Orotarik | 2022ko Maiatzaren 19a
Buenos Aires-eko Iparraldeko Euskal Etxeaz agertu obra berria
Monika Legarto Euskal Argentina
Buenos Aires-en dagon Iparraldeko Euskal Etxe edo Centro Vasco Frances-eko idazkaria den Norma RIOS-ek agertu duen liburua dugu hemen aipagai. Moreno karrikan dagoen Euskal Etxea 1895ean eraiki zuten eta obra honetan 1895etik eta 1945 arte kide izan diren guziak urtez urte sailkatu ditu.
Kideen etorbidea
Orotara, mende erdia dirauen garai horretan, Euskal Etxeak 1792 kide ukan zituen, horietarik 565 Euskal Herrian sortuak. Alabainan, oste handienean Argentinara emigratu ziren ipar euskaldunak 1821-1852 urteetan sortuak ziren. Hauen haur eta arrahaurrak dira beraz zerrenda honetan gehien agertzen direnak. Euskal Herrian sortutakoei gatzaizkie interesatuko idazlan honetan. Probintziaka holaxe banatzen ziren: Baxe Nafartarrak: 203; Lapurtarrak: 167; Zuberotarrak: 169; Hegoaldekoak: 12. Besteak (Biarnes edo Frantses): 28.
Banaketa hau Iparraldeko emigrazioaren idurikoa da orokorki: Baxe Nafarroa izan da Uruguai eta Argentinara emigrante gehien igorri duen probintzia, Lapurdi bigarren eta Zuberoa hirugarren.
Kideen bizibidea
Euskal Etxea Buenos Aires hiri erdi erdian dagonez geroz, kide gehienek lanbide urbanoak zauzkaten, hala nola: komertsantak: 265, enplegatuak: 102, laborariak: 87, erretretariak: 35, esku langile eta industrialak: 31, ofizio liberalak: 20, ikasleak: 20, larrugintza: 5, besteak: 14.
Banaketa hau ez da Iparraldetik joan emigrantek zaukaten bizibideen araberakoa zeren eta, orokorki, Argentinara joan zirenak baitziren laborariak (%40), peon eta enplegatuak (%21), larrugintzan (%11) eta komertsantak (%6).
Kide izaiteko irizpideak
Dokumentuen arabera kide izateko irizpideak emeki-emeki aldatu ziren. Kidetzat onartuak ziren:
1903tik goiti, Iparraldean sortutako gizonak eta aita Iparraldekoa zuten semeak. 1906tik goiti, gehitzen zaizkie aita edo ama Iparraldekoa zuten semen semeak, haatik azken kasuan aitak frantsesa edo frantses seme izan behar zuen.
Araudi hauen arabera gizonezkoak bakarrik ziren haizu. Emazteek ez zuten kide izaiteko eskubiderik. 1955eko ekainez, Euskal Etxeak 60 urte ospatu zituelarik, araudiak aldatu zituzten eta emaztekiak kidetzat onartu. Norma Rios-ek dio bereizkuntza honek Euskal Etxeari urtetan kalte egin ziola zeren eta aita euskalduna ez zuten haurrek Euskal Etxetik eta ingurumen euskaldunekin kanpo behar ukan baitzuten beren bizi soziala eraman, ama euskalduna izanikan ere.
Kide aipatuenak
Jean Apheza (Domintxine 1846-Buenos Aires 1921)
Behaskanen bizi zen Guillaume anaiarekin emigrazio sarea Iparraldea eta Buenos Aires-en artean antolatu zuen. Guillaume Aphezaren artxiboen emaitzak Euskal Kultur Erakundearen webgunean aurki daitezke.
Martin Errecaborde (Zalgize 1838- Buenos Aires 1917)
Iparraldeko Euskal Etxearen baita ere Lavallol-eko Euskal Etxearen sortzaileetarik bat izan zen eta azken honen lehen presidentea. Oso euskaltzalea zen. Gasna eta esneguri enpresa handien jabe zen eta sormen handiko gizon baten fama zaukan argentinar industriagintzan.
Jean Pierre Passicot (Donibane Lohizune 1860-Baiona 1937)
Iparraldeko Euskal Etxearen sortzaileetarik izan zen eta lehen presidentea. Euskal kulturari biziki atxikia zen eta batez ere euskarari. Filantropo handiaren fama zaukan munduko lehen gerla eta 1913an Errobiko urgainditzetarik landa lapurtarrei igorri zien diru laguntzagatik.
Frantziarenganik Chevalier eta Officier de la Légion d'Honneur sariak eskuratu zituen. Baionan auto istripuz hil zen 1937an eta bere gorputza Buenos Aires-en datza ehortzirik.
Michel Iriart (Ahatsa 1885-Buenos Aires 1967)
Ofizioz kazetaria, Buenos Aires-eko Havas agentziaren zuzendaria baita ere euskara, frantses eta espainolez idatzitako "Aritza" hilabetekariarena. Baionako Euskaltzaindiaren kide egon zen.
Egin lanaren sari, Frantziak Légion d'honneur eta Palmes Académiques delakoak eskaini zizkion.
Juan Labat (Buenos Aires 1912-Buenos Aires 2002)
Haur haurretik pilotari lotu zitzaion aita Euskal Etxeko kantxa-zaina zelako. Argentinar pilotari handienetarik izan da, lehen bost munduko txapelketetan parte hartu zuen eta zazpi urrezko medaila irabazi. Argentinar pilota federazioan aktiboki parte hartu zuen. Ofizioz teknika erakaslea zen.
Liburu honen sar-hitzan, Mikel Ezkerro, euskal argentinar historialari eta euskaltzale ezagunak dio Argentinako euskaldunek Euskal Herriarentzat duten atxikimendua indartsua dela. Bainan maitasun iraunkor honi ezagutza eta jakitatea eratxiki behar zaizkiola, hau dela hain zuzen ere Norma RIOS-en obraren eginbidea.
















