsia eta zernahi eztabada piztu duena! Aratsalde erditan, jende andana bat, berrogoi bat lagun segurik lekuko batzuen arabera, batzu Horiz Jantzi horietarik eta besteak ez, sartu dira La Pitié-Salpetrière ospitale ezagutuan. Zer zuten bada gogoan ospitale hortan hola sartu direnek? Berehala hedatu da berria - bainan nork atera ote du?- jakinik lehentxago kolpatua izana zen poliza-gizon bat artategi hortarat eremana zutela, nun zen nahi zutela ikusi eta hari nahi zirela hain segur mendekatu. Hori kondatu da bainan bazterrak laster ohartu dira horrek etzuela kolore mikorik eta hori etzela beraz egia izaiten ahal. Ainitzi iduritzen aldiz ospitalean sartu direnek aterbe bat nahi zutela segurtatu oroz gainetik, kanpoan kalapita samurrak bazirelakotz. Ez dira sartu aitzineko ate handitik bainan baztertxagoko karrika batean den beste sartze batetarik, hango zerradura nolazpait bortxaturik. Sartu-eta, eskaler batean goiti joan dira eri handiak badiren eskualde batetaraino, berek jakin gabean orobat norat ari ziren. Han, enpleatu batzuk atea zerratu diote, poliza jin da eta denak kanporatu ditu jestu gutiz.

Haserre gorrian

Handik biziki denbora guti barne, Christophe Castaner barne-ministroa haserre gorrian mintzatu da, gehiagoko xehetasunik jakin gabe itxura guzien arabera, eta azkarki mendekatu zaiote ospitalean sartu direneri, ez dela holakorik egiten, buru bero atrebitu batzu zirela, lan tzar zerbaiten egiteko prest zirenak. Handik bulta baten buruan, lekuko batzuen ganik, eta heiek hartu irudi batzuri esker, hobeki ikusi da haatik ospitalean sartuak zirenetan nehor ez dela nehori oldartu eta ez dela bortizkeriarik izan. Han zirenek, apur bat aterbean egonik nihundik ahalaz, berriz karrikarat jaustea zutela xekatzen bainan etxearen bestaldeko karrika batetarat. Azkenean, barneministroa ere eztitu da, aitzina salatuz halere gertatua zena, bainan bere solasak hein bat leunduz. Geroztik, bada eztabada frango, ainitzek ezin onets barne-ministroa nola mintzatu den lehenik, gauza batzu emendatuz eta egiak etziren batzu erranez, saltsa aitzina nahasiz eta ez guti! Badira garbiki diotenak bere ministro kargua utzi behar lukeela, petto handi bat hola egin ondoan. Bera ez da batere bide hortarik ari.. 33 zerrenda! Europa-maileko deputatu-bozak hor berean ditugu eta iragan asteburu hortan zen azken epea hautagai gisa agertzeko. Orotarat, nunbaitik ateratu dira 33 zerrenda, holako kasuan behinere izan den baino aise gehiago. Zerrenda bakoitxean, 79 hautagai, 40 gizon eta 39 emazte; edo 39 gizon eta 40 emazte! Edozoin gisaz, ez gira hautagai eskasean egonen beraz!

Berri on eta berri txar!

Ekonomia mailean ere beti bada denetarik, berri on eta berri txar! Berri on bat, lau urtez ainitz gorabehera jasanik, Ascoval altzeirutegi famatuak aitzina segitzen ahalko du, gobernuak ere gisa hartako laguntza emanik. Ingeles etxe handi batek du segida hartzen. Berri txar bat aldiz, Carrefour saltegi sare famatua ez da iduri duen bezen azkar eta Frantzian gaindi hiru mila langile beharrak ditu kanporatu.

Hats-hantuak?

Joan den larunbatean ere manifestaldiak izan dira Horiz Jantziekin. Usaian baino aise gutiago haatik oro har eta tirabira handirik gabe. Hats-hantuak ote dira? Batzuk diote baietz bainan ikusi behar da ere aitzineko asteazkenean jadanik mugituak zirela, maiatzaren lehena zela-eta. Astean bi egun soberaxko beharbada? Ageriko zer eginen duten ondoko egunetan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3498. zbk

Sortzeak hiltzea zor

Betiko errana

Gure Hitza | 2019/05/09

Urtea lanari, maiatza alferkeriari!

Menane Oxandabaratz

Maiatza da langileek gostukoa duten hilabetea, nola ez besta egun anitz baitira, maiatzaren 1a, ondotik 8a eta 30ean Salbatore. Nola ez uros izan kasik aste guziz pausu egun bat dugula! Egun horiek guziek badute beren erran-nahia, bakoitzak jende mota bat hunkitzen duela.

Maiatzaren lehenean langileek ohidura dute karriketan ibiltzea, funtsean nihaurek betidanik maite izan dut egun hortan Baionako bidea hartzea, errituel bat bilakatua dena. Giro berezi bat bada, sektore desberdinetako langileak bilduak, bakoitzak bere berezitasunak dituela. Lantegi handi horietakoek banderola alimale batzuk dituztela, autoak sono azkarrekin, tropan etorriak... beste langile-ofiziale edo bulegoetakoak bakarrik etorriak baina gostura egonki. Hots giro horrek emaiten du bakoitza bere lan sailean ari bada ere urtean behin elgarrekin bilduak direla. Manifestazioaren bukaeran sindikatuek muntatu ostuetan aperitifa bat goxoan edaten dugula. Egun horrek sentsu azkar bat baldin badu ere, ez baita la...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016