Azalekoa | 2022ko Maiatzaren 19a

Gure bazterrak zainduak izaiteko, neurri beharretan

M.O.

Gure%20bazterrak%20zainduak%20izaiteko_%20neurri%20beharretan

Barnealdean jendea trumilka ibilki da, bazterrak zikinak, funtsak andeatuak, bideak blokeatuak, autoak nonahi aparkatuak... trabak eragiten ditu. Bidarraiko Herriko Etxeak Baztan errekaren kudeaketarako lan bat egin du, Senpereko Saint-Christophe lizeoaren laguntzarekin.

Baztan errekaren testuingurua

Baztan errekak abiapuntua Nafarroan baldin badu, Bidarraitik pasatzen da. Senpereko laborantza lizeoak eraman duen ikerketa, Bernateneko zubitik, Infernuko Zubia artean egin du, hots 2 kilometroko eremuan. Erreka horretara heltzeko bide hertsia da, gune batzuk badira "hondartza" deituak direnak, urrunago bizitegi batzuk badira. Holako gune xoragarriek arrakasta handia dute, pertsona anitz hurbiltzen baita, jendetasunik eza sortuz. Autoak nolanahika aparkatzen dira, pasatu behar diren herritarrak, traktoreak eta sokorriak trabatuz. Egoera kezkagarri horretan, bazterrak zikinak utziak dira, sua pizteko debeku iragarkiak baldin badira ere, kanpamenduak egiten dira, besta gune bilakatuz, poluzioaz gain, harrabotsa eraginez. Jendetza horrek tentsioak sortu ditu, bertako jendeen kontra indarkeria fisiko eta hitz larriak erabiliak izan dira, tarteka jendarmeriak interbentzioak egin behar ukan ditu.

Toki hori joano eta ezagutuago izanez eta ikusiz egoera zein nolakoa den, Bidarraiko Herriko Etxeak pentsatu du kudeaketa bereziaren menpe egon beharko lukeela. Jakiteko ingurumenean kalteak zein izaiten ahal diren, jendeketa horren parean aterabideak lortzeko, saihestuz portaera bortitzak, Senpereko laborantzako lizeoko ikasleeri proiektu gainbegiratua galdetu du.

Erronkak eta helburuak

Ikerketa horren lehen xedea zen, aparkalekuaren araudia ahalbideratzea, jendarte eta segurtasun arazoa uztartzeko asmoarekin. Erabiltzaileek neurriak errespetatzea da helburua, tokiko herritarren eta ibiltzen direnen arteko hautsi-mautsia eta giro lasaia lortzeko gisan.

Bigarren erronka premiatsua, ingurumena da, Baztango biotopoan eta biozenosian izan dezakeen eraginarekin lotua baita. Ekosistema horretan, ezaugarri fisiko eta kimiko zehaztuak aztertuak izan dira. Ekosisteman espezie ohargarriak badaude, hala nola Lutra igaraba, Desman Pirinioetako ugaztun erdi-ureko intsektujalea, Osmoderma eremita kakamarloa eta Cerambyx cerdo kaprikornioa.

Bestalde iratzeak, Vandenboschia especiosa eta Soldanella villosa babestutako landareak, baita erreka ondoan diren oihanak zaindu behar dira. Ur-bazterrak eta errekak azkarki zapalduak izaiteak, florari kalte zuzena eragin diezaioke eta faunari zeharkako kalteak, espeziak fundituz. Lekuan bertan utzitako hondakinen kutsadura zalantzan jartzen ez bada, eguzkitarako kremak gehiegi erabiltzeagatik eta pertsonen hondakinak nonahi izaiteak, uren kutsadura susma daiteke.

Hirugarren erronka ekonomikoa da. Baztan haranak tokiko ekonomia funtzionatzen duten turista anitz erakartzen ditu, batez ere herrian dauden azpiegitura turistikoen bidez: zuhaitzetara igaitea, raftinga eta arrantza. Anitz jende izanez, arrantza praktika trabatua da. Ekonomia atxiki nahi bada, hautsi-mautsia ibiltzen diren guzien artean atzeman beharko da.

Aterabideak atzeman

Sozial, ingurumen eta araudi gaiak direla, Bidarraiko Herriko Etxeari beharrezkoa iduritu zaio bizikidetza baketsua, kudeaketa neurriak eta arau-esparru eraginkorra plantan ezartzea. Gune horretan egiten diren bisita masiboengatik eta naturaren zaintzaren arriskuengatik, hainbat kezka sortu dira, gogoeta baten egitea beharrezkoa zen. Horretarako tokiko herritarrak kontsultatzea erabaki da. Bertan bizi direnak inplikatzea eta heien onespena ukaitea beharrezkoa zen, aterabide iraunkor baten lortzeko.

