Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Maiatzaren 09a
Senpere
Herri Urrats hor dugu igandean
Urte batetik bestera, aurten 36. aldikotz Herri Urrats heldu zauku eta hunekin betan mila eta milaka jendeek beren agerraldia eginen dute Seaskaren 50. urteak ospatzeko, besta hunekin. Aurtengo lema LK "eleka" galde egina zauku beraz euskaraz gehiago elekatzea eta bestalde "L" dago Baionako Bernat Etxepare lizeoarendako eta "K" Baionako Estitxu Robles kolegioarendako, bi ikastegietako obreri zabalduak baitira gaurko Herri Urratseko emaitzak. Senpertarrei errex izanen zauku lakurat hurbiltzea autobusen gan-etorriak plantan ezarriak dira bortz kantoinetako biribil gune hortarik. Denen sustengua beharrezkoa da, Seaskak zailtasun asko baditu gauregun hitzarmen egoki bat eskuratzeko estatuareganik.
Antzerkia ostiralean Larrekon
"Parle à la poussière" ikuskizunak Japoniako mila lertsunen legendan eta Sadako Sasakiren Hirosimako bonbaren garaiko istorioan du iturburua. Osasun onean egoteko luzaz bizitzeko, maitatzeko, zoriontsu bizitzeko itxaropena gauzatu nahi bada, urtean paperezko mila lertsun egin behar dira. Fabrice Melquiot antzerki idazleak asmatu du gaur-egungo antzerki- dokumentala. Oren baten iraupena duena, denentzat 9 urtetik goiti. Euskal Elkargoak antolatzen du, prezioak 10€, 6€ eta 4€tan baldintzen arabera, lekuan bertan. Maiatzaren 10ean iraganen da (20:30).
Dantza maiatzaren 16an Larrekon
Aski goiz nahi dizuegu eman hitzordua, osteguna (20:00), "Infuences Artha" izeneko gaualdi berezi hau bi talde ezagunek partekatuko dutelakoan Larreko gelan. Beraz aurkituko ditugu, Flowcus (Bretania) eta Elirale (Senpere) baina hauekin betan Tuteratik, Elorriotik eta Garazitik etorriko diren lizeoko ikasleak. Oroitgarri ere Elirale dantza konpaniak, Miarritzeko CNN Malandain Balletarekin lan egiten duela ekitaldi hunen antolatzeko. Erreserbak 11€ edo 7€tan, eskuratzen ahal dira: weezevent.com, web gunean baita lekuan bertan.
Abisuetan
Arbaso, artisauen elkarteak antolatzen du afixa lehiaketa bat "Egurrezko jokoen" inguruan, xehetasun eta araudi guziak arbaso@ orange.com helbidean.
Krakada, eskola publikoko burasoen elkarteak antolatzen du gaualdi Brasilianoa, maiatzaren 11n (20:00) Larreko salan. Musikatik kanpo janari eta edateko asko proposatuak dira.
Elea, Herriko Etxeko elkarte hunek idekitzen du bere gunea Oihartzuna etxean, 0 eta 6 urteko haurren burasoak gomitatuak dira elkarrizketa hortarat, maiatzaren 16an (08:45-11:00).
Pilota solas
Bi emaitza atsegingarri aipagai ditugu gure pilotariekin, Union Basque batasunaren konduko finaletan. Lehenik, Azkaingo ezker paretan, xistera joko garbin, gure bikotea umetxo mailan Fagoaga Julen/Saubaber-Haran Xan nagusitu da Kapito-Harriko Urrutia Hugo/Serre Antton-en kontra 40/35. Bigarren balentria, Aiherrako trinketean izan dugu, eskuhuska gazte mailan, Etcheverry Adrien eta Behasteguy Andoni frango errex nagusitu dira Amikuzeko Artola Imanol eta Larramendy Anttonen kontra 40/15. Plazer handirekin ikusten ditugu pilotari gazteak azkar ari direla, pilotari bultzada berri bat emaiten dute gure herrian, biba zuek!










