Euskal diaspora | 2019ko Maiatzaren 09a
Naturaltasunez euskaldun agertzen Boisen, Buenos Airesen...
Joseba Etxarri
BOISE, IDAHO.
Joan den igandean, Boise Idahoko hiriburuan, bertako euskaldunek egun berezia bizi ukan zuten, komunitate- ahalegin handi bat obratuz "Song of the Basque 2" ikuskizuna taularatu baitzuten. Lehenengo "Song of the Basque" ikuskizuna 1949an estreinatu zen Boisen eta garrantzitsua izan zen, lehen aldikoz oholtza baten gainean Boiseko euskaldunek, euren kultura, ohidura eta bizimoldeen aurkezpena egin baitzuten heien bizilagun amerikarren aitzinean. Juanita Uberuaga buru, auzolan ederra izan zen Euskal Herritik atera eta AEBetarainoko bidea antzeztu eta jokatzea, euskal kantu, dantza eta kultur moldeak aurkezturik. Aurten, 70 urte geroago, Boiseko euskal komunitateak "Song of the Basque 2" prestatu eta eskaini du, ikuskizuna eguneraturik. Jokolariak, 4 eta 94 urte artekoak ziren. Ikusleen artean, baziren 40, 1949ko ekitaldian parte hartu zutenak eta batek, Ray Mansisidor-ek, orduan eta orain akordeona jo zuen ikuskizuneko parte, agertokian. Zorionak!
IÑAKI JATETXEA
zabaldu berria dute Macachinen. Badira jatetxe gehiago munduan izen hunekin, Buenos Aires berean ere, baina Macachineko Euzko Alkartasuna Hotelaren baitan ireki edo arrazabaldu berri duten honek omenaldi berezia eskaintzen dio Iñaki Unamunori. Gipuzkoako bergararra, bere bizi osoan euskaltzale jokatu duen pertsona da Iñaki Unamuno, sekula dudarik ukan ez duena bere diru pertsonala ere eskuzabal Euskal Etxearen alde emateko. Euskal Etxearen eta euskal kulturaren babesle, pertsona arras maitatua da Macachinen eta La Pampan. Mila esker eta zorionak zuri ere!
BUENOS AIRES, ARGENTINA.
Helduden igandean, maiatzaren 12an, ospatuko dute Buenos Airesen, "Buenos Aires Celebra" ekitaldia Euskal Herriari eskainia (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai). Hiri erdi-erdigunean kokatzen den Avenida de Mayo famatuan, Kabildotik eta Argentinako Presidentearen egoitza den Etxe Larrosatik metro batzuetara, karrika- besta erraldoi hunek Argentina osoko hameka euskal elkarte, dantza talde, musikari, sukaldari, genealogia aditu, kultur zabaltzaile eta abar bilduko ditu eguerditik arratsaldeko 5:30etara, hainbat txosna eta postuetan euskal kulturaren aurkezle bestakari, euskaldunak milaka bisitari ez-euskalduneri aurkezten. Arrakasta onena aurten ere, aroa lagun!
BERRI TXARRAK.
Nafarroako Lekunberriko Berri Txarrak taldeak maiatzaren 17an hasiko du bere azken bira, Estatu Batuetara eta Mexikora, taldea desegin aitzin. Emanaldiak, Oregon-eko Portland-en (17an); Kaliforniako Sacramenton (18an), San Frantziskon (19), Los Angelesen (21an), Fullertonen (22an) eta Spring Valley-n (23an); eta Mexiko Hirian, 25ean. Xehetasunak, Berritxarrak. net-en.