Baztango frekuentziak bere ekosisteman izan ditzakeen eragin negatiboeri buruzko ezagutza hobetzea lagundu du. Oraindik ez da azterketarik egin, luzara frogatzeko kalteak zein-nolakoak izaiten ahal diren, Herriko Etxeari beharrezkoa iruditu zaio, kudeaketarako neurriak bideratzea.

Proiektuaren lehen urratsa

Helburuak adostuak zirela, Herriko Etxeak eta Saint-Christophe eskolako ikasleek pentsatu neurrieri buruz beren iritzia eman dezaten, Baztango errekaren inguruan auzoan bizi diren jendeen gana joan dira. Erantzun guziak eskuratu eta, txosten bat egina izan da. Aparkaleku baten egitea edo Baztaneko sarrera arrunt blokeatzea baztertuak izan dira. Erabiltzaileen sentsibilizazioari buruzko lan baten egiteak adostasuna lortua izanez, Herriko Etxearen ardura gauzatzea izan da. Horretarako pankarta pedagogikoak eta esku-orriak eginak izan dira. Kanaldudek bizpalau minutuko bideoa ekoiztu du, Kanalduden eta TVPI telebistan agertuko dena. Publiko zabal bati begira, pedagogia eta sentsibilizazio funtzioa izan nahi du.

Uraren kalitateari buruz lanketa eramana izan da. Hautatu hiru ur-estaziotan Baztango errekako uraren makrofauna bildu, identifikatu eta aztertu ondoan, igeriketak sortutako kutsadurak eta funtsa ezberdinen uraren kalitatean eragina duen ala ez jakin nahi ukan dute. Lizeoak bereziki urari buruz egin dituen azterketak, berantago berriz eginen ditu, emaitza fidagarriak agertzeko.

Denak ongi kudeatuak izaiteko, Herriko Etxeak lanpostu bat sortu du. Yves Etchegaray ahatsarra uztail eta agorrilean lanean ariko da. Hurbilduko direneri gune horren garrantzia azalduko du, bai eta zaintza lana eramanen du.

Ondoko urratsak

Gune horretan Herriko Etxearen esku bada parte publikoa, gune batzuk jabetza pribatuan izanez, tokiko herritarrek elkartea sortu dute. Uda huntan gauzak hobetuko diren laster jakinen da.

Herri auzoekin ere gogoetak badira, bai eta Euskal Elkargoarekin, bereziki mendiaz eta turismoaz arduratzen diren hautetsiekin. Ipar Euskal Herri barnealdeko gunetan, araudiak eta antolaketa nola kudeatu beharrezkoa izanen da.

Hasieran erran bezala gure bazterrek arrakasta handia dute, laster jakiten dira toki aproposak nun dauden. Horiek guziek ondorioa badute, bizi eta lan egiten duten herritarrek egunerokotasunean jenatuak izaiten ahal dira eta ingurumenarentzat luzara kalteak ekartzen ahal lituzke. Tokiko instituzioek ondoko egun eta hilabetetan, egin-beharretan ukanen duten ardura izanen da. Gogoetak abiatuak dira "Erreserba natural" gune batzuk izan daitezen. Eskualde batzuetan "Espazio naturalen kontserbatorioa" muntatzeko xedea bada. Ingurumena babesteko elkarteak dira, biodibertsitatearen eta natura-guneen kudeaketan eta zaitzan parte hartzen dutenak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3642. zbk

Gure Hitza | 2022/05/19

Malko guzietan esperantza atxikitzen da

Menane Oxandabaratz

Aldi bat gehiago emazteek jasaiten dituzten erasoak aktualitatean aipagai dira. Astekari huntan berean, Baigorriko berriemaileak jakinarazi du Nafarroaren Egunean neska batek eraso sexista jasan zuela. Hori irakurtzean, inarrosaldia emaiten du, jakitea "gure euskal bestetan" ere holakoak gertatzen ahal direla.

Lehen aldiz, Patrick Poivre d'Arvor kazetari ezagunaren kontra, hogei emaztek elkarrekin eta publikoki, honenganik jasan sexu jazarpenak eta bortxaketak salatu dituzte. Emazte hauen ausartzia txalotzekoa da, pentsatzekoa baita ez dela errexa publikoki holako lekukotasun baten emaitea. Agerpen horren egitea behartuak sentitu dira, horien artean 16ek pleinta pausatua dutela, orain arte justiziak ez baitu ezer egin. Gizon hunen jarrera jakina zen, baina ospe eta eragin handikoa izanez, gauzak isiltasunean atxikiak izan dira. Maluruski ez da lehen aldia, jauntto batzuk jendartean duten botereaz baliatzen direla, emazteaz...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